imagen formación dual

Formación Dual

Aurkezpena

Enpresen eskaerei erantzunez, enpresan lortutako gaitasunak eta maila akademikoan (Unibertsitatea) lortutakoak uztartu nahi ditugu, prestakuntza sistema tradizionala berrituz. Hots, gai izatea ikaslearen irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetzeko, enpresan banaka lagunduz eta tutore eskarmentudunekin jarraipenak eginez

Helburua

Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak konpromisoa dauka bikaintasun akademikoaren bidez prestakuntzaren erreferente baliotsua izateko, bere arloetan euskal gizartearen premiei behar bezala erantzuteko.

Txandakako prestakuntzaren helburu nagusia da ikasleak garatzen dituen gaitasunak bat etortzea bere ikasketen profil profesionalarekin eta inguruneko enpresen premiekin. Bestela esanda, ikasleak profesionalizatzea eta ingurune sozioekonomikoan txertatzea bilatzen da.

Horiek horrela, prestakuntza sistema tradizionaletik irten eta ibilbide berri bat txertatu nahi dugu Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduan, ikasleek ikasgelako prestakuntza osatu ahal izan dezaten enpresan eskuratutako gaitasunekin.  Hau da, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetu gura dugu, enpresan ikasle bakoitzari banan banako laguntza emanez eta unibertsitateko irakasle tutoreak prozesuari jarraipena eginez.

Eredu dualaren abantailetako bat da enpresek parte hartuko dutela ikasleen hautaketan, eta horrela beren premiei ondoen egokitzen zaizkien ikasleak aukeratu ahal izango dituztela. Gainera, ikasleak txertatzea gizartearen garapen eta hazkunde jasangarriarekin konpromisoa daukaten enpresen sarean lagungarria izango da jakintza eta ezagutza metatua euskal gizarteari transferitzeko.

Esandakoaren adierazgarri dira ibilbide honetan interesa erakutsi duten ikasle ugariak, eta Euskal Herriko gizarte graduatuen elkargo profesionalek ekimenari egindako harrera ona.

Egitura

LH eta GBetako Gradua lau modulutan antolatua dago. Moduluok bat datoz lau maila akademikoekin. Lehenengo hiru moduluak nahitaezko irakasgaiek osatzen dituzte; laugarren moduluan, berriz, nahitaezko irakasgai bat dago, eta gainerakoa hautazko gaiek, borondatezko praktikek eta Gradu Amaierako Lanak osatzen dute.

Ibilbide duala laugarren moduluan (edo mailan) egingo litzateke: ordezkatuko lituzke hautazko gai guztiak, zeinetan titulazioko gaitasun zehatzak eta transbertsalak ematen diren.

Ibilbide duala egiten duten ikasleek egonaldi bat egingo lukete enpresa batean (48 kreditu), bi fasetan banatua. Gainera, ikasleak enpresan egindako egonaldiari lotutako Gradu Amaierako Lana egin eta aurkeztu beharko du (6 kreditu). Beraz, ibilbide dualean ikasleak 1.200 ordu egiten ditu enpresan, gehi GRALari dagozkion 150 orduak.

IBILBIDE DUALA

6 kreditu "Auditoria Soziolaboral" ikasgaian

48 kreditu enpresako egonaldian

6 kreditu GRALean

 

Ibilbide dualaren 60 kredituak graduko graduen % 25 dira.

Prestakuntza dualaren ibilbidearen kronograma

Ibilbide duala enpresan egiten da ia osoan. Hautazko irakasgaiei dagozkien 1200 orduetatik 30 ordu baino ez dira egiten ikasgelan (15 ordu irakasgai bakoitzean: bost ordu ikasleari aurkezteko enpresan landuko dituen jarduerak, ikaskuntzaren emaitzak eta gaitasunak, eta 10 ordu, berriz, azken memoria aurkezteko). Ibilbide dualaren gaitasun ia guztiak enpresan lantzen dira, nahiz eta gaitasun orokorren bat ikasgelan lantzen den.

