Eduki publikatzailea

Xabier Unzurrunzaga arkitektoaren lanari buruzko erakusketaren eta liburuaren aurkezpena

Noiz eta non

Noiztik: 2016/02/03 Noiz arte: 2016/02/01, 12:30 - 10:38

Deskribapena

Asteazkenean, otsailaren 3an, 12:30ean, UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko areto nagusian, Donostian, Xabier Unzurrunzaga UPV/EHUko irakasle eta arkitektoaren lanari buruzko erakusketa antologikoa eta liburua aurkeztuko dira.

Inaugurazio ekitaldi horretan, Xabier Unzurrunzagak "Hiriaren arkitektura eta eraikuntza" hitzaldia emango du. Gero, harekin batera, mahai ingurua egingo dute Antonio Font, José Luis González Cebrian eta Eduardo Ruiz de la Riva arkitektoek eta ikastegiko zenbait irakaslek.

Erakusketa UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko hallean jarriko dute ikusgai, 2016ko otsailaren 3tik martxoaren 2ra arte, eta doan bisitatu ahalko da.

Jonathan Chanca arkitektoak eta erakusketako komisarioak azaldu duenez, "erakusketak hauek guztiak biltzen ditu: formatu handiko 60 panel, Xabier Unzurrunzagaren inguruko aipamenak dituzten liburuen bilduma bat, arkitektoak hainbat bidaiatan eskuz egindako proiektu eta marrazki batzuen bideo proiekzioa, eta Urumeako etxebizitzen eraikinaren jatorrizko maketa, Xabier Unzurrunzagak Rafael Moneorekin batera egindakoa".

Xabier Unzurrunzagaren lanari buruzko liburua ere otsailaren 3tik aurrera eskuratu ahal izango da. Denera 232 orrialde ditu, eta, "erakusketak bezala, arkitekto horren 50 urteko lan ibilbidearen hainbat etapa jasotzen ditu: Marquet eta Zulaica arkitektoekin lan egin zueneko aldia (1964-1971), SEISS Estudioa osatu zuenekoa (1972-1978), herri administrazioan aritu zenekoa (1978-1986) eta bere estudio independentea sortu zuenekoa (1987-2014). Halaber, UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan egindako zenbait ikerlan ere biltzen ditu".

UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoaren ekimenez sortu dira erakusketa zein liburua, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako Ordezkaritzaren laguntzarekin. Jonathan Chanca eta María Izeta arkitektoak izan dira erakusketako komisarioak, eta haiek zuzendu dute liburua.

EGITARAUA

12:30 Areto nagusia

  • Erakusketaren eta liburuaren aurkezpena
  • Hitzaldia: "Hiriaren arkitektura eta eraikuntza", Xabier Unzurrunzaga

13:15 Areto nagusia

  • Mahai ingurua. Parte hartzaileak:
  • Xabier Unzurrunzaga, arkitektoa eta Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakaslea
  • Antonio Font, José Luis González Cebrian eta Eduardo Ruiz de la Riva arkitektoak
  • Ikastegiko irakasle batzuk

14:00 Halla
Erakusketaren inaugurazioa