euskaraespañol

Lascaray Ikergunean egingo da, abenduaren 11n eta 12an

Hainbat enpresak, besteak beste, Mercedes, Talgo, Giroa eta Idomek, behar dituzten lanbide profil berriak azalduko dituzte Gasteizko 5. Enplegu Foroan

Lehenengo argitaratze data: 2013/11/26

Irudia

Gasteizko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusak antolaturik, Gasteizko Enplegu Foroaren 5. edizioa egingo da abenduaren 11n eta 12an (osteguna eta ostirala), Gasteizko campuseko Lucio Lascaray Ikergunean. Bi erakundeek beren eskumenen barruan enplegua sortzeko garatzen ari diren ekimenetako bat da hori. Gasteizko Udaleko Enplegu zinegotzi Ainhoa Domaicak eta Arabako Campuseko erretoreorde Javier Garaizarrek aurkeztu dituzte gaur Foroaren xehetasunak.

Beste urte batez, Enplegu Foroak enpresak eta langabezian dauden zein beren enplegagarritasuna hobetu nahi duten pertsonak hurbiltzen lagundu nahi du, interesdunek zuzenean ezagutu dezaten zein lanbide profil ari diren enpresa horiek eskatzen, eta nola egiten duten lan barrutik.

Bestetik, lan merkatuan izan ditzaketen aukerak hobetzeko, lanpostu bat eskuratzeko baliagarriak izan daitezkeen zerbitzu eta baliabideei buruzko argibideak emango dira, bai eta alor horrekin lotutako informazio eta tresna espezializatuei buruzko lantegiak ere. Orobat, espazio bat sortu da enpleguarekin zerikusia duten hainbat arlotan (orientazioa, prestakuntza, bitartekaritza...) diharduten giza baliabideen sektoreko profesionalentzat.

Edizio honetako berrikuntzak
Aurtengo Enplegu Foroa abenduaren 11n eta 12an egingo da, ostegunean, 9.00etatik 20.00etara, eta ostiralean, 9.00etatik 14.30era. Ainhoa Domaicak nabarmendu duenez, 5. edizioak "asmo handiak ditu", eta lau berrikuntza garrantzitsu dakartza. Enplegu zinegotziak eta EHUren Arabako Campuseko erretoreordeak zehaztu dituzte horiek: lehenengo, enpresen gizarte-erantzukizuna lantzen duten enpresak ezagutaraztea; bigarren, 2.0 tresnei buruzko lantegi bat orientazio profesionalentzat; hirugarren, berrikuntzak Enplegu Zentroan eta ekintzaileei orientabideak emateko gune berria ("Aukerator"); laugarren, hiru talde zehatzen enplegagarritasuna hobetzeko hiru lantegi.

Enpresen gizarte-erantzukizuna
Gasteizko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusak enpresen gizarte-erantzukizunaren bidez enplegua sortzen ahalegintzen diren enpresak ezagutarazi nahi dituzte.

"Enpresetan aurrera egin da gizarte-erantzukizuna dela eta, horregatik, 2014ko Enplegu Foroak enpresen gizarte-erantzukizuna aitortzen lagunduko duten jarduerak sustatu nahi ditu, hazkunde iraunkorraren eta enpleguaren aldeko estrategiaren osagaia baita. Orain arte ez diegu espazio propiorik eskaini Foroaren barruan, baina aurten horrelako enpresak ikusarazi nahi izan ditugu, ohikoak ez diren sektoreetan enplegu aukerak sortzen dituztelako", azpimarratu du Enplegu zinegotzi Ainhoa Domaicak.

Ildo horretatik, "Gizarte erantzukizun korporatiboa" izeneko mahai ingurua egingo da ostegunean, hilak 11, Lascaray eraikineko bideo-konferentzien aretoan. Hauek hartuko dute parte: Eroski, Emaús, Banca Ética eta Foro EcA.
Ostiralean, hilak 12, horrekin lotutako hitzaldi bat izango da Letren Fakultateko gradu aretoan: "Enplegu aukerak hirugarren sektorean". Hauek hartuko dute parte: Acción contra el Hambre, Médicos sin Fronteras eta Aecid.

Lantegia orientazioaren alorreko profesionalentzat
Lan eta hezkuntzako profesionalentzako lantegi bereziak "ikastetxeek berek egindako eskaerari erantzun nahi dio", Arabako Campuseko erretoreorde Javier Garaizarrek azaldu duenaren arabera.

"Orientazio zereginean horretara bideratutako teknologia berriak ezagutzeak duen garrantzia eta tresna horien erabilera eguneratzeko beharra dira gai nagusiak, eta zenbait jardueraren bidez erabilera egokien ereduak emango dira", adierazi du Garaizarrek. Alberto del Mazok gidatuko du lantegia, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko hezkuntza orientatzailea baita, eta 2.0 tresnetan espezialista.

