Breadcrumb

DIFusio@

Unibertsitatea-enpresa gela berria: Informatika Fakultatea, UPV/EHU – Multiverse

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/01

Irudia

UPV/EHUko Informatika Fakultatean lanean jarraitzen dugu, ikasketak egin dituzten ikasleen prestakuntza sendotzeko; horretarako, kalitatezko irakaskuntza eskaintzen eta sektoreko enpresa esanguratsuekin loturak estutzen dihardugu. Oraingoan, Fakultateak beste urrats bat emango du noranzko horretan; izan ere, Multiverse unibertsitatea-enpresa gela jarri du abian. 

Alexander Mendiburu Fakultateko dekanoaren esanetan: «Ekimen honek prestazio handiko konputazioa eta adimen artifizialeko lerroak osatzen ditu, eta konputagailu kuantikoetan adimen artifizialeko teknikak ikertzeko, garatzeko eta aplikatzeko aukera ugari eskaintzen ditu. Fakultatetik eskertzen dugu Multiverse Computingek gugan jarri duen konpromisoa eta konfiantza, etorkizuneko konputazio kuantikoan adituak prestatzeko».

Era berean, Román Orús Multiverseko sortzailekideak eta zuzendari zientifikoak esan duenez:  «UPV/EHUko Informatika Fakultatearen eta Multiverse Computingen arteko aliantza ekimen aitzindaria eta erakargarria da, eta Euskadin teknologia kuantikoen ezarpena sustatzea du helburu. Akordioa gure eskualdean etorkizuneko industriako profesionalei prestakuntza emateko apustu argia da, bai eta ezagutzan oinarritutako gizarteari ekarpena egitekoa ere, Europako Next-Generation suspertze funtsetarako “Gipuzkoa Quantum” proiektu estrategikorako proiektuarekin bat etorriz». 

Multiverse Computing enpresak Donostian du egoitza, eta filiala Toronton; software hiperefizientea ematen die konputazio kuantikoa eta adimen artifiziala konbinatuz abantaila bat izan nahi duten finantza industriako enpresei. Nazioarte mailan ospe handia duen aditu talde bat da, problema finantzario eta makroekonomikoetarako ikuspegi berritzaileak dituena. Ikerketak eremu horretan duen garrantziaz jabetuta, Multiverseko taldeak zientzia artikulu ugari argitaratu ditu, teknologia kuantikoei eta finantzetarako “quantum-Inspired”i buruzkoak. Gaur egun, artikulu horiek munduan irakurrienak eta aipatuenak dira. Multiverse Computingek bazkide teknologiko onenekin lan egiten du: AQT, Orca, IBM, Microsft, Fujitsu, Xanadu, D-Wave, NTT, Rigetti, StrangeWorks, Huxelerate, Pasqal eta Amazon AWS. Bere jardun eremuak optimizazioko, sailkapeneko, laginketako edo ikaskuntza automatikoko arazo trataezinak barne hartzen ditu, konputazio kuantikoaren ikuspegitik edo oinarri kuantikoko konputazioarenetik. Enpresak, oraintsu, finantzaketa erronda bat itxi du, 1,5M €-koa, eta sektorean mundu mailako lider gisa erreferentziatu dute Boston Consulting Groupen, IBMren, McKinseyren argitalpenetan eta The Economisten.   


Gaika filtratu