euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Zerbitzu-sektorean, kooperatibek dute CO2-emisioak murrizteko ekimen handiena

EAEko zerbitzuetako kooperatibek ingurumen-inpaktua murrizteko zer berrikuntza egiten duten aztertu dute EHUko Ekonomia eta Enpresako Fakultatean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/04/28

Josu Santos Larrazabal, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Finantza Ekonomia II Saileko irakaslea, eta Jorge Gutiérrez Goiria, sail bereko irakaslea eta EHUko Hegoa Institutuko kidea
Josu Santos Larrazabal, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Finantza Ekonomia II Saileko irakaslea, eta Jorge Gutiérrez Goiria, sail bereko irakaslea eta EHUko Hegoa Institutuko kidea | Argazkia: Fernando Gómez

Eustaten Berrikuntza Inkestako datuak aztertuta, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaile Josu Santos Larrazabalek eta Jorge Gutiérrez Goiriak ondorioztatu dute zergak, dirulaguntzak eta kontratazio publikoa direla ekoberrikuntza bultzatzeko tresnarik eraginkorrenak. Kooperatibek paper garrantzitsua izan dezakete gobernuek bakarrik sustatzen ez dituzten ekoberrikuntzak garatzeko, hala nola CO2 emisioen murrizketa.

Europar Batzordeak eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) nabarmendu dute ekoberrikuntzak garrantzi estrategiko eta politikoa duela enpresentzat. Ingurumen-inpaktuak murrizten dituzten berrikuntzak dira ekoberrikuntzak, eta funtsezkoak dira garapen jasangarria sustatzeko. Enpresen helburu ekonomikoak bultzatzeko eta ingurumenari kalte gutxiago egiteko praktika teknologikoak eta aurrerapenak biltzen dituzte, esate baterako, ur-eta energia-kontsumoak murriztea, gutxiago kutsatzea, birziklatzeko aukerak handitzea, etab.

Orain arte, oso gutxi ikertu da zerbitzu-sektoreak ekoberrikuntzarekin duen loturaren inguruan, nahiz eta 2025ean, Europar Batasunean, zerbitzu-sektoreak BPGaren eta enpleguaren % 70 eragin duen. Hutsune horri erantzuteko, Josu Santos Larrazabal eta Jorge Gutiérrez Goiria EHUko ikertzaileek aztertu dute EAEko zerbitzuen sektoreko kooperatibek ekoberrikuntza nola sustatzen duten eta zer muga dituzten. Euskadiko kooperatibak izan dituzte aztergai. Haien artean, Mondragon Korporaziokoak daude (munduko kooperatiba-talde handienetako bat da, hainbat sektoretako 81 kooperatiba biltzen ditu, eta 70.000 langiletik gora). “Kooperatibak enpresa konbentzionalak baino urriagoak diren arren, kooperatiben ekarpen ekonomiko eta soziala handia da, bereziki zerbitzu-sektore nagusietan; adibidez, finantzen eta banaketaren arloan”, adierazi dute EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasleek.

Euskal Estatistika Erakundearen, Eustaten 2022ko Berrikuntza Inkesta hartu dute oinarritzat, enpresa-mota horretan ekoberrikuntzak zer onura eragiten dituen, zeri esker sustatzen dituzten eta zer muga dituzten jakiteko, eta datu horiek kooperatiboak ez diren beste zerbitzu-enpresekin alderatzeko. “Guztira, 2.468 zerbitzu-establezimenduk bete zuten berrikuntzari buruzko inkesta; horietatik 154 kooperatiba dira. Ekoberrikuntzaren bat lortu dutela diotenak 895 izan dira, eta horietatik 83, kooperatibak”, azaldu du Gutierrezek.

Ekoberrikuntza sustatzeko, enpresa-antolamenduaren eta sektorearen araberako neurriak

Ikerketa honek informazio erabilgarria emango die arduradun politikoei enpresetan ekoberrikuntzak ezartzeko politikak hobetzeko. Izan ere, ikertzaileek ikusi dute industria-sektoreko enpresek eta zerbitzu-sektoreko enpresek joera desberdina dutela ekoberrikuntzari dagokionez; baita kooperatibek eta kooperatiba ez diren enpresek ere. Horrenbestez, pizgarri-politika desberdinak erabili beharko liratekeela iradoki dute.

Emaitzen arabera, “kooperatibek joera handiagoa dute ekoberrikuntza aplikatzeko, bereziki CO2-a murrizteari eta azken erabiltzaileari birziklatzeko aukera emateari dagokienez —diote bi doktoreek—. Baina, bestalde, berrikuntza gutxiago aplikatzen dute kapital handia inbertitu beharra dagoen alderdietan, hala nola biodibertsitatearen kontserbazioarekin eta produktuen bizitza erabilgarria luzatzearekin lotutako ekoberrikuntzetan”.

Datuek agerian utzi dute ingurumen-zergak, dirulaguntzak eta kontratazio publikoa direla ekoberrikuntzaren sustatzailerik eraginkorrenak, eta, aldiz, gaur egungo araudiak eragin mugatua duela. Ikertzaileek diote kooperatiben barne-motibazioak (adibidez, konpromiso boluntarioak eta kostuak aurreztea) ez daudela lotuta ekoberrikuntzarekin: “Ikusi dugu borondatez hartzen diren neurriak ez direla garrantzitsuak. Espero genuen ekoberrikuntzak aplikatzeko borondate nabarmenagoa izango zutela kooperatibek, beren izaeragatik, baina ikusi dugu bultzatzaileak ez direla horrenbeste barne-bultzatzaileak, baizik eta kanpotik etortzen direnak: oro har, aurrerapen teknologikoak, merkatuak eta gobernuak”, azaldu du Santosek.

Kooperatibek paper garrantzitsua izan dezakete erakunde publikoentzat bultzatzeko zailak diren ekoberrikuntzak bultzatzeko. Ikerketa honek informazio baliagarria ematen du zerbitzuetan oinarritutako ekonomietan berrikuntza jasangarria sustatzen laguntzeko: “Kooperatibek funtzio estrategikoa dute. Arduradun politikoek neurri egokituak jarri beharko lituzkete martxan kooperatibek CO2-a murrizteko duten potentziala baliatzeko eta oztopoak gainditzeko; izan ere, hori da ekoberrikuntzarekin lotuta gobernuek duten ahulezia nagusia”.

Informazio osagarria

Jorge Gutiérrez Goiria EHUko Ekonomia Aplikatua Saileko irakaslea eta Hegoa Institutuko kidea da; eskolak ematen ditu Ekonomia Sozial eta Solidarioa Masterrean.

Josu Santos Larrazabal EHUko Finantza Ekonomia II (Enpresa Ekonomia eta Merkaturatzea) Saileko irakaslea, eta eskolak ematen ditu Enpresa Zuzendaritza Berrikuntzaren eta Internazionalizazioaren Ikuspegitik Masterrean.

 

Erreferentzia bibliografikoa