Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Klika sistema eragilean (Maialen Lujanbio, Korrika 2019)

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/15

Irudia

Opari bat egin digu Korrikak, opari bat egin digu Maialen Lujanbiok.

Klika SISTEMA ERAGILEAN izenburuarekin KORRIKA-bukaerako mezuan Informatika erabili du hizkuntzaren biziberritzea aldarrikatzeko. Irakurri, irakurri:

…KLIKA!

Hizkuntza ez da edukitzekoa.
Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika.

Beraz, KLIKA!
Instalatu eta elika!
Euskara, ez da euskararen gauzetarako aplikazioa.
Euskarak behar du
herri honen Sistema Eragilean.
Memoria handiko lur honen
hizkuntza beti eguneratua, eta software librekoa.

Euskara, bestelakoa baita…
Hain zuzen, besteak bezain bestelakoa.
Bestelakoa eta besteak bezalakoa.

Baina besteekiko badu alde bat:
euskarak dena du aurka;
eta horrexegatik juxtu, dena du mauka!
Dena baitu sortzeko, euskarak,
ia dena du-eta sortzeke.
Dena du egiteko, euskarak, dena du egiteke.

Hizkuntza bat dugu ahulguztiduna.

Mila esker Super_Maialen, munduratzeagatik duela 30 urte orduko informatikari euskaldun hasiberriok fakultate honetan sortu genuen hizkuntza berria.