Ekonomia sozialari buruzko gradu amaierako lan onenentzako ESSI sariak
Lehenengo argitaratze data: 2025/11/19
UPV/EHUko Ekonomia Sozial eta Solidarioko ESSI Gelak 2024-2025 ikasturteko ESSI Sariak eman ditu, Ekonomia Sozialarekin, Ekonomia Solidarioarekin eta Zuzenbide Kooperatiboarekin lotutako Gradu Amaierako Lanak saritzeko. Ekimenaren helburua da Gipuzkoako Campuseko ikasleen ikerketa bultzatzea, Zientzia- eta Gizarte-Garapeneko eta Transferentziako Errektoreordetzaren laguntzarekin.
Epaimahaiak, Xuban Díez, Aitziber Etxezarreta eta Jon Morandeira kide zituela, bi lan saritzea erabaki zuen, biak ere 500 euroko sariarekin. Honako hauek izan dira saritutakoak:
“Análisis sobre el emprendimiento cooperativista en la Comunidad Autónoma Vasca y sus elementos diferenciadores”, egilea: Leire Marticorena Irigaray.
“Gizarte ekonomiaren eragina EAEn: emakume, gazte eta iraupen luzeko langabeen enplegagarritasuna ardatz”, egilea: Dara García Sacristán.
Bi lanek, gainera, ekonomia sozialarekin lotura estua duten ibilbideak islatzen dituzte. Leire Marticorena bere garaian IkasIker bekaren onuraduna izan zen, Eusko Jaurlaritzak finantzatua, eta kooperatibismoari eta ekintzailetzari buruzko txostena lantzen parte hartu zuen, Kooperatiben Kontseiluak Gezkiri egindako mandatuaren barruan. Bestalde, Dara García Sacristánek bere praktikak OVES–GEEBen, Ekonomia Sozialaren Euskal Behatokian, egin zituen, eremu honetako prestakuntza sendotuz.
Saria azaroaren 7an banatu zen, “Ekonomia justua ekimen komunitarioetatik” jardunaldiaren amaieran, non Guatemalako AFEDES erakundeko emakume ekintzaileak izan ziren gonbidatu. Ekitaldi horretan, ESSI Gelaren aurkezpenaren baitan, Leire Marticorenak bere saria jaso ahal izan zuen, nahiz eta Dara García ezin izan zen bertaratu. Topaketak aukera eman zuen, gainera, saritutako lanak ekonomia komunitario eta feministaren nazioarteko esperientziekin lotzeko.