Enplegu Zentroa eta ekintzaileentzako 'Aukerator' espazioa
Enplegu Zentroarekin lotuta, ekintzaileentzako 'Aukerator' espazioa da berrikuntza nagusia. Enplegu Zentroan, enplegua bilatzeko eta lan aholkularitza pertsonalizatua on line lortzeko baliabide espezializatuez gain, kolaboratzen duten enpresen enplegu eskaintzak kontsultatu ahalko dira.
Gainera, ekintzaileentzako espazio interaktiboa sortu da, 'Aukerator' izenekoa, profesionalek gidatua. Ekintzaileen ezaugarriak aztertu eta erabakiak hartzeko orientabideak emango zaizkie.

Garaizarrek azaldu duenez, "stand interaktiboa da, zeinak aldi baterako instalazio baten bidez ibilbide bat proposatzen baitio erabiltzaileari, eta hark hartzen dituen erabakien arabera irteera ezberdinak ematen". "Erabaki bakoitzak beste bi aukeratara emango du, eta horrela jarraian azken emaitzara iritsi arte. Hartutako erabakien segida panel batean agertuko da, helburu zehatz batera daraman planaz jabetzeko: zure etorkizun profesionala".

Teknikari espezializatuak arduratuko dira espazioaz, ordutegi honetan: ostegunean, 9.30etik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara; ostiralean, 9.00eatik 14.30era.

Enplegagarritasuna hobetzeko lantegiak
Iaz antolatu ziren 10 lantegiek "arrakasta handia" izan zuten, 300 pertsonak hartu baitzuten parte. "Harrera ona ikusita, Udaleko Enplegu Sailak lantegi horiek 2014ko Enplegu Bilaketarako Orientabideak emateko Planaren barruan sartzea erabaki zuen, eta urtean zehar 11 lantegi eskaintzen ditu etengabe eta doan, lan merkatua ezagutzeko behar diren tresnen berri izatea ahalbidetzen dutenak", gogorarazi du Enplegu zinegotziak.

Hori dela eta, Enplegu Foroan hiru ikastaro baino ez dira emango, hiru talde zehatzekin lotutakoak: "Lehen enplegua lortzeko gakoak", "Bigarren lan aukera, lan merkatuan berriro sartzea", eta "Enpresa ertain eta handietan enplegua lortzeko gakoak". Lantegietan izena emateko epea abenduaren 1etik 7ra arte izango da.

Enpresen aurkezpenak
Ainhoa Domaica zinegotziak iragarri duenez, besteak beste, Mercedes, Talgo, Giroa, Idom, Eulen, Praxis, Aec eta Ramondín enpresek behar dituzten lanbide profil berriak azalduko dituzte Gasteizko 5. Enplegu Foroan. "Gasteizko eta Arabako enpresen aurkezpenen helburua da pertsonak eta enpresak harremanetan jartzea.

Iaz hasi zen hori egiten, enpresek giza baliabideen alorrean eta langileak hautatzeko dituzten estrategiak azaldu ditzaten, merkatuan duten lekua eta hedatzeko politika kontuan hartuz", azaldu du Domaicak.

Kontratatzen laguntzeko baliabideak
Baliabide publikoez gain ekimen pribatukoak ere aurkeztuko dira. Batetik, alor publikoan dauden baliabideetako batzuk (bekak, praktikak enpresetan...) aurkeztuko dira, hala nola EPEZ, Global training, etab. Ostiralean izango da, 11.00etan, Letren Fakultateko gradu aretoan.
Bestetik, beren erakundeen barruan horrelako baliabideak eskaintzen dituzten enpresak izango dira, esaterako, Nestleren Youth Employment Initiative -ostiralean, 11.30ean- eta Mapfre fundazioaren beka eta laguntzen 2014-2015eko deialdia -ostiralean, 12.15ean-; bi aurkezpenak Letren Fakultateko gradu aretoan izango dira.

Enplegu aukerak 25 urtetik beherako gazteentzat
Ostiralean, 13.00etan, Letren Fakultateko gradu aretoan, Arabako Merkataritza Ganberak "Gazte bermerako programa" aurkeztuko du; europar ekimen horrek 25 urtetik beherako gazteak lan merkatuan sar daitezen lagundu nahi du. Espainian, Enplegua eta Gizarte Segurantzako Ministerioak 2013ko otsailean onetsitako gazte ekintzailetzarako estrategiaren bitartez garatu da hori. Gazte bermeari buruzko gomendioak bermatu nahi du 25 urtetik beherako gazteek enplegu, heziketa edo prestakuntza eskaintza jasoko dutela ikasketak bukatu ondoren, edo langabezian geratzen badira.

2013ko edizioko datuak
Iazko edizioan, 1.670 pertsonak hartu zuten parte Enplegu Foroko 27 jardueretan. Enpresen 10 aurkezpenetan 900 pertsona inguru izan ziren; enplegagarritasuna hobetzeko 10 langeietan, berriz, 300 pertsona. Parte hartzaileen % 66 emakumeak izan dira, eta ia % 90ek goi mailako zikloko ikasketak edo hortik gorakoak zituen. Lantegien balioespenari dagokionez, batez beste 8,4 puntu eman diete parte hartzaileek.

Gasteizko Udalak eta EHUko Arabako Campusak erdibana finantzatzen dute ekimena.