Mikel Laboa Katedraren ikergaietako bati buruzko
doktorego-tesia egiteko kontratazio-deialdia
2017

Deialdia PDF formatuan | Eskari-orria

DEIALDIAREN XEDEA

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetzari esker sorturiko Mikel Laboa Katedraren helburu nagusia da euskal arteari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea.

Gainera, Katedraren zereginen artean honako hauek agertzen dira:

  • Euskal arteak eta folkloreak izan dituzten agerraldien azterketa, ikerketa eta gizarte-hedakuntzarekin loturiko jarduera mota oro sustatzea, bultzatzea eta zabaltzea, ikuspegi berritzaile batetik.
  • Artearen eta folklorearen adierazpenei buruzko doktorego-tesiak sustatzea.
  • Euskal artisten obrari buruzko doktorego-tesiak sustatzea.

Hitzarmenean gaineratzen da musika, dantza eta bertsolaritzari arreta berezia eskainiko zaiola; Mikel Laboa eta beraren lanaren izaera berritzailea izango dira Katedraren inspirazio-iturri, eta Mikel Laboaren beraren obra aztertzea bultzatuko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak adosturiko egitasmoan esaten da Katedrak hasiera-hasieratik erakutsi behar duela ikerketarako eta ikerketa bultzatzeko bokazioa; orobat, oinarrizko ikerketa doktorego-tesitik abiatzen dela ezinbestean. Ildo horretatik, zehazten da Mikel Laboa Katedraren ikergaiei buruzko doktorego-tesiak egiteko laguntza bideratuko dela deialdi bidez.

Hori guztia kontuan izanik, deialdi honen xedea honako hau da: Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinaturiko lankidetza-hitzarmenaren esparruan, deialdi publikoa argitaratzea Mikel Laboa Katedraren ikergaiei buruzko doktorego-tesia egitea helburu duen doktorego aurreko kontratu bat formalizatzeko UPV/EHUn. 2017ko deialdian, honako ikerketa-lerro hauetakoren batekin erlazionaturiko ikergai bat hautatuko da:

  • Euskal artea eta folklorea (bereziki musika eta dantza).
  • Euskal artearen eta folklorearen agerpenak.
  • Euskal artisten obra (bereziki Mikel Laboarena).

PROZEDURA

  • 2017an doktorego aurreko kontratu bat finantzatuko da.
  • Kontratatuak izan daitezkeen hautagaiek masterra edo horren baliokidea amaituta izan beharko dute kontratua sinatzeko unean eta UPV/EHUko doktorego-programa batean matrikulatuta egon beharko dira (2017ko abenduan).
  • Aukeratutakoak doktorego aurreko urte beteko kontratu bat lortuko du, beste hiru urtez luzatzeko modukoa, Euskal Herriko Unibertsitateko sail edo institutu batean tesia egiteko. Laguntzen ezaugarriak "UPV/EHUko Ikertzaileak Prestatzeko Kontratazioa Egiteko Deialdia (2017)" deialdiaren 5. oinarrian jasotakoak izango dira. Matrikulazio-gastuak aukeratutako doktoregaiak ordainduko ditu.
  • Doktorego aurreko kontratu hori UPV/EHUren bidez formalizatuko da.
  • Tesiaren defentsa kontratua amaitu baino lehen egingo balitz, kontratatuak Doktore-titulua eskuratzen duen hilaren azken egunean etengo da kontratua. Kontratatuaren obligazioa izango da tesiaren defentsa-data aurretiaz (gutxienez aste bete lehenago) jakinaraztea Mikel Laboa Katedraren zuzendariari.
  • Doktoregaiak urtero aurkeztuko dio Mikel Laboa Katedraren zuzendariari, irailaren 15a baino lehen, urtean egindakoaren txostena eta hurrengo urteko eginkizunen aurreikuspena. Txosten hori tesi-zuzendariak sinaturik entregatuko da. Txostenaren ebaluazioaren arabera berrituko da kontratua, betiere aurrekontu nahikoa izanez gero.
  • Mikel Laboa Katedraren ikergaietako bost aditu doktorez osaturiko hautaketa-batzordeak baloratuko ditu aurkezturiko curriculumak eta tesi-proiektuak. Baremoak zehaztu ondoren, puntu gehien duenetik gutxienekora doan zerrenda egingo du. Puntuazio altuena lortu eta kontratatua izatea merezi duen hautagaiaren izena proposatuko dio Mikel Laboa Katedraren zuzendariari, bai eta horren ordezkoen izenak, uko egiteak edo beste edozein gertaera konpontzeko. Batzordeak gurako guztiei edo batzuei elkarrizketa pertsonalak egitera dei egin ahal izango die. Batzordeak laguntzak eskuratu nahi dituzten eskatzaileen soslaiei egoki iritziko ez balie, 2017an kontraturik egin gabe utz liteke.

