Eduki publikatzailea

Sonia Livingstone, nazioarteko aditua gaztetxoak Interneten nola aritzen diren ikertzen

«Izugarrizko mito eta gaizkiulertu mordoa dago haurrek Interneten egiten dutenari buruz»

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/16

Irudia
Sonia Livingstone. Argazkia: Tere Ormazabal UPV/EHU

Katedraduna da Sonia Livingstone irakaslea London School of Economics and Political Science-n (LSE), eta adingabeek komunikabideekin eta Internetekin duten harremana aztertzen eman du azkeneko 25 urteetako ikerketaren zati handiena. Zuzendu dituen proiektu garrantzitsuenetako batzuk dira EU Kids Online, Net Children go Mobile eta The Class. 2014an Britainiar Inperioko Ordenako Ofizial izendatu zuten, haurtzaroari eta haren Interneteko segurtasunari eskainitako zerbitzuarengatik.

Sonia Livingstone Bilbon izan da berriki, Honoris Causa doktore izendatu baitu UPV/EHUk, adingabeek teknologia berriak nola erabiltzen dituzten ikertzen eta ezagutza hori zabaltzen egindako ekarpenarengatik.  1995ean hasi zen UPV/EHUrekin lankidetzan, eta gaur egun ere jarraitzen du, EU Kids Online proiektuan, 30 herrialdetako baino gehiagoko ikertzaileak biltzen dituen sarean.

Zein litzateke egoera ideala haurrek Interneten modu seguruan nabigatzeko, guraso-haur-eskola sareari dagokionez?
Tira, egoera ideala. Mundu guztiak orain dakiena baino gehiago jakingo luke Internetek haurrei eskaintzen dizkien onurei buruz, eta kezka gutxiago izango lituzke. Izugarrizko mito eta gaizkiulertu mordoa dago haurrek Interneten egiten dutenari buruz eta horrek haiengan duen eraginari buruz, eta ez da nahikoa ikertu.

Horrenbestez, informazio gehiago duen publikoa izango nuke eskoletan, zalantzarik gabe, irakasleak egunean egongo lirateke Interneteko aukera eta arriskuei buruzko trebakuntzan; gurasoek aholku gehiago jasoko lukete, orientazio hobea, eta arau gehiago jarriko lizkiekete estatuek enpresei, ez baitira gardenak, eta Interneten gauzak oso azkar aldatzen baitira.

Mundu errealera itzuliz, desberdintasunik aurkitu duzu nesken eta mutilen artean, bai dituzten arrisku eta arazoei dagokienez, bai haien pertzepzioari dagokienez?
Tira, gure inkestetan ez dugu genero-desberdintasun handirik hautematen. Beti espero izaten dugu portaera-desberdintasunak egotea, baina egia esan, neskak eta mutilak, eta nerabezaroan, bereziki, komunitate berean daude, ingurune misto batean, eta batzuei gertatzen zaiena besteei ere gertatzen zaie.

«Aukerez balia daitezen nahi dugu, baina gehiegi babesten ditugu batzuetan, arriskuengatik»

Ikusten dugun genero-desberdintasun bakarretako bat da neskek esan egiten dutela zer gertatzen zaien Interneten; gehiago mintzen dira ikusten dutenarekin. Beste desberdintasun batzuk ere badaude, hala nola mutilek sexu-irudi gehiago ikusten dituztela, eta neskak gehiagotan elkartzen direla ezezagunekin linean, baina ez dira desberdintasun handiak.

Egoera horretan, nire buruari askotan galdetzen diot ondo daudela dioten mutilak benetan ondo ote dauden. Mutilez arduratu behar dugu. Izan daiteke zaurgarriak izatea baina gehienetan halakorik ez adieraztea eta/edo jarrera erasokorra hartzera behartuta sentitzea beren burua.

Eta badago herrialdeen arteko desberdintasunik? Inolako eraginik du herrialde jakin batean sortzen diren arrisku edo arazoetan han gehien erabiltzen den sare sozialak edo aplikazioak?
Ziur asko esan dezakegu herrialde jakin baten barruko desberdintasunak handiagoak direla herrialdeen artekoak baino. Edonola ere, arrisku gehien ekialdeko Europako herrialdeetan hauteman dugu. Eta batzuetan bai, sare sozial jakin batekin lotuta daude, baina eragin handia du gobernuek sare sozial horiei egiten dieten presioak. Hala, adibidez, Facebook askoz seguruagoa da Britainia Handian Bulgarian baino; estatuek enpresak gehiago estutzen dituztenean, ardura handiagoa hartzen dute haiek beren gizarte-erantzukizunean.

Eta beste gai garrantzitsu bat da eskoletan zenbateko arreta jartzen duten eta gurasoek zenbaterainoko kontzientzia duten. Eta, berriz ere, estatuak du horren guztiaren erantzukizuna: haiek ezartzen dituzte ikasketa-planak, haiek ordaindu gurasoen arreta pizteko kanpainak, eta haiek egin presioa enpresei.

Erabat zabalduta dagoen arazoa da gazteek beren telefono mugikorrekiko duten menpekotasuna. Nola hel dakioke horri?
Ez dut onartzen arazoa horrela definitzea. Mugikorrekiko menpekotasuna? Ohiturak aldatu egin dira. Geuk sortu dugun munduan dena dago telefonora konektatuta, eta, horrenbestez, noski, beti daramate berekin eta etengabe begiratzen diote. Egia da erakargarria dela, eta ohitura bihurtzen dela, eta agian ohitura txar bihurtzen da, ohitura errespetugabe bat agian, baina ez dira droga batekiko menpekoak, ez dira alkoholikoak, ezta jokozaleak ere. Hortaz, gustatuko litzaidake oso kontuz ibiltzea haiek kritikatzean, eta haientzat sortu dugun mundua onartzea.

