Eduki publikatzailea

Punta Begoña Galeriak deskubritzen

<strong>Getxoko Udalak bisita tanda berria ireki du eraikin honetara UPV/EHUk bertan egindako ikerketakezagutzera emateko.</strong>

Irudia

Martxoaren 24an, Getxoko Punta Begoña Galeriek berriro zabalduko dituzte ateak urriaren amaierara arte. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak 2015ean egindako ikerketa eta berreskuratze lanei esker, galerien eremu berriak ezagut daitezke, eta balioa emateko prozesuaren barruan zer jarduketa egingo diren jakin ahal izango da.

Getxoko Punta Begoña Galeriak XX. mendeko hasieran eraiki ziren, eta Bizkaiko zein Euskadiko eraikinik adierazgarrienetako bat dira, daukaten erabilera eta kokapen bereziagatik eta eraikitzean erabili zen teknologiagatik. Hori dela eta, gaur egun degradatu xamar daudela ikusirik, Getxoko Udalak asmo handiko proiektu bat bultzatzea erabaki zuen. Proiektuan Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen dute, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea da proposatzen diren jarduketak zuzentzeko eta aholkuak emateko organoa.

UPV/EHUko Juanma Madariaga ikertzaile nagusiak azaldu duenez, hauxe da proiektuaren helburua: "galeriak berreskuratzea eta balioa ematea, edonori irekita eta herritarren zerbitzura dagoen ikerketa eta exekuzio prozesu baten bidez". Proiektua abiatzeko, Getxoko Udalak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuten 2014ko urriaren 13an.

"Galeriei balioa emateko, garai bateko eta gaur egungo galeriak nolakoak diren aztertu dugu, zer izan nahi duten galdetzeko", adierazi du Urko Balziskuetak, Getxoko Udaleko arkitektoak. "Ikuspegia aldatu egin da: barnealdetik esku hartzea erabaki da, eraikinaren balioa aintzat hartuz hausnartuz", gehitu du.

   

   

Lehen hiru urteetan, 2013tik 2015era, eraikinaren egoera diagnostikatzen aritu ziren batik bat, eta inguru fisiko nahiz soziokulturalarekin nolako harremana zuen aztertzen. Gaur egun, proiektua bigarren hirurtekoan dago (2016 - 2018), eta orain jarduketak antolatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema bat ezartzeko lanei ekin diete; sistema horrek bat etorri behar du galerien ezaugarri zehatzekin, eta helburua behar bezala eta modu eraginkorrean lortzen lagunduko du. Gainera, Juanma Madariagaren esanetan, "lehen fasean berehala abiatu beharreko lanak egin genituen, eta orain, berriz, balio katea sortzeko erronkari eutsi diogu. Ikertu egin behar dugu, pertsona jakin batzuei ikerketa horri buruzko trebakuntza eman eta, gero, herritarrei lortutako ezagutzak helarazi, proiektu hau eurena dela ikusi behar dutelako".

Kolaborazio interdiziplinarra

Getxoko Udaleko Urko Balziskuetak galerien inguruko lanak gidatu behar dituzten balio nagusiak azpimarratu ditu. "Gure metodologia bat dator Krakoviako Gutunarekin eta UNESCOren ildoekin. Gainera, ez dugu ahaztu behar diziplinarteko lana, hala UPV/EHUren barrukoa nola unibertsitatearen eta Getxoko Udalaren artekoa, eta ezin ukatuzkoa da proiektuaren hezkuntza balioa: doktoregaiek eta masterreko ikasleek leku horretan egin ditzakete ikerketak, eta leku horretatik ikas dezakete".

Bestalde, nabarmentzekoa da nola ari den zabaltzen lan horri buruzko informazioa: nahi duenak galeriak ezagutu, baloratu eta ikus ditzake, bai eta bertan esku hartu ere. Berrikuntzari ere garrantzia eman diote proiektuan: proposaturiko zenbait alderdi, alderdiok gauzatzeko moduak eta ikerketak, adibidez, ondarean esku hartzeko era berriak eta aztertu gabeak dira. Azkenik, gizartearenganako transferentzia lanaren beste ardatzetako bat da. "Galeriak biziberritzeko proiektuan lortutako ezagutzen bidez, etorkizunean arazoak konpontzeko tresnak lortzen ari gara", azaldu du Juanma Madariagak. "Konponbide horiek, galerietan bertan ez ezik, XX. mendearen lehen erdian eraikitako hiri guztietako zabalguneetan aplika daitezke".

Eta, beste ezeren gainetik, Punta Begoña Galeriei esker gune barneratzaile bat sortuko da, herritarrek bere egin ahalko dutena; era berean, Getxoko, Bizkaiko eta Euskadiko berrikuntza, kultura eta baliabide naturalak transmititzeko lekua ere izango da.

Punta Begoña Galeriak ikertzeko eta abiatzeko proiektua jendeari irekita eta herritarren zerbitzura dago. Lanaren ardatz nagusietako bat gizartearen partaidetza da, eta hainbat sozializazio ekintza gauzatu dira horri begira: besteak beste, herritarrek parte hartzeko ekitaldiak egin dira datuak biltzeko (Punta Begoñarekin lotutako lekuak eta ondare ondasunak identifikatzeko), galeriekin zerikusia duten alderdiei buruzko dokumentalak eman dira, topaketak, jardunaldiak eta erakusketak antolatu dira egindako azterlanen eta lortutako ezagutzen berri emateko…

UPV/EHUko bost ikertalde dabiltza proiektuan: Ingurumeneko Kimika Analitikoa Taldea (IBeA), Hidrogeologia, Geoteknia eta Ingurumena Taldea (HGI), Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldea (GPAC), UNESCOren Cultural Landscape and Heritage UPV/EHU katedra, eta Arte Ederren Fakultateko Kultura Ondareen Zaintza eta Zaharberritzeari buruzko Taldea.

Bisitak martxoaren 24tik hasita

Galerietako bisita gidatuetan (martxoaren 24an hasiko dira), proiektuan diharduten UPV/EHUko ikertaldeek 2015ean egindako aurrerapausoak erakutsiko dira. Bisita horietan, batez ere, galeriak eraikitzeko erabilitako materialak identifikatuko dira, garrantzitsua baita materialok ondo ezagutzea galeria berriak egiteko. Horrez gain, eraikinaren egonkortasuna eta kalteak ere aztertuko dira, eta galeriak biziberritzeko prozesuan aurreikusi diren jarduketak azalduko dira. Gune berriak bisitatu ahalko dira, eta UPH/EHUko ikertzaileek eraikinean aurkitu dituzten arazoak deskribatuko dira; halaber, kausak detektatzeko, kalteak zenbaterainokoak izan diren ebaluatzeko eta neurri zuzentzaileak proposatzeko zer metodologia erabili diren ere azalduko da.

Iaz bezala, bisitetan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da Getxoko Udalaren webgunearen bidez (www.getxo.eus) edo Turismo Bulegoaren telefono zenbakira deituta (94 491 08 00). Bisitak doakoak dira eta 20 pertsonara arteko taldeetan egin ahalko dira, asteartetik igandera bitartean, euskaraz edo gaztelaniaz eta hainbat ordutegitan. Getxoko Udalak aplikazio erraz bat sortu du bisitak zer ordu, egun eta hizkuntzatan egin daitezkeen jakiteko eta izena emateko (udalaren webgunean eskura daiteke). Joan den martxoaren 3tik aurrera eman daiteke izena, eta, hil bakoitzean taldeak osatuz doazen heinean, talde gehiago gehituko dira hurrengo hilabeteetarako, urrira arte.