ESKARIAK

  • Eskariak MIKEL LABOA KATEDRAREN ZUZENDARIARI bidaliko zaizkio, Katedraren egoitzara (Mikel Laboa Katedra. Carlos Santamaria Zentroa, B2 bulegoa. UPV/EHUren Gipuzkoako Campusa. 20018 Donostia).
  • Deialdi honekin batera doan eskari-orria betez aurkeztuko dira UPV/EHUren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan (Erregistro Orokorraren bulegoen zerrenda 2007ko maiatzaren 28ko UPV/EHUren Ebazpenaren bidez argitaratu da 2007ko abuztuaren 3ko EHAAn) (https://www.ehu.eus/erregistroko_bulegoak.html); Herri Administrazioen Araubide Juridikoen eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legeko 38.4 artikuluaren arabera ere aurkez daitezke.
  • Eskariak aurkezteko epea: 2017ko urriaren 15era arte.
  • Eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
    • a) NANaren fotokopia.
    • b) Curriculum vitaea eta curriculumean aipaturiko merezimenduak egiaztatzen dituzten dokumentuen kopia. Egiaztatu gabeko merituak ez dira baloratuko.
    • c) Norberaren ikasketen espedientea (Doktoregoko ikasketetara edo Ikerkuntzako Master Ofizialera sarbidea ematen duen tituluaren ikasketen espedientea), non lortutako kalifikazio guztiak eta horien datak agertzen diren. Espedientean agertu behar du titulua eskuratzeko egin behar diren irakasgai edo kreditu guztiak egin direla.
    • d) Doktorego-tesiaren proiektuari dagokion txostena, tesiaren eta saileko/institutuko zuzendarien oniritziekin.
    • e) Tesiaren zuzendariaren curriculum vitaea, erabili ohi diren formatuetakoren batean.
    • f) Merezimenduak barematzeko esanguratsutzat jo litekeen beste edozein dokumentu.
    • g) Aurkeztutako dokumentuen zerrenda (I Eranskina).
  • Dokumentu horiek paperean aurkezteaz gain, gidor.bilbao@ehu.eus helbidera bidaliko dira dokumentu hauen artxibo elektronikoak:
    • Eskari-orria, behar bezala beteta.
    • Doktorego-tesiaren proiektuari dagokion txostena.

EBALUAZIO-IRIZPIDEAK

Proposamenak honako irizpide hauei jarraituz ebaluatuko dira:

  • Proiektuaren ebaluazioa: doktorego-tesia egiteko proiektuaren eta metodologiaren helburuak eta interesa: gehienez 10 puntu.
  • Proiektuaren egokitasuna Mikel Laboa Katedraren helburuetarako: gehienez 4 puntu.
  • Doktoregaiaren espedientea: CVa eta espediente akademikoa: gehienez 5 puntu.
  • Euskarazko tesiak lehenetsiko dira: gehienez 1 puntu.
  • Gutxi landutako ikerketa-lerroak lehenetsiko dira: gehienez 1 puntu.
  • Euskal musika eta dantzari buruzko proiektuak lehenetsiko dira: gehienez 1 puntu.
  • Mikel Laboari eta Mikel Laboaren obrari buruzko proiektuak lehenetsiko dira: gehienez 1 puntu.

DATAK ETA INFORMAZIOA

  • Eskariak aurkezteko epea: 2017ko urriaren 15era arte.
  • Hautatuen izenak eta ordezkoen zerrenda argitaratzeko eguna: 2017ko azaroaren 15a, beranduenik.
  • Kontratua sinatu eta tesia egiten hastea: 2017ko abendua.
  • Mikel Laboa Katedraren atarian argitaratuko da deialdiari buruzko informazioa eta deialdiaren urratsen berri: https://www.ehu.eus/laboakatedra
  • Deialdiaren inguruko gorabeherei buruzko galderak honako helbide elektroniko honetara zuzenduko dira: gidor.bilbao@ehu.eus