Bestalde, kontuan hartu behar da ibilbide dualaren parte ere badela, 4. mailako derrigorrezko irakasgai bakarra, "Auditoria soziolaborala". Dituen 6 kredituetatik, 2,25 baino ez dira 1. lauhileko enpresako egonaldiei gehituko zaizkien praktiketako kredituak, eta 3,75 kreditu teorikoak, berriz, Unibertsitatean egin beharko dira.

Taula honetan ikus daiteke unibertsitatean eta entitatean egingo diren ECTS kredituen banaketa, maila eta gai bakoitzeko:

Irakasgaiak Unibertsitatea Enpresa Kredituak, guztira
Enpresako I. egonaldia 0,6 kreditu 23,4 kreditu 24 kreditu
Enpresako II. egonaldia 0,6 kreditu 23,4 kreditu 24 kreditu

 

Enpresetan Egonaldia irakasgai bakoitzak dituen 600 orduetatik (hots, 24 kredituetatik) 15 ordu (0,6 kreditu) ikasgelan ematen dira, eta 585 kreditu (hau da, 23,4 kreditu), berriz, enpresan ematen dira.Bestalde, nahitaezko Auditoria Soziolaborala orain Ibilbide dualaren zati da, eta haren kreditu praktikoak I. enpresako egonaldian (56,25 ordu) integratzen dira; alde magistrala, berriz, ikasgelan emango da.

Horrenbestez, hauek izango dira benetako orduak enpresan:

1. lauhilekoa "Enpresaren egonaldia i" ikasgaia 585 ordu + Auditoria soziolaborala irakasgaia 56,25 ordu = 641,25 ordu
2. lauhilekoa "Enpresaren egonaldia i" ikasgaia 585 ordu
Orduak guztira 1.230 ordu


Enpresako egonaldien iraupena: ikasleak egunean 6 orduz jardungo du enpresan, haren lan egutegiaren barruan.

4. maila: ibilbide duala
1. lauhilekoa 2. lauhilekoa

Enpresako I. egonaldia

24 ECTS = 600 ordu

Enpresako II. egonaldia

24 kreditu=600 ordu
GRALa GRALa

 

Ikus dezakegunez, ibilbide dualaren zatirik handiena erakundean egiten da, "Auditoria soziolaborala" irakasgaiaren zati teorikoa edo magistrala izan ezik, enpresan egin beharreko jardueren aurkezpena ikasgaiaren hasieran, eta egindako txostenen bateratzea, amaieran. Erakundean prestakuntza garatuko dela bermatzeko behar den prestakuntza titulazioaren lehen hiru ikasturteetan eta "auditoria soziolaborala" irakasgaian ikasten den zati teorikoan eman dela uste da.

Enpresako I. eta II. egonaldietako irakasgaien egitura goiko taulan ageri dena da, baina irakasgaien aurrerabideari dagokionez, hiru maila zehaztu dira:

  • 1. maila: ikaslea ingurune profesionala ezagutuz joango da: enpresaren sailak, prozesuak, lanpostuak, erakundearen kultura, enpresaren arazoak… Ezagutze hau aldi berean behaketa lana eta esperientzia da, ikasleak bere lanaren ekarpena egingo baitio enpresari, ahal duen neurrian. Lehen maila honi «Enpresako Egonaldia I» irakasgaiaren 8 kreditu dagozkio (200 ordu).
     
  • 2. urratsa: ikaslea enpresaren arlo edo sail espezifiko batean txertatuko da eta bertako ohiko zereginak egingo ditu. Maila honek 16 kreditu dauzka (400 ordu).

    «Enpresako Egonaldia I» irakasgaiaren amaieran ikasleak txosten bat egingo du eta ibilbidean parte hartu duten gainerako ikasle eta tutoreen aurrean azalduko du.
     
  • 3. maila: ikasleak ardurak hartuko ditu sail jakin batean, eta bere gaitasunak garatu beharko ditu, teknika, antolaketa eta jendetasun faktoreak konbinatuz. Maila honek 24 kreditu dauzka (600 ordu), guztiak ere «En presako Egonaldia II» irakasgaiari dagozkionak.
    «Enpresako Egonaldia II» irakasgaiaren amaieran ikasleak txosten bat egingo du eta ibilbidean parte hartu duten gainerako ikasle eta tutoreen aurrean azalduko du.

Ikasleak aukeratzako irizpideak - 2022/23

2022-2023 IKASTURTEA

Prozesu honek bi fase ditu:

1. fasea: Fakultatearen aurrehautespena:

Hautespena egiteko irizpideak ezartzeko ardura duen organoa Batzorde duala da eta hau izango da, ibilbide dualari dagokion prozesu osoan, bere ardura duen pertsonari babesa eta laguntza eskainiko dion organo bildua. Batzorde duala fakultateko batzarrak onartu zuen 2017ko abenduaren 20ko bileran.

2. lauhilekoaren hasieran (2022ko otsailaren 21etik 28ra) epe bat irekiko da 3. maila egiten ari diren ikasle interesdun guztiek izena eman dezaten 4. mailako prestakuntza dualeko 10 plazak eskuratu ahal izateko.

Aurretiko hautaketa egiteko baldintza da une horretan lehen bi ikasturteetako eta 3. ikasturteko 1. lauhilekoan amaitutako irakasgai guztiei dagozkien 144 kredituak gaindituta izatea.

Gehienez ere 14 plaza hautatzeko irizpidea ikasleen espediente akademikoaren batez besteko nota izango da.

Ondoren, 3. maila amaitu ondoren, aurrez hautatutako ikasleak honako irizpide hau betetzen duten ikasleek baino ez dituzte hautatuko enpresek:

  • Deialdi arruntean 3. mailako gainerako 36 kredituen irakasgaiak gainditzea.
  • Ondoren plaza libreak geratzen badira, aparteko deialdian gainditzen duten pertsonak hartuko dira kontuan.

Beraz, lehen hiru ikasturteetako 180 kredituak gaindituta dituzten ikasleak sar daitezela enpresen hautaketan.

2. Fasea: Enpresak ikasleak hautatzea

Aurrehautatutako 14 ikasleetatik, ekainean baldintzak bete badituzte, 10 pertsonak bakarrik egingo dute Ibilbide duala, eta enpresak aukeratuko ditu pertsonak. Enpresen hautaketa ekainaren 15a inguruan hasten da.

Enpresa gehienek aitortzen dute inportantea dela oso haiek beraiek hautatzea prestakuntza dualean parte hartu eta enpresan egonaldia egingo duten ikasleak. Enpresek fase hauetan hartzen dute parte ikasleak hautatzerakoan:

  1. Enpresak, ikastegiak lagunduta, deskribatzen ditu ikasleak egingo dituen jarduerak (banakako proiektu profesionala).
  2. Eskaintza guztiak aurkezten zaizkie hautespenean diren ikasle guztiei.
  3. Hautagaiek lan eskariak aurkeztuko dituzte interesatzen zaizkien enpresetan.
  4. Enpresak elkarrizketatuko ditu hautagaiak eta interesatzen zaion pertsona hautatuko du.

Era honetara, ikasleak enpresa parte hartzaile ezberdinetara banatuko dira, zein bere profil, interes eta helburuen eta enpresa bakoitzak definitutako proiektu profesionalaren arabera.

Hautaketa prozesu honetan, ikaslea eta enpresa dira erabakitzen dutenak. Enpresan curriculuma eta elkarrizketa pertsonala izango ditu oinarri, egonaldia bertan egitea eskatu duten hautagaien artean aukeratzeko.

Pertsona bera zenbait enpresak aukeratuko balute, hautagaia izango da erabakia hartuko duena.

Enpresek hautatu ez dituzten ikasleek beste ibilbide bat egin beharko dute fakultateak gradu honetan eskainitakoen artean.

Gerora, ikastegiak eta enpresak beren arteko harremana formalizatu beharko dute, hiru aldeek sinatu beharko duten prestakuntza hitzarmen baten bidez.

Hautatutako ikasleek, txandakako jarduerari ekin baino lehen, idazki bat sinatu eta aurkeztu beharko dute ikastegian, non agertuko baitute jaso egin dutela prestakuntza dualari buruzko informazioa eta konpromisoa enpresak ezarritako egutegi, lanaldi eta ordutegia eta bertan ezarritako barne arauak hertsiki betetzeko.

Enpresak uztailean burutu behar du ikasleak hautatzeko prozesua, ikastegiak egindako bigarren aurrehautespena egin eta gero.

Hezkuntza lankidetzarako hitzarmena edo ikasleen kontratazioa

Txandakako prestakuntza duala bi motatakoa izan daiteke, ikasleen eta enpresen arteko harremanari dagokionez:

  • a) Ikastegiaren eta enpresaren artean txandakatua, lan kontratuarekin.
  • b) Ikastegiaren eta enpresaren artean txandakatua, ikasleei diru laguntza bat emanez, praktiketarako hitzarmen baten edo antzeko formula baten bidez.

Enpresaren eta ikasle langilearen arteko harremana lan arloan kokatuko da lan kontratu baten bidez. Salbuespenez, eta kontratua egitea ezinezkoa denean baino ez, praktiketarako hitzarmen bat egin liteke, ordainsariarekin eta Gizarte Segurantzako prestazioekin.

Gaur egun, Lanbide Heziketako prestakuntza dualean ez bezala, unibertsitatean ez da existitzen prestakuntza kontratua deritzona. Hori dela eta, gurekin kolaboratzen duten enpresek eta guk oraingoz, eta unibertsitatean kontratu hori ez dagoen artean, nahiago izan dugu hezkuntzarako lankidetza hitzarmenaren alternatibaz baliatzea.

Kasu horretan enpresan egon bitartean ikasleei emango zaien diru laguntza ez da izango txikiagoa dagokion urteko lanbidearteko hileko gutxieneko soldata baino, enpresan emandako denbora efektiboaren proportzioan. Edozelan ere, ikasleek ez dute inoiz jasoko lanbidearteko gutxieneko soldatarako ezarritako balioaren %60 baino gutxiago.

Gainera, aurrekoa gorabehera eta kasu guztietan, ikasleak, fakultateak eta enpresak prestakuntzarako hitzarmen bat sinatuko dute beti ikaslearen txandaketa formalizatzeko. Hiru aldeko hitzarmen horretan konpromiso hauek jasoko dira:

  1. Prestakuntza programa, hau da, ikasleak ikastegian eta enpresan bete beharreko zereginak.
  2. Ikaslearen izena.
  3. Diru laguntzen araubidea, halakorik badago.
  4. Ikastegian eta enpresan ikasleak bete beharreko lanaldia eta ordutegia.
  5. Ikaslearen ordainsaria.
  6. Enpresek, ikasleek, irakasleek eta tutoreek bete beharreko baldintzak.
  7. Ebaluazio eta kalifikazio irizpideak.
  8. Prestakuntza prozesuan parte hartuko duten ikasleek eta irakasleek izan beharreko aseguruak.
  9. Tutoreek jasoko duten prestakuntza.
  10. Enpresak instalazio egokiak eduki beharra ikasleak bere titulazioko gaitasunak garatzeko.
  11. Enpresa gehiago ibilbide dualera batzeko irizpideak.
  12. Enpresak programan mantentzeko jarraipen eta ebaluazio prozedura.
  13. Enpresaren, unibertsitatearen eta ikaslearen arteko hitzarmen bakoitzerako batzorde misto bat eratuko da.

Harremanetarako pertsonak