Informazio orokorra
GLOBAL TRAINING programaren edukia eta ezaugarriak
1. Planteamendua
Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia (SPRI), Basque Trade & Investment eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasuna eta Ingurumen Sailak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan (beste erakunde kudeatzaile batzuen artean), Europan zein mundu osoan sortzen ari diren errealitate berriei eta etorkizuneko erronkei irtenbide eraginkorrak eman nahian, atzerrian praktikak egiteko "Global Training" izeneko beka-programa jarri du martxan. Programa horren bidez, EAEko gazteak atzerrira irten daitezen bultzatu nahi da, beren ezaugarri akademikoekin eta profesionalekin lotutako jarduerak eta proiektuak egin ditzaten atzerriko enpresetan/erakundeetan (6 hilabete), aldez aurretik planifikatutako prestakuntza praktikoko plan baten barruan.
2. Global Training programaren helburuak
- Gazteen nazioartekotzea bultzatzea, jarduera profesional batekin zuzenean lotutako praktikak eginez atzerrian.
- Kohesio ekonomikoa eta soziala bultzatzea, eragile desberdinen arteko lankidetzaren bidez, eta gaztearen zein enpresa hartzailearen onura bilatzea.
- Nazioarteko ikasketa praktikoaren zeregina indartzea, herritartasuna, ezagutza, kultur arteko elkarrizketa eta beste herri eta kultura batzuetara irekitzea bultzatzen dituelako.
3. Parte-hartzaileak
«Global Training» bekak eskuratzeko interesa dutenek honako baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte:
a) Europar Batasuneko estatu kideren bateko nazionalitatea izatea.
b) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea ireki aurreko 12 hilabetetik gorako antzinatasunarekin, edo aurreko 10 urteetan 5 urte jarraituko antzinatasunarekin.
c) Graduko unibertsitate-titulua edo Goi Mailako Lanbide Heziketa. Atzerrian lortutako tituluak onartuko dira, baldin eta agintaritza eskudunak emandako homologazioarekin edo baliokidetasunarekin batera badatoz.
d) Praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzea.
e) 2025eko urtarrilaren 1ean 30 urte beteta ez izatea.
f) Praktikaren destinoa edozein dela ere, ingelesa menderatzen dutela egiaztatu beharko dute, eta gutxienez B2 maila eskatuko zaie graduko unibertsitate-titulazio ofizialak dituztenei, eta B1 maila Goi Mailako Lanbide Heziketa Ofizialari.
g) Beka onartzen den unean eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen gaixotasunik ez izatea edo beka behar bezala garatzea eragozten duen muga fisiko edo psikikorik ez izatea.
h) Antzeko prestakuntza-helburua duten unibertsitateko tituludunentzako laguntza edo beka hauen edo beste batzuen onuradun ez izatea, baldin eta haien ibilbidean aukera eman badute atzerrian praktikak egiteko, 6 hilabetez edo gehiagoz nazioarteko enpresa edo erakundeetan. Zehazki, beka hauez baliatzeko, bateraezina da Global Training beken, BEINT beken, ICEXen edo beste administrazio autonomiko batzuen beken, merkataritza-ganberen, EBko merkataritza-sustapeneko erakundeen eta antzeko beste erakunde batzuen onuradun izatea.
i) Global Training praktika garatuko den enpresan edo erakundean lan egin ez izana edo praktikarik egin ez izana.
j) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
k) Ezin izango dute parte hartu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden eskatzaileek, ez eta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera.
l) Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Arautzen duen 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak.
4. Hautaketa egiteko irizpideak:
Izangaia praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzen dela egiaztatzeko, Hautaketa Epaimahaiari elkarrizketa egingo zaio, eta hark baloratuko du.
- Atzerriko enpresa hartzailean egin beharreko lanerako profil profesional egokia.
- Atzerriko enpresa hartzaileak garatzen duen jarduera-esparruan prestakuntza espezifikoa izatea.
- Bekaduna hartuko duen herrialdeko hizkuntza edo enpresa hartzailearen lan-hizkuntza ezagutzea.
- Programarako eta eskainitako jardueretarako motibazio-faktoreak.
5. Beken ezaugarriak
5.1. IRAUPENA
- Beken gutxieneko iraupena 6 hilabetetakoa da.
- Enpresak luzatuko ahal du bekadunaren egonaldia beste 1 eta 6 hil gehiagotan, bekadunaren eginarekin gustura bada, luzapen hori web gunean argitara emandako eskaintza bakoitzean ezarritako baldintzekin bat etorrita eginen delarik. Enpresa guztiek ez dute erabakitzen egonaldia luzatzea (kasuan kasu egingo dute). Enpresaren erabakia da luzapenaren aukeraz baliatzea.
- Bekaren hasieran bi astetako derrigorrezko eta AURREZ AURREKO prestakuntza saioa emango da, hautatutako pertsonei eskainiko zaie helburuko enpresara joan aurretik.
5.2. ORDUTEGIA
- Praktikak irauten duen bitartean, bekadunaren ordutegia eta lan-egutegia enpresa edo erakunde laguntzailearenera egokituko dira, eta astean gehienez 40 ordu ezarriko dira.
