Eduki publikatzailea

Itzulpengintza etengabeko eraldaketa teknologikoan murgilduta

Uda ikastaroa: Itzulpengintza etengabeko eraldaketa teknologikoan murgilduta

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/08

Teknologia itzulpengintzan eragiten ari den eraldaketa handia da, eta dena hain azkar doan garai honetan eraldaketa horri buruz hausnartzeko eta edukietan sakontzeko guneak sortzea ezinbestekoa da. Ikastaro honetan itzulpengintzaren hainbat ertz ezagutuko ditugu, esperientzia inspiratzaileak eta eztabaidak sortuko ditugu.

Itzulpengintzaren alderdirik teknologikoena ere landuko da, eta teknologian eta hizkuntzetan adituak izango ditugu bi alorren uztartze horri buruzko azalpenak emateko. Itzultzaileentzako erreminta interesgarrienak ezagutzeko tartea izango dugu; eta itzulpen automatikoaren gisako erremintak eskura izan arren, hizkuntzaren eta itzulpenen kalitatea bermatzeko saio bat ere izango da.

Uda Ikastaro honen helburua itzulpengintzarekin lotutako alor ezberdinetako ikuspuntuak batzea da: unibertsitatea, enpresak, autonomoak, teknologiak garatzen dituztenak…

Itzulpengintzaren alorreko profesionalei zuzendua dago, enpresetakoei nahiz autonomoei. Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik teknologiarekin lan egiteko aukera ugariak ezagutzeko aukera izango dute ikasleek, eta inguruan dituzten esperientzien bidetik ikastekoa.

Merkatuari buruz hitz egiteko tarte bat ere izango da, bai eta epe motz-ertainera begirako sektorearen egoerari buruzko hausnarketa egiteko gune bat ere.

Helburuak

  • Itzulpengintzarekin lotutako alor ezberdinetako ikuspuntuak batzea: unibertsitatea, enpresak, autonomoak, teknologiak garatzen dituztenak…
  • Itzulpengintzaren merkatua hobeto ezagutzea.
  • Itzultzaileentzat baliagarri diren tresnak ezagutzea.
  • Itzulpen automatikoak nola funtzionatzen duen ulertzea, teknologia hori egunerokotasunean erabili ahal izateko.
  • Itzulpengintzaren sektorearen eraldaketari buruzko hausnarketa eta eztabaida bideratzea.