PRESENTACION

Aurkezpena

Geure ikerketa-taldeak 20 urte baino gehiago darama zelulen heriotza eta biziraupena arautzen duten mekanismoak aztertzen, baita funtzio horiek gaixotasunen sorrera nahiz garapenarekin duten harremana ikertzen ere. Gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizia ikertzen ditugu, zehazki. Bi gaixotasun mota horiek hanturazko prozesu kronikoekin eta zelulen ugalketa nahiz heriotzarekin zerikusia dute.

Azkenaldian egin dugun aurkikuntza garrantzitsuenetako bat errezeptore zelular berri baten identifikazioa izan da. Errezeptore horrek parte hartzen du migrazio zelularraren kontrolean eta handitzeko joera duten ibilbide metabolikoen erregulazioan. Organismoan, zelulak ehun batetik bestera aldatzen dira zenbait baldintza patologikotan: hanturazko erantzuna dagoenean, ateromak sortzean (arterien oklusioa eta tronbosia sortzen duten zuntzezko plaka koipetsuak) edo zelula minbizidunen metastasia gertatzean, besteak beste. Ikerketa horiek oso garrantzitsuak dira honako hau azaltzen baitute: zeramido 1-fosfato (C1P) izeneko metabolitoak zer mekanismoren bidez transmititzen dituen zelulen artean zelulen heriotza blokeatzeko, zelulen hazkuntza bizkortzeko eta hanturazko erantzunak sortzeko seinaleak. Geure lanaren helburua C1Paren eragin patologikoak geldiaraziko dituzten eta metabolismo nahasiko zelulak baldintza normaletara lehengoratuko dituzten molekula edo analogo sintetikoak lortzea da.

Bestalde, basopresinaren estekatzaile estrukturalak erabiltzen ditugu V1b errezeptorearen espresioa kontrolatzeko, baita portaera nahasietan zerikusia duten errezeptoreak aurkitzeko ere. Analogoak tresna farmakologiko egokiak dira eta interes terapeutiko handia dute portaeraren nahasteak tratatzeko (estresa eta depresioa); izan ere, errezeptorea oso garrantzitsua da kasu horietan.