- Praktiketan den bekariak ez du ezelako lan harremanik izango enpresarekin eta, horregatik, ez da lan kontraturik formalizatuko alde bien artean praktika aldiak dirauen bitartean. Praktika aldia amaitu baino lehen lan harremana ezarri nahi bada, praktiketan den bekadunak uko egin beharko dio espresuki Global Training programa aplikatzeari eta berori idatziz jakinarazi beharko dio UPV/EHUri, enpresak ere ontzat eman ondoren.
5.3. BEKEN EKONOMI EKARPENA ETA ASEGURUAK
Lehenengo 6 hiletan zehar:
- Beka bakoitzak lehenengo 6 hiletan izango duen ekonomi ekarpena 1.635 eurotakoa (gordina) izango da hilean eta Euskal Gobernuaren industri sailaren eta programa hau finantzatzen duten euskal erakundeen konturakoak izango dira. Lehenengo 6 hiletan zehar, praktiketako bekariak ez du enpresaren edo erakunde anfitrioiaren ezelako ekonomi ordain gehigarririk jasoko, Global Training programak oso-osorik finantzatutako esleipena baitauka.
- Praktiketan egingo dituen lehenengo 6 hiletan, bekariak istripu eta gaixotasunetarako aseguru poliza baten babesa izango du, bai eta aseguru mediko bat eta Euskal Herriko Unibertsitateak xede honetarako sinatuta duen erantzukizun zibilerako beste aseguru bat ere.
Luzapeneko hiletan zehar (enpresak hala erabakiko balu):
- Luzapen aldietarako, ez euskal gobernuak ez UPV/EHUk ez dute diru kopururik jarriko eta enpresaren kargurakoak izango dira bekariarentzako ekarpen ekonomikoa egoki leritzoketen kopuruan, bai eta aseguruen ordaintzea ere. Informazio hau egon badago askotan web gunean aurkeztutako eskaintzetan. Enpresak erabaki beharrekoa delarik, luzapena bekadunaren lanaren eta enpresaren egoeraren menpe egongo da.
6. Bekadunaren konpromisoa
«Global Training» programako beken onuradunek betebehar hauek dituzte
a) Emandako beka onartzea. Ildo horretatik, beka eman zaiola jakinarazi eta 5 laneguneko epean ez badu dirulaguntza emateko agiria sinatzen, eskaerari uko egin diola ulertuko da.
b) Helmugako herrialdean praktikak hasi aurreko prestakuntza-ikastarora joatea, eta irakasleekin eta ikaskideekin jarrera kooperatiboa izatea une oro.
c) Erakunde, enpresa eta erakunde laguntzaileek beka osoan ezarritako osasun-neurriak errespetatzea.
d) Helmugako herrialdeak eskatutako bisa, txertoak edo baimenak lortzea bertara joan aurretik.
e) Helmugako enpresa eta erakunde laguntzaileen laneratzeko epeei eta helburuari buruzko jarraibideak onartzea eta betetzea, edo bekaren helburuak betetzera bideratutako beste edozein jarraibide. Praktikak irauten duen bitartean, bekadunaren ordutegia eta lan-egutegia enpresa edo erakunde laguntzailearenera egokituko dira, eta astean gehienez 40 ordu ezarriko dira.
f) Bekaren berezko jardueretarako dedikazio esklusiboa, ordaindutako beste jarduerarik egin gabe eta erakunde, enpresa eta erakunde laguntzaileen funtzionamendu-arauak betez bekak irauten duen bitartean.
g) Praktikak egiten dituen enpresak edo erakundeak agintzen dizkion zereginak egitea, aldez aurretik ezarritako edo adostutako lan-planaren esparruan.
h) Hiru hilean behin praktiken garapenari buruzko txostenak egitea eta bidaltzea, bai eta bekaren ardura duen erakundeak eskatzen dion informazioa ere.
i) Helmugako herrialdera iristean kontsulatuan edo enbaxadan erregistratzea, beka-aldian bizilekua finkatzeko.
j) Bekaren ardura duen erakundeak ezartzen dituen egindako lanaren ebaluazioetan parte hartzea. Ebaluazio horietan, Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia)
SPRIren sozietate filialaren ordezkari batek parte har dezake.
k) Bekadun izateari utziz gero, soberan jasotako zenbatekoak itzultzea. Itzuli beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, bekadun egonaldi praktikorako aurreikusitako epearen eta hura estaltzeko esleitutako diru-zuzkiduraren arteko erlazio proportzionala zehaztuko da, eta jasotako zenbatekoa egindako egonaldiari dagokiona baino handiagoa bada, bekaren erakunde arduradunari itzuli beharko zaio jasotako soberakina.
l) Beken ardura duten erakundeek ezarritako jarraibideei jarraikiz, atzerriko herrialdeetara egindako bidaien berri ematea, bai praktikarekin zerikusia duten arrazoiengatik, bai arrazoi
pertsonalengatik, aseguru-poliza eguneratzeko eta, horrela, estaldura bermatzeko. Basque Trade & Investment agentziak (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak herrialde edo eskualde jakin batean arriskugarritasuna dagoela egiaztatzen badute, bekadunen nazioarteko mugikortasuna mugatu ahal izango da.
m) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez eskatzen dieten informazio guztia ematea.
n) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako
betebeharrak betetzea.