PRESENTACION

Aurkezpena

Irudia

2019ko irailaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Pediatria Saila zuzentzen dut, ohorez zuzendu ere. Arabako, Basurtuko, Gurutzetako, Donostiako  eta Galdakaoko unibertsitate ospitaleetan dauden bost irakaskuntza unitatek osatzen dute saila, eta irakaskuntza eta ikerketa tradizio luzea du (40tik gora jada).Sailaren jarduera garatzeko, 50 irakaslek baino gehiagok parte hartzen dute. Gainera, Santiago Mintegi irakaslea idazkari akademikoa da eta Andoni Triguero jaunak AZPko Idazkaritza Teknikoko lanak egiten ditu.

Erantzukizun partekatu berri honetan, helburu hauek lortu nahi ditugu:

  • Bost irakaskuntza unitateen artean ahalik eta integrazio handiena izatea, eta, horretarako, irakaskuntza teorikoa, ikasleak ebaluatzeko sistema, azterketak eta praktika modalitateak bateratzea.

  • Egungo irakasleen taldea Sailaren egungo eta etorkizuneko irakaskuntza klinikoaren benetako beharretara egokitzea BOLONIA planeko graduko ikasketak behar bezala aplikatzeko, eta, aldi berean, irakasle elebidunen taldea gizartean dagoen eskariaren benetako beharretara egokitzea, kalitatezko irakaskuntza elebiduna lortzeko.

  • Ikerketa bultzatzea bere bi mailetan, oinarrizkoa eta klinikoa, eta, horretarako, doktorego tesiak eta ikerketa proiektuak egitea, eta gradu amaierako lanak, ikasketa aurreratuen diplomak eta doktorego tesiak garatzea ahalbidetzen duten ikerketa proiektuetan ikasleak sustatzea.

  • Akreditazio agentzietan (ANECA, UNIBASQ) gure irakasleen akreditazioa sustatzea, irakaskuntza karreraren garapen profesionalari begira, eta unibertsitateko irakasle titularren eta katedradunen, irakasle osoen, agregatuen, eta irakasle doktoreen plaza berrien akreditazioa eskuratzea.

  • Gure irakasleek Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eta Unibertsitateko batzorde teknikoetan eta kudeaketa organoetan parte har dezaten sustatzea, gure bizitza akademikoa profesionalizatzeko, unibertsitatearen funtzionamenduari lagunduz, eta Unibertsitate Sail gisa ikusgarritasun eta protagonismo handiagoa hartzea.

  • Lankidetza pertsonal, profesional eta akademiko estua izatea gure Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko diziplina kliniko eta aurreklinikoetako irakasleekin, eta distantzia laburtzea, fisikoa ez ezik, Fakultateko egunerokotasunean agertzen dena ere bai.

  • Gure ingurune akademiko eta profesionalean transmititzea irakaskuntza, ikerketa eta asistentzia klinikoa jarduera osagarriak direla, eta horiek direla unibertsitate-ospitale baten funtsa.Gure osasun zentroetan batera garatutako hiru alderdi horien arteko oreka nahitaezkoa da gaur egun.

  • Unibertsitate ospitaleetako eta unibertsitate ospitale ez diren ospitaleetako pediatriako zerbitzuetako eta Euskal Osasun Sistemaren osasun arloetako langile sanitario asistentzialak, UPV/EHUrekin loturarik ez dutenak, irakaskuntza eta ikerketa jardueran sartzea parte hartzaile gisa, eta Unibertsitateak “begiralearen eta kolaboratzailearen” figura aintzatestea eta Venia Docendia ematea, pediatriako eta praktika integratuko (pediatriako arloa) ikasleei irakaskuntza integratu bat eskaintzeko –horrek ospitale arloak, poliklinikak, larrialdiak eta lehen mailako arreta barne hartuko ditu, gure ingurunearen osasun errealitatera egokituta–. 

  • Irakaskuntza eta ikerketa jarduerak abian jartzea komunitatearen zerbitzura, bai eta Sailaren eta Unibertsitatearen ikusgaitasuna areagotzea ere, eta, horretarako, guraso, ikasle, irakasle, elkarte eta abarrei zuzendutako pediatriako hezkuntza proiektuak antolatzea.

  • Euskal Autonomia Erkidegoko pediatrekin elkarlaneko jarduerak bultzatzea, direla irakaskuntzakoak, direla profesionalak, elkarte profesionalen bitartez (Euskal Herriko Pediatria Elkartea eta Lehen Mailako Arretako Pediatriako Elkartea), bai eta Sailaren eta Unibertsitatearen ikusgaitasuna areagotzea ere, eta, horretarako, jarduera zientifikoetan, pediatriako ikerketa proiektuetan eta abarretan parte hartzea.

Pediatria Saila zuzentzeak harrotu egiten nau, eta, aldi berean, gure osasun zentroetan irakaskuntza teorikoa eta praktikoa hobetzearen eta ikerketa klinikoa eta oinarrizkoa egitearen erantzukizuna onartzen dut.Espero dut etorkizun hurbilean, guztion laguntzarekin, lortu ahal izatea.

Luis Antonio Castaño González irakasle doktore jauna
UPV/EHUko Pediatria Saileko zuzendaria