Mugalur: kartografia emozional ariketa bat mugaldea ehuntzeko

Mugalur: kartografia emozional ariketa bat mugaldea ehuntzeko

Urriaren 28a arte, Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaría Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian, ‘Mugalur: kartografia emozional ariketa bat mugaldea ehuntzeko’ izeneko erakusketa ikusgai dago. GAITeko kide diren Aitzpea Leizaola eta Elena Casiriain eskutik antolatutako jarduera da, EHUkultura Gipuzkoaren laguntzarekin. Sarrera librea da. Era berean, erakusketaren harira, urriaren 27an, asteartean, 18:00etan, aipatutako gunean, podcast entzunaldia izango da.

‘Mugalur. Mugaldetik lurraldera’ proiekturen baitan gizarte zibileko dinamizatzaileak, antropologoak, eta artistak batu dira hiru urtez mugaldeko herritarrekin batera mugako errealitate askotarikoak bistarazteko eta mugaz bi aldetako herritarren arteko harremanen saretzea sustatzeko. Ekimen originala eta parte hartzailea izan da, metodologia aldetik, hausnarketa, sorkuntza eta saretzea uztartu dituena.

Erakusketan ikusgai, 2023-024ean burututako zazpi tailerretan bildutako 124 mapen hautaketaz gain, honako artista eta ilustratzaileen lanak:

  • Asisko
  • Adur Larrea
  • Nina García
  • Malmö
  • Jokin Hullin
  • Jone Taberna
  • Dom Campistron

Mugalur proiektua Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak gidatzen du, Nafarroako Cederna-Garalur elkartea eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin partaidetzan. Proiektuak NAEN euroeskualdearen «Euroeskualdeko hiritartasuna » deialdiaren diru-laguntza jaso du 2023-24tik 2025-26rako deialdietan.

Informazio gehiagorako: MUGALUR : MUGALUR

arteGunea

arteGunea

Carlos Santamaria zentroko Txillardegi aretoa sorkuntzarako gune nagusietako bat dugu Gipuzkoako Campusean. Ikasturtean zehar margolaritza, ilustrazioa, eskultura, diseinu grafikoa, argazkilaritza eta arte plastikoen erakusketak biltzen ditu, gehienez hilabete bateko iraupenezkoak eta asmo komertzialik gabekoak direnak. Unibertsitate ekoizpenak eta ehualumni-koak hobesten dira, baita bertako artista eta erakundeekiko elkarlanak ere. 

Ordutegiak Txillardegi aretoa

Txillardegi aretoaren ordutegia:

Neguko ordutegia: astelehenetik ostiralera 8:00-20:30.  

Eguberri eta Aste Santuko ordutegia: astelehenetik ostiralera 8:00-20:30 (abenduak 24, 25, 31 eta urtarrilak 1 eta 6 izan ezik). 

Udako ordutegia (uztailaren 10etik irailaren 1a arte): astelehenetik ostiralera 8:00-14:30. 

Unibertsitate Hedakuntzako Bulegoa: gi-kultura@ehu.eus