Zaila da gazteek oreka aurkitzea beren online bizitzetan dituzten aukeren eta arriskuen artean?
Nire ustez, zailtasun handiena da adingabe gehienak pertsona indartsu, zuhur eta zentzudun bihurtzen direla haztean, eta batzuk bakarrik direla zaurgarriak, eta ez dakigula nola bereizi batzuk eta besteak. Hortaz, gutxi horiek dituzten arriskuengatik arduratzen gara. Eta arduratu egin behar dugu, aukerak denek baliatzea nahi dugu, baina gehiegi babesten ditugu batzuetan arriskuengatik. Ikerketaren, politiken eta praktikaren ikuspuntutik, beranduegi denean bakarrik hautematen dugu ahulgunea, eta kezka handia sortzen digu horrek.

Zuzendu gaitezen gurasoengana. Lehenik eta behin, zein adinetan eman beharko liekete seme-alabei lehen telefonoa?
Joera osasuntsu samar bat ari gara ikusten Britainia Handian: azkeneko bizpahiru urteetan gutxiago erabiltzen ari dira telefonoak eta gehiago tabletak, batez ere ume txikiak. Joera edo ohitura horiek gurutzatu egiten dira une batean, Britainia Handian, adibidez, haurrek 12 urte inguru dutenean, eta telefonoa gehiago erabiltzen hasten dira eta gutxiago tabletak. Adin horretan, nork bere gailua behar du, baina adin hori baino lehen etxekoa partekatu dezakete, eta elkarrekin erabili. Tableta tresna hobea da partekatu eta elkarrekin jolasteko.

Zer aholku eman beharko liekete gurasoek haurrei online esperientzia positiboa izan dezaten?
Galdera gakoa da hori. Uste dut gurasoek ez dakitela. Nik elkarrizketatutako gurasoen artean, behintzat, inork ez zekien zer webgunek lagun dakiekeen beren seme-alabei ikasten edo sormena lantzen.

Industriarekin hitz egitean, berriz, baietz esaten dute, webgune handi horiek guztiak sortzen dituztela. Hezigarri gisa sailkatzen dituzte denak. Baina umeenganaino diru gehien dutenak iristen dira, publizitate gehien egiten dutenak, eta ez umeen sormena gehien sustatzen dutenak. Eta ez dago liburuzainik. Jakina da, liburuzainek liburuei buruzko gomendioak ematen dituzte, eta zer liburu gusta dakiokeen zure 7 urteko alaba dantzazaleari. Inork ez du halakorik egiten Interneten.

Eta zer jarrera izan behar dute seme-alabekin, babestuta bai baina mugatuta senti ez daitezen?
Ezer baino lehen, gurasoek poltsikoan gorde beharko lukete beren telefonoa, eta haurrekin egon eta haiekin hitz egin, mugikorrari begira aritu gabe. Hori da garrantzitsuena.  Eta, bigarrenik, kezkatzen dituen zerbait ikusiz gero, ez lukete esan beharko "Utzi hori, arriskutsua da!". Ez. Honelako zerbait esan beharko lukete: "Ea. Zertan ari zara? Ikus dezaket? Horri buruz hitz egingo dugu?"

Zer behar hartu beharko lituzkete kontuan legegileek adingabeen gaitasun digitalak guztiz garatzeko?
Neurri batean, uste dut gaitasun digitalen heziketa hezkuntzaren erronka dela batez ere: ikusten dugu irakurmena, idazmena eta matematika-gaitasunak garatzeko urteak behar direla, eta pixkanaka konplexuagoak bihurtzen direla. Gaitasun digitalak, ordea, ez ditugu ikusten ikasgai gisa, ezta ikusmolde pedagogiko batetik ere, eta ez ditugu gainerako ikasgaiekin integratzen. Eta ikusten dudan beste arazo bat da gaitasun digitalak gai gehigarri gisa irakatsi ohi direla, irakasleak ez dira horretan trebatzen.

Eta, azkenik, nola uste duzu jokatzen dutela komunikabideek gazteak Interneteko fenomeno arriskutsuei buruz ohartarazi nahi dituztenean, baina zurrumurruetan baino oinarrituta ez dauden fenomenoez aritzen direnean, hala nola Balea Urdinaren kasuan?
Nire esperientziaren arabera, komunikabideetako langileak pertsona jantziak eta kritikoak dira, eta gai dira arazoaren baliotasunari eta ebidentziaren oinarriari buruzko galdera zailak egiteko. Baina ez dute beti ondo egiten haurrei eta Interneti buruz ari direnean, eta ez dut horren arrazoia ulertzen, egia esan. Balea Urdinarena adibide ona da, izan ere, neure arreta piztu zuen teknologian aditua den komunikabide batek ere amua irentsi zuenean. Esan zuten zenbait gaztek beren buruaz beste egin zutela mundu osoan fenomeno hori medio. Baina ez zuten eman inola ebidentziarik, webgunera loturarik, bere buruaz beste egin zuten gazteek joko horretan aritu izanaren ebidentziarik. Oinarrizko kazetaritza-prozesu bati buruz ari naiz. Eta ez ditzagun menpekotasunak aipatu ere egin!