Historia

Hezkuntza eta Kirol Fakultatea 2016ko urtarrilean sortu zen, UPV/EHUko hainbat ikastegi berrantolatu zirela eta. Fakultatea sortu zen Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolak eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateak bat egin zutelako. Hartara, fakultatean bi eremu batu dira: hezkuntzarena eta kirolarena.
Hezkuntzaren eremuari dagokionez, Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskola 1847an sortu zen "Escuela Normal de Maestros" izenaz (Maisu-Maistren Eskola Arrunta), eta, hasiera batean, Errementari kalean egon zen. Beranduago, 60ko hamarkadan goi mailako eskola bilakatu zen, kategoria hori ordura arte barrutiko buru ziren eskola arruntentzat bakarrik erreserbaturik zegoena. Urte horietan, Arabako Eskola Arrunta hiru probintzietako irakasleen ikastegi bakarra izan zen, Bizkaiko eta Gipuzkoakoen aurretik.
1850etik 1870era bitarteko urteetan lortu zuen ospe handiena. Matrikula kopurua nabarmen handitu zen, baliabide eta ekipamenduen egoera hobetu, eta eraikin berria eman zitzaion hiriaren goiko aldean. Eta bertantxe iraun du, ia mende batez, gaur egungo tokira eraman arte. Sasoi horretantxe sortu zen,  1856an zehazki, "Escuela Normal de Maestras" izenekoa (Maistren Eskola Arrunta), barrutiko lehenengoa eta bakarra, Valladolidekoa baino urte batzuk lehenago sortua, eta legedi orokorrari ere aurre hartu ziona, 1881. urtera arte ez baitzen ikasketa plana arautu. Eskola Arrunta lehen hezkuntzaz ez ezik, etengabeko hezkuntzaz ere arduratu zen.  Lehenengo urteetatik, 1863az geroztik, plan berezi bat presatu zuen titulurik gabeko maisu-maistrentzat, "Probintzietako Maisu-Maistrak" deitutakoen eskaerari erantzunez. Ikasketak antolatu zituen probintziako osatu gabeko eskoletan irakasten gaitzeko balio zuen berezko titulu bat lortzeko.
Geroago, 1976. urtera arte, Valladolideko Unibertsitatearena izan zen. 1977. urtean Bilboko Unibertsitatera pasatu eta 1981. urtera arte egon zen, urte horretantxe sortu baitzen UPV/EHU. Garai horretan, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle diplomaturako ikasketak ematen ziren espezialitate hauetan: Zientziak, Giza Zientziak, Ingeles Filologia eta Frantses Filologia. UPV/EHU sortutakoan, Euskal Filologia ere sartu zen. 1994an, eraikinaren azken eraberritzearekin ia bat eginda, LRUren 10. Plana ezarri zen,  eta 2000. urtean 20. Planarekin erreformatu zen.
2010/2011 ikasturtean, graduak abiatu ziren unibertsitatean, eta diplomaturak eta lizentziaturak desagertu. Egun, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetako eskolak Gasteizko fakultatean (Juan Ibañez de Sto. Domingo, 1 ) ematen dira.
Kirolaren esparruari dagokionez, 1981etik aurrera hasi zen Eusko Jaurlaritza hausnartzen Euskal Autonomia Erkidegoan gorputz hezkuntzako institutu bat sortzeko beharraz. Izan ere, Madrileko eta Bartzelonako gorputz hezkuntzako institutu nazionalen egoera akademikoa erregulatu zen apirilaren 24ko 790/81 Errege Dekretuaz. Horrenbestez, 1986ko irailean hasi zen Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearen (SHEE-IVEF) ibilbidea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateari atxikita eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren administrazio mendekotasunpean. Egia esan, Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearen hastapenetan oztopo ugari izan baziren ere, ikasketok harrera ona jaso izana eta bertako langile eta ikasleen ilusioa joan ziren SHEE-IVEF indartzen eta finkatzen eta ezinbestekoak izan ziren jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko profesionalen prestakuntzan.
2005eko irailean, Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean integratzeari buruzko irailaren 13ko 240/2005 Dekretuak jasotzen duenez, lehengo SHEE-IVEF UPV/EHUko unibertsitatea bilakatu zen. Horren ondorioz, fakultatean egindako ikasketen izena aldatu eta lizentziatuek Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Lizentziatura titulua jasotzen dute.
Lehengo SHEE-IVEF Euskal Herriko Unibertsitatean sartzeak hainbat aldaketa eragin zituen, eraikin zaharraren eraberritze integrala, besteak beste. Hartara, 2011tik, obretan urte eta erdi eman ondoren, gaur egun irakaskuntzarako azpiegitura modernoa eta gaurkotua duen ikastegi bat baliatu ahal da, Europako Unibertsitate Eremuaren eskakizun berrietara egokitutako ikasguneak dituena.
Goi mailako hezkuntzan,  Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloan, 24 urtez jardun ondoren, Hezkuntza eta Kirol Fakultateak jakintza arlo horretako ikasketak ematen jarraitzeari eutsi nahi dio, bai lizentziaturan bai graduan. 2010/2011 ikasturtean ezarri ziren graduak, eta Jardueraren eta Kirolaren Zientzietan graduatutako sei promozio ditugu egun. Aipagai dugun graduko ikasketak Gasteizeko fakultatean (Lasarteko Atea, 71) ematen dira.