Info_presentación

Aurkezpena

Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa sailaren egoitza Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean kokatuta dago. Baina sailari atxikitako irakaskuntza eta, beraz, irakasleak hiru campusetan eta ia ikastetxe guztietan hedatuta daude. Izan ere, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa sailari atxikitako irakaskuntzaren bereizgarria da hizkuntza-prestakuntza eskaintzea mota guztietako titulazioetako ikasleei (hizkuntzalariak edo filologoak izango ez direnei bereziki). Zehazkiago, irakaskuntza-jarduera horrek alor akademiko-profesionalean egokiro komunikatzeko gaitasunak garatzea du xede nagusia. Diziplina anitzeko eta diziplinetan zeharreko jarduera akademikoa da beraz.

Hiru motatako irakasgaiak bereiz daitezke Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa sailari atxikitakoen artean:

  1. Euskara Teknikoa (eta Euskara Juridikoa) izena daramaten hautazko irakasgaiak, titulazio guztien ikasketa-planetan ezarrita direnak.
  2. Komunikazio Zientzietan eskaintzen diren hizkuntza irakasgai enborrezkoak eta literatura irakasgai hautazkoak
  3. Nazioarteko Harremanetarako Errektoreordetzak ikasle bisitariei eskaintzen dizkien euskara-irakasgaiak.


Lizentziatura eta diplomatura desberdinetan eskaintzen diren irakasgai hauetaz aparte, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa sailak bi masterren antolakuntzan eta garpenean hartzen du parte egun:

  • Euskarazko komunikazioa eta hizkuntza gutxituak (unibertsitateko masterra).
  • Hizkuntzaren azterketa eta prozesamendua doktoretzadun masterra (unibertsitateko masterra eta doktoregoa).


Europako Unibertsitate Eremura egokitzeko prozesuari begira, aipatu beharrekoa da 2007 urtean onarturiko Euskara Plan Gidarian arautzen dela gradu berrietarako osatuko diren ikasketa-plan berrietan bi hautazko irakasgai eskainiko direla seina kreditu izango dutenak, eta Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Sailari atxiki zaizkiola irakasgai horiek:

  •    Euskararen araua eta erabilera (6 kred.)
    Titulazio guztien ikasketa-planetan eskainiko da
  •     Komunikazioa euskaraz  (6 kred.) 
    Titulazio guztietan eskainiko da, baina alorrez alor egokituko da. Hona hemen sailak garatutako katalogoan agertzen diren irakasgaiak, ikasketa-plan desberdinetan ezarriko direnak.
    •     Komunikazioa euskaraz: arkitektura eta ingeniaritza
    •     Komunikazioa euskaraz: arteak
    •     Komunikazioa euskaraz: ekonomia, enpresa eta lan-harremanak
    •     Komunikazioa euskaraz: giza eta gizarte-zientziak
    •     Komunikazioa euskaraz: hezkuntza eta gizarte arloak
    •     Komunikazioa euskaraz: jarduera fisikoa eta kirola
    •     Komunikazioa euskaraz: zientzia eta teknologia
    •     Komunikazioa euskaraz: osasuna
    •     Komunikazioa euskaraz: zuzenbide arloa
    •     Komunikazioa euskaraz: estrategia linguistikoak

EHUren hizkuntza-plangintzarekin zuzenean lotutako irakasgai hauek ez ezik, zenbait irakasgai onartu dira Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Sailari atxikita Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean proposatu diren komunikazio alorreko graduko titulazioetan: Hizkuntzaren erabilerak komunikabideetan eta Idatzizko adierazpena komunikabideetan.

Aipaturiko irakaskuntza-jarduerarekin lotuta, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Sailaren funtsezko ikerkuntza Hizkuntzalaritza Aplikatuan kokatzen da. Lau ildo nagusi bereiz daitezke ikerketa-alor honen barruan:

  1.     Diskurtso akademiko-profesionala eta terminologia
  2.     Komunikazio akademiko-profesionalaren didaktika
  3.     Euskararen normalizazioa eta garapen lexiko-diskurtsiboa
  4.     Hizkuntzaren azterketa eta prozesamendu automatikoa


Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Sailak bestelako diziplinetako irakasleei zuzendutako hainbat ekimenetan hartzen du parte:

  • Irakasleen Prestakuntza Linguistikorako Tailerrak aurrera eramaten ditu hainbat ikastetxetan. Tailer hauek Euskara Errektoreordetzak arautu ditu 2007 urtean onartu den Euskara Pan Gidarian, eta esperientzia pilotu batzuk jarri dira abian 2008-2009 ikasturte honetan Arabako Farmazia Fakultatean eta Irakasleen Unibertsitate Eskolan eta, bestalde,  Bizkaiko Enpresa Ikasketetako Unibertsitate Eskolan eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan. Tailer hauen helburua ikastaro batzuetatik harantzago doa: euskara akademiko-profesionalaren garapen lexiko-diskurtsiboa azkartzea helburu izango duten sare sozialak sortzea eta irakasleak sare horietan integratzea da tailerren helburua.
  • SAE-HELAZek abian jarri ditu diziplina guztietako eta hizkuntza-profil guztietako irakasleei zuzendutako tailer batzuk, titulazio desberdinetako irakaskuntza-planetan komunikazio-gaitasunak txertatzeko helburuari begira irakasleengan gogoeta sustatu nahi dutenak. Tailer hauen diseinua eta garapena Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko zenbait irakasleren eskuetan egon da eta zenbait esperientzia eraman dira aurrera: 2008ko ekainean Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta irailean lau tailer (bi Bizkaiko campusean eta bana Arabako eta Gipuzkoako campusetan).