PRACTICAS-POSGRADO-MPGS-Informacion

FAQ-Practicas-externas-MPGS

Osasun Psikologia Orokorreko Masterreko kanpoko praktikei buruzko ohiko galderak

1. Zer dira kanpoko praktikak?

UPV/EHUko ikasleen kanpoko praktika akademikoak Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 12an onartu eta 2019ko abuztuaren 6ko EHAAn argitaratutako araudiaren arabera erregulatzen dira.

Kanpoko praktikak UPV/EHUko Osasun Psikologia Orokorreko Masterreko 2. mailako nahitaezko irakasgai bat dira (30 ECTS). Praktikei esker, ikasleak Osasunaren Psikologiaren errealitate profesionalean barneratzen dira eta bai Graduko prestakuntza teoriko praktikoan bai Masterreko lehen mailan bereganatutako ezagutzak eta gaitasunak praktikan jartzeko aukera dute; prestakuntza jasotzen ari diren profesional gisa jardunez eta gainbegiratze egokiarekin praktikan jartzeko aukera, hain zuzen.

2. Nor da praktikak kudeatzearen arduraduna?

Kanpoko Praktiken Dekanordetza eta Praktiken Batzordea dira kudeaketaren arduradunak. Halaber, Administrazio eta Zerbitzuetako langileek ondo kudeatzen laguntzen dute.

3. Noiz egin ditzaket eta zer iraupen izan dezakete?

Curriculumeko praktikak irailetik uztailera bitartean egiten dira; praktiketako zentroan 600 orduko egonaldia egiten da guztira.

4. Zer baldintza bete behar dira curriculumeko praktikak egiteko?

Irakasgaian matrikulatuta egon behar duzu eta masterreko lehen maila eginda izan. Ezingo da "Kanpoko praktikak" irakasgaia matrikulatu GRALaz gain OPOMeko ikasketa planeko 2 irakasgai baino gehiago gainditu gabe baldin badaude (irakasgaiaren kreditu kopurua edozein izanda ere).

5. Nola esleitzen dira praktiketako plazak eta noiz?

  • Otsailean, praktikei buruzko informazioa emateko hitzaldi bat egiten da lehen mailako ikasleentzat. Hitzaldi horretan, praktikak egiteko lehenesten duten esparruari eta lurraldeari buruzko galdetegi bat betetzeko eskatzen zaie ikasleei.
  • Ekainean, praktiketako plazen katalogoa argitaratzen da eta ikasleek GAUR-en bidez izena eman behar dute, katalogoko 15 aukeratuta (praktiketako plazak edo zentroak), lehentasunaren araberako ordenan.
  • Ekain-uztailean, plazak esleitzen dira, ikasleen batezbesteko notaren arabera.
  • Uztailean, ikasleek kanpoko praktiketan matrikulatu behar dute.

6. Kanpoko praktikak katalogoan agertzen ez den zentro batean egin ditzaket?

Bai, eta izapide horri esleipen zuzena deitzen zaio. Hala ere, praktikak Fakultatearekin hitzarmenak dituzten zentroetan egitea gomendatzen da, OPOMeko praktiketako zentroek bete behar dituzten irizpideak direla eta. Hala, proposatutako zentroak ekainaren 12ko ECD/1070/2013 Ministerio Aginduan deskribatutakoa betetzen duen jakin behar du ikasleak. Agindu horren bidez, Osasun Psikologo Orokorra lanbide tituludun eta arautuan jarduteko gaitzen duen Osasun Psikologia Orokorreko Masterraren unibertsitateko titulu ofizialak egiaztatzeko baldintzak ezartzen dira. Praktiken atalean honako hau jasotzen da:

Masterreko kanpoko praktikak egiteko aukera emango duten osasun zentro edo zerbitzuek dagokien autonomia erkidegoko osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduen erregistroan osasun zentro gisa baimenduta eta erregistratuta egon beharko dute.

Kanpoko praktiken hitzarmena sinatu ahal izateko, osasun zentro edo zerbitzuek, gutxienez, oinarrizko elementu hauek bete beharko dituzte:

  1. Zentroaren jarduera tasak irakaskuntzako helburuak beteko direla bermatzeko adinakoa izan beharko du: gutxienez 400 kontsulta urtean eta horietatik 80 kontsulta berriak. Era berean, kanpoko praktiketako ikasleen eta gainbegirale gisa jardungo duen psikologo kliniko edo orokorraren arteko ratioa gehienez ere 10/1ekoa izango da.
  2. Garatzen den praktika klinikoarekin bat datozen baliabide material espezifikoak:
    • Historia klinikoen artxiboa: Konfidentzialtasuna bermatuz gorde eta erabili behar dira.
    • Kasuen eta asistentzia jardueraren erregistro informatizatua.
    • Liburutegia: Laguntza kliniko-terapeutikorako oinarrizko testuen gutxieneko kopuru bat eta/edo datu iturri digitaletarako sarbidea.
    • Miaketa psikologikorako (testa) eta haztapen klinikorako (eskalak) tresnak.
    • Eremu fisikoa: Prestakuntza jarduera espezifikoak egiteko erabilera anitzeko instalazioak edukitzea.
  3. Antolamendua, barneko kudeaketa eta kalitatearen kontrola:
    • Barneko antolamenduari buruzko arauak, idatziak eta ezagunak, eta, bereziki, osasun zentro edo zerbitzuen arteko koordinazioari buruzkoak, halakorik balego.
    • Urteko programazioa, helburuen arabera.
    • Jardueren urteko memoria.
    • Oinarrizko protokoloak, eguneratuak, aplikazio diagnostiko eta terapeutikokoak.
    • Aldizkako bilerak: Aldizkako saio klinikoak (gutxienez 1 hilean)
  4. Jardueraren adierazleak:
    • Giza baliabideak: Osasun Psikologia Orokorreko Masterra duten gutxienez bi psikologo, Psikologia Klinikoko espezialitatekoak, edo, behin-behinekoz, Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 6. xedapen gehigarriaren 2. apartatuan adierazitakoaren arabera osasun jarduerak egiteko erregistratutako psikologoak.
    • Zentroan ezarritako jarduera programen esparruko laguntza programak/jarduera arautuak. Honako hauetako batzuk hartu ahal izango dira kontuan:
      • Ebaluazio psikologikoko programa.
      • Esku hartze psikologikoko programak.
      • Programa espezifikoak: adikzioak, bikote terapia, adinekoen portaera nahasmenduei arreta, haur eta gazteen portaera nahasmenduei arreta, patologia kronikoak dituzten pazienteentzako laguntza psikologikoa.
  5. Kanpoko praktikaren antolaketa, jarraipena eta ebaluazioa:
    • Praktiketako profesionalen jarraipena eta ebaluazioa egiteko izendatutako tutoreak. Prozedura jakin baten arabera izendatzen dira eta aldian-aldian berrakreditzatzen dira.
    • Kanpoko praktika garatzeko banakako plan espezifikoa.
    • Praktikaren erregistro dokumentatua eta banakakoa.
    • Jarduera praktikoaren ebaluazio arrazoitua.

7. Zer prozedura bete behar dut praktiketarako beste zentro bat aurkitu badut (esleipen zuzena deitzen duguna)?

  • Bildu eta bidali formulario honetan eskatzen diren datuak.
  • Formularioa bete ondoren, inprimatu edo gorde eskabidea egin izanaren frogagiri gisa sortzen den pdf-a.
  • Kanpoko Praktiken Dekanordetzak erkatuko ditu bidalitako datuak. Dena ondo badago, UPV/EHUren eta aukeratu duzun zentroaren artean hitzarmen berri bat egingo da eta plaza zuzenean esleituko zaizu; praktikak hasi arte ez duzu beste izapiderik egin beharko.

8. Praktikaldia hasi aurretik zerbait egin behar dut?

Bai, lehenik eta behin, GAUR-eko praktiken atalean agertzen den II. Eranskina inprimatu behar duzu; zure praktiketako plaza ziurtatzen du. Gero, Fakultateko tutorearen sinadura jaso, zuk sinatu eta praktiketako zentroan entregatu, zentro horretako instruktoreak ere sina dezan.

9. Nor da nire tutorea eta zer funtzio betetzen ditu?

Praktiketako tutorea plaza eman ondoren esleitzen zaizun masterreko irakaslea da eta zure praktiken garapena gainbegiratzeaz eta bideratzeaz arduratzen da:

  • Praktiketako zentroarekiko lehen harremana eginez (ez dute ikasleek egin behar)
  • Praktiketako plana azalduz.
  • Zure zereginen jarraipena eginez eta Fakultatean jasotako prestakuntzari egokitzen zaizkion ikusiz.
  • Zure praktiketako zentroan sor daitekeen edozein arazotan bitartekari lanak eginez.

10. Nor da nire instruktorea eta zer eginkizun ditu?

Praktiketako zentroak praktikak zuzenean gainbegiratzeko esleitzen duen pertsona da. Lan hori zure hezkuntza akordioan adostutakoaren arabera egingo du.

11. Nire praktiketako egonaldiaren aurretik, bitartean edo ondoren gorabeheraren bat badut, zer egin behar dut?

Fakultateko zure tutoreari jakinarazi, zer egin behar den eta praktiken arduradunei jakinarazi behar zaion baloratu dezan.

12. Nola ebaluatzen dira praktikak?

Bai zure tutoreak bai instruktoreak praktiketan egiten duzun lanari buruzko ebaluazio jarraitua egingo dute. Praktikaldia amaitzean, tutoreak kalifikazio bat jarriko du, honako hauek kontuan hartuta:

  • Zentroko instruktorearen ebaluazioa, dagokion txostenean jasoa eta tutoreari helarazia.
  • Praktikaldia amaitzean aurkezten duzun memoria.

Irakasgaiaren amaierako nota ezartzeