Breadcrumb

DIFusio@

Fakultatean egindako konposta, bikaina

Irudia

Jaso berriak ditugu Fakultatean egiten den konpostaren analisien emaitzak, eta, emaitza horiek diotenez, gure konposta bikaina da.

Bi motako analisiak egiten dira, bata osasun-kontrolerako, eta bestean, bere kalitatea neurtzeko, kontrolatzen dira metal astunen agerpena, konpostaren garbitasuna bermatzeko, eta konpostaren gatz disolbagarrien neurria (eroankortasuna), lurretan eragin dezakeen deshidratazio-efektua mugatzeko.

Bietan oso emaitza onak jaso ditugu. Osasun kontrolaren arabera, ez dago arriskutsua izan daitekeen patogenorik gure konpostean. Konpostaren garbitasunari dagokionez, Eurolabel lortzeko neurriak betetzen ditugu, eta, eroankortasunari dagokionez, I. Klasekoa (hoberena) izateko neurriak betetzen ditu konpostak.

2018. urtetik hona egiten dugu konposta Ibaetan, Informatika Fakultateko sukaldean eta jangelan sortzen diren hondakin organiko guztiak bertan konpostatuta. Gero, konpost hori erabiltzen da campuseko bertako lorezaintzan eta sagarrondoetan, baita konpostegileen baratzean ere. Gainera, konpostagunean konpostatzeko ikastaro praktikoak ematen dira urtero, campuseko kide guztiei eskainita. Egitasmoa abiatu zen Ibaetako Errektoreordetzak, Informatika Fakultateak, eta Donostiako Udalak bultzatuta.

Bertan konpostatzea da hondakin organikoei eman dakiekeen tratamendurik hoberena, ikuspuntu guztietatik, ekologikotik zein ekonomikotik. Bere onurak ezagututa, Estatuko zein Europako legediek lehenesten dute bertan konpostatzea.

Campusean konpostatzen ikasi nahi baduzu, idatzi hona: mmi@ehu.eus.


Gaika filtratu