Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Jolasmatika 3. edizioa: Azaroaren 26an 88 ikasle fakultatean

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/21

Irudia

JolasMATIKA ekimenaren bi edizio piloto gauzatu dira dagoeneko. Bertan parte hartu dugu UPV/EHUko Informatika eta Pedagogia fakultateetako irakasle/ikertzaile eta ika sleek eta Tolosako Orixe BHI institutuak eta Samaniego herri ikastetxeak. Ekimenak, orain arte, DBHko 28 ikaslerengan eta LHko 140 ikasle ingururengan izan du eragina.

Aurtengoa 3. edizioa daukagu eta aplikazio-eremua pixka bat zabaldu dugu. Aurten, Tolosako Orixe-Samaniego bikoteaz gain Azpeitiko Urola-Karmelo Etxegarai hezkuntza publikoko ikastetxeetara ere iritsiko da JolasMATIKA.

Horrela bada, datorren astelehenean, azaroaren 26an Orixe eta Urola ikastetxeetako DBH 4. mailako 88 ikaslek bisitatuko dute Donostiako Informatika Fakultatea. Bertan, Informatika Fakulteko 5 ikasleren eta irakaskuntzako masterra egiten ari diren beste bi ikasleren eskutik izango dute aukera lantzeko datuek (zenbaki, karaktere, irudi, …) konputagailuan zer nolako itxura hartzen duten; datu horiek konputagailu barruan nola tratatzen diren; informatikariok zer nolako urratsak ematen ditugun problema bat ebazterakoan; eta azkenik, konputagailuak nola programatzen ditugun problema horiek ebazteko.

88 ikasleek 4 taldetan banatuta egingo dute lan. Horietako talde bakoitzean unitate-didaktiko bat landuko dute. Geroago, haien ikastetxean ikaskideei landutakoa azaldu beharko diete eta denon artean ongi prestatu lehen hezkuntzakoei azaltzeko. Horretarako materiala eta unitate-didaktikoak JolasMATIKA proiektutik jasoko dituztelarik.

9:15ak aldera iritsiko dira fakultatera. Bertan aurkezpen orokor baten ondoren lanean (edo jolasean) arituko direlarik, 13:15ak arte atsedenalditxo bat tarteko.

ZER DA JOLASMATIKA:

Ezaguna da STEM arloetan eta mundu mailan, leku jakin batzuk kenduta, ematen den genero arrakala. Oso urria da neskek arlo horietara gerturatzeko daukaten joera eta arrakala hori, Informatikaren arloan, oraindik ere nabarmenagoa da. Bestalde, Informatika terminoak nahasmen handia eragiten du. Informatikak eskaintzen dituen teknologiez inguratuta bizi dira gaur egungo ume eta gazteak, baina teknologia horien atzean dagoen Informatika-zientzia ezezaguna zaie erabat. Nahaste horren eraginez, Informatika Ingeniaritzako Gradura gerturatzen den gazte askok sorpresa handia hartzen du bertan ikasten denarekin. Esan beharra dago gainera, egun, Informatikaren erabilera hain zabaldua egonik, Informatikarekin zuzenean erlazionaturik ez dauden lanpostuetan ere, beharrezkoa suertatzen direla zientzia horren funtsezko ezagutza batzuk.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, Informatika-zientzia hiritar guztiei zabaltzeko saiakera dugu JolasMATIKA proiektua. Horretarako gunea derrigorrezko hezkuntzan jarri dugu, horrela, hiritar guztiek Informatikari buruzko ezagutza minimo batzuk izateaz gain, haurrek harekin hartuemana izatearen ondorio gisa espero da  Informatikako ikasketak egitera emakumezko gehiago gerturatzea eta oro har, informazio egokiagoarekin iristea.

Gainera gaztetxoei informatikaren ezagutza transmititzeko ur-jauzi metodologia proposatzen dugu. Hau da, ikasleek beraiek egiten dute ezagutzaren transferentzia goiko mailetatik beherantz. Universidad del Pais Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Informatika Ingeniaritza Graduko (IIG) ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleei Informatikaren oinarrizko eduki batzuk irakatsiko dizkiete eta geroago DBHko ikasle horiek ikasitakoa Lehen Hezkuntzan (LH) irakatsiko dute. Informatikaren kasuan, hori guztia jolasetan oinarritutako metodologia  baten bitartez eta ahal den neurrian konputagailurik erabili gabe egin nahi da, ikasleek ikus dezaten ez dela berdina konputagailuen funtzionamendua ulertzea eta horien laguntzaz problemak ebaztea edo dagoeneko garatuta dauden tresnak erabiltzea.