Eduki publikatzailea

Unibertsitate master ofizialak ezartzeko, aldatzeko eta kentzeko proposamenenprozedurari buruzko arautegia

VI. kapitulua. Erakunde publiko edo pribatuekiko lankidetza hitzarmenak

9. artikulua.- Hitzarmen motak.

1.- Estatuko edo nazioarteko unibertsitateen arteko lankidetza hitzarmena, master ofizialak batera antolatzeko.

2.- Masterra osorik edo partzialki emango duten erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetza hitzarmena, baita bestelako erakundeekiko hitzarmenak ere. Horrelakoetan hitzarmenik egon ezean, ezingo da masterra eman.

3.- Lokalak erabiltzeko, finantzaketa lortzeko, masterra emateko, titulu bikoitzerako, mugikortasunerako edo egoki iritzitako beste zerbaitetarako hitzarmenak.

4.- Beste erakunde publiko edo pribatu batzuekiko lankidetza hitzarmenak, ikasleek kanpoko praktikak egin ditzaten. Hitzarmen horiek Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzeko UPV/EHUren Arautegiak ezarritakoaren arabera arautuko dira.

5.- Beste erakunde publiko edo pribatu batzuekiko lankidetza hitzarmenak, master amaierako lanak egiteko. Hitzarmen horiek master amaierako lanei buruzko arautegian ezarritakoaren arabera arautuko dira.

10. artikulua.- Izapideak.

1.- Unibertsitate masterrak antolatzeko eta garatzeko lankidetza hitzarmenen izapideak arautegi honetan ezarritakoaren arabera egingo dira, honako araudi hauen babesean:

  • UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendu Arautegiaren (2009ko maiatzaren 26ko EHHA), 5. artikuluaren f) atala unibertsitate masterren lankidetza mota guztiei aplika dakieke, kanpo praktikak eta master amaierako lanak egiteko hitzarmenei izan ezik.

  • Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak Arautzeko Arautegia curriculumeko eta curriculumekoak ez diren kanpoko praktiken hitzarmenei aplika dakieke. Eta master amaierako lanen araudia.

2.- Aurreko artikuluaren 1. eta 2. ataletan aipatutako hitzarmenak masterraren arduradunak Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzari aurkeztuko dizkio, unibertsitate masterraren proposamenarekin batera eta hura justifikatzeko memoria erantsita lehendik aztertzeko. Gero, ikastegiaren aldeko akordioa beharko da, Graduondoko Batzordeak onar dezan, eta aldeek izenpetu beharko dute, ministerioari tituluaren egiaztapena eskatu, beharrezkoa bada, eta jarduerak hasi baino lehen.

3.- Aurreko artikuluaren 3. atalean aipatutako hitzarmenak masterraren arduradunak Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzari aurkeztuko dizkio, unibertsitate masterraren proposamenarekin batera, eta hura justifikatzeko memoria erantsiko du, aldez aurretik aztertzeko. Gero, ikastegiaren aldeko akordioa beharko da, Graduondoko Batzordeak onar dezan, eta aldeek izenpetu beharko dute, jarduerak hasi baino lehen.

4.- Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzak hitzarmenaren xede den gaian eskumenak dituzten organoen edo zerbitzuen txostenak bilduko ditu.

11. artikulua.- Baimentzea eta sinatzea.

1.- Arautegi honen 9. artikuluaren 1. atalean zehaztutako hitzarmenak Graduondoko Batzordeari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan, eta errektoreak sinatuko ditu. Gobernu Kontseiluari hitzarmenaren berri eman beharko zaio, eta sinatu ondoren, jatorrizko ale bat Idazkaritza Nagusiari bidaliko zaio, erregistra dezan.

2.- Arautegi honen 9. artikuluaren 2. eta 3. ataletan zehaztutako hitzarmenak Graduondoko Batzordeari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan, eta Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak sinatuko ditu, non eta, egoerari lotutako arrazoiak direla eta, errektoreak berak sinatzeari egoki irizten dioten. Gobernu Kontseiluari hitzarmenaren berri eman beharko zaio, eta sinatu ondoren, jatorrizko ale bat Idazkaritza Nagusiari bidaliko zaio, erregistra dezan.

3.- Arautegi honen 9. artikuluaren 4. atalean zehaztutako kanpoko praktiken hitzarmenak kargu eskudunak sinatuko ditu, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzeko UPV/EHUren Arautegiak ezarritakoaren arabera.

4.- Arautegi honen 9. artikuluaren 5. atalean aipatutako master amaierako lanetarako hitzarmenak lan horiek egiteko arautegian ezarritakoaren arabera onartu eta izenpetuko dira.