Eduki publikatzailea

Unibertsitate master ofizialak ezartzeko, aldatzeko eta kentzeko proposamenenprozedurari buruzko arautegia

II. kapitulua. Antolaketa.organoak eta eginkizunak

2. artikulua.- Unibertsitate masterren organo proposamengileak eta arduradunak.

1.- Unibertsitate masterra proposatzeko ekimena ikastegi, sail edo unibertsitate institutu batena edo hainbatena den kontuan hartu gabe, unibertsitate masterra antolatzeko eta garatzeko erantzukizuna UPV/EHUren ikastegi, sail edo unibertsitate institutu bakarrarena izango da.

2.- Ikastegi atxikietan, horretarako sinatutako atxikipen hitzarmenean ezarritakoaren arabera emango dira unibertsitate masterrak.

3.- Master berri bat ezartzeko proposamenak honako hauek izango ditu beti:

  1. Ikastegi arduradunaren akordioa.

  2. Campuseko Batzarraren txostena.

  3. Irakasgaiak ematekoardura hartuko duten sailetako kontseiluen akordioak.

  4. Irakasgaien arduradunak izan gabe haien irakaskuntzan inplikatuta dauden beste sail batzuen akordioak.

  5. Hala behar bada, masterra emango duten beste zentro batzuen akordioa, bertako ikasgelak, mintegiak eta beste azpiegitura batzuk erabiltzeko baimenari buruz. 

  6. Irakaskuntza emango den beste erakunde publiko edo pribatuekiko lankidetza hitzarmenak.

  7. Masterraren Batzorde Akademikoaren osaera.

3. artikulua.- Unibertsitate masterraren Batzorde Akademikoaren osaera, izendapena eta eginkizunak.

1.-Masterraren Batzorde Akademikoaren burua masterraren arduraduna izango da, zeina UPV/EHUren masterreko irakaslea eta doktorea izango baita, arduraldi osoz.

Batzorde Akademikoa beste bi batzordekidek osatuko dute, eta horiek ere UPV/EHUko irakasle-ikertzaileak, masterreko irakasleak eta doktoreak izango dira.

Batzorde akademikoetan ezarritako baldintza horiek betetzen ez dituzten kideen parte hartzea behar bezala justifikatu beharko da, Graduondoko Batzordeak aztertu eta, hala badagokio, onar dezan.

2.-Masterraren Batzorde Akademikoko kideen izendapena dagokion Ikastegiko Batzarrak onartu behar du, eta gero Graduondoko Batzordeari igorri behar zaio, honek berrets dezan.Proposamenean, masterraren arduraduna eta bi batzordekideak zein izango diren adierazi beharko da.

Master proposamen berrien kasuan, dagokion batzorde akademikoaren eraketa masterra inplementatzeko proposamenaren zati bat izango da.

Dagoeneko martxan diren batzorde akademikoak aldatu ahal izango dira, partzialki edo osorik, Masterraren Batzorde Akademikoaren edo tituluaz arduratzen den ikastegiaren beraren ekimenez.

3.-Masterraren Batzorde Akademikoak, ikastegiek dituzten eskumenak ezertan eragotzi gabe, honako eginkizun hauek izango ditu:

  1. Masterraren edukiak, ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak eta metodologia zehaztea.

  2. Hizkuntza araudiak bere garaian unibertsitateko masterren gainean ezarritakoa betetzea.

  3. Ikasleak hautatzeko irizpideak ezartzea.

  4. Ikasleak onartzeko proposamena dekanoari edo zuzendariari helaraztea, honek onar dezan, eta onarpenen inguruan aurkeztutako erreklamazioen gainean informatzea.

  5. Masterreko ikasleei lotutako gorabeherak, bereziki, irakasgaien ebaluazioari lotutakoak, konpontzea, Unibertsitate Masterrak Kudeatzeko Arautegiaren arabera.

  6. Ikasleen praktikez eta mugikortasunaz arduratzea, masterraren ardura duen ikastegiaren laguntza administratiboarekin.

  7. Masterreko ikasleen tutoreak izendatzea, hala behar bada.

  8. Irakasleen irakaslanaren banaketan izandako aldaketak onartzea, aldez aurretik dagozkion sailek horretarako baimena eman badute.

  9. Unibertsitate masterra lortzeko ikasketak egoki garatzeko eta funtzionatzeko beharrezkoak diren zeregin guztiak egitea.

  10. Masterra behar bezala garatzeko ardura hartzea, etorkizuneko akreditazioa bermatzeko.

  11. Tituluari lotutako alderdietan, Ikastegiaren Kalitatea Bermatzeko Sisteman emandako eginkizunez arduratzea.

4. artikulua.- Unibertsitate masterraren arduradunaren eginkizunak.

Masterraren irakasle arduradunak, ikastegiek dituzten eskumenak ezertan eragotzi gabe, honako eginkizun hauek izango ditu:

  1. Unibertsitateko masterraren jarraipena egitea, baita, hala badagokio, irakaskuntza txosten akademikoan ezarritako masterreko praktiken jarraipena ere.

  2. Masterrerako beharrezkoak diren giza baliabideen, azpiegituren eta bestelako zerbitzuen eskuragarritasuna edo beharrak identifikatzea, eta justifikazio memorian jasotzea.

  3. Unibertsitate masterrean sortutako gorabeherak konpontzea, masterraren Batzorde Akademikoaren aholkularitzaz.

  4. Beste erakunde edo entitate publiko nahiz pribatu batzuekin lankidetza hitzarmenak izenpetzeko proposamenak lantzea. Hitzarmenak arautegi honen 10. artikuluan aurreikusitakoaren arabera izapidetuko dira.

  5. Unibertsitate masterra garatzeko beharrezkoak diren laguntzak eta diru laguntzak eskatzea.

  6. Unibertsitate masterraren kudeaketa ekonomikoaren ardura hartzea, masterraren ardura duen ikastegiarekin batera.

  7. Beharrezkoak diren ziurtagiri ez-ofizial guztiak igortzea.

  8. Unibertsitate masterra egoki garatzeko eta funtzionatzeko beharrezkoak diren bestelako zeregin guztiak egitea.