Aitortzak: Kudeaketa, akreditazioa eta ebaluazioa

Aitortzak: Kudeaketa, akreditazioa eta ebaluazioa

Programaren kudeaketaren ardura Euskara Zerbitzuarena izango da. Euskara Zerbitzuak egingo ditu EHP-2020 planean aurreikusten diren programen deialdiak, eta haren esku egongo da izena emateko eta akreditatzeko prozedura administratiboa. Prozesu horiek guztiak modu egokian bideratu ahal izateko, deialdiaren aurretik zehaztuko da nortzuk izango diren kudeaketaren arduradunak. Besterik erabaki ezean, Irakasleen eta Ikertzaileen Hizkuntza Prestakuntzaren arloko arduradunak kudeatu eta koordinatuko ditu deialdiak, eta berak egingo du, halaber, prestakuntza-ekintzen jarraipena ere.

Parte-hartzaileen aitortza modu eskalatu eta ponderatuan egin ahal izateko, hiru aldagai hartuko dira kontuan: a) programaren intentsitatea; b) programari aitortutako maila; eta c) parte-hartze mota. Hori ahalbidetzeko, datu hauek zehaztuko dira ziurtagirietan: ikastaroaren izena, ikastaroaren iraupena, ikastaroaren hizkuntza-maila, ikastaroaren maila MDAD ereduaren arabera, eta dagozkion ECTS kreditu baliokideak.

EIGA zein ZUZEN+ programako parte-hartzaileek, bestalde, aukera izango dute C1 mailaren egiaztagiri ofiziala eskuratzeko, HABEren zein UPV/EHUren EIGA deialdietan parte hartuz. ADITU programan parte hartzen dutenek, berriz, aukera izango dute C2 mailaren egiaztagiri ofiziala eskuratzeko, HABEren azterketa-proben deialdietan parte hartuz.

Egiaztagiri horiek guztiek indarrean dagoen legeriaren araberako balioa izango dute ebaluazio-, akreditazio- zein kontratazio- deialdietan. Eranskinetan kontsulta daitezke programa bakoitzari legokiokeen aitortza (ikus 4. eranskina) eta deialdiz deialdi, ziurtagiri bakoitzaren kasuan aplikatzea proposatzen den baremoa (ikus 5. eranskina).

Planaren beraren jarraipena eta ebaluazioa egitearren, azkenik, datu hauek jaso eta aztertuko dira: programa bakoitzean eskainitako plazen kopuruak; izena eman duten irakasle eta ikertzaileen kopuruak; onartutakoen kopuruak, programak osorik amaitu dituztenen kopuruak; programak gainditutakoen kopuruak; azterketa ofizialetara aurkeztutakoen kopuruak; akreditazio ofiziala lortu duten parte-hartzaileen kopuruak; eta aurrekontuaren exekuzioarekin zerikusia duten datuak. Horrez gain, parte-hartzaileen asetasun-mailari buruzko datuak ere hartuko dira kontuan.

EHP-2020 planak Euskararen III. Plan Gidariaren garapenean izandako inpaktua neurtzeko, datu horiek guztiak adierazle hauekin lerrokatuko dira:

Zka Ardatza Izenburua
5 II Irakaskuntza gaitasuna duten jardunaldi osoko irakasle plaza elebidunen ehunekoa (%).
6 II Irakaskuntza gaitasuna duten irakasle plaza elebidunen ehunekoa (%).
8 II Graduan euskaraz eskainitako ECTS kredituen ehunekoa (%).
11 II Master ofizialetan euskaraz eskainitako ECTS kredituen ehunekoa (%).
12 III UPV/EHUko euskarazko argitalpenen kopurua.
13 IV Euskaraz egindako doktorego tesien ehunekoa (%).
14 IV Euskaraz egindakoen artean nazioartekoak diren doktorego tesien ehunekoa (%).
15 IV UPV/EHUko ikertzaileek euskaraz argitaratutako zientzia artikuluen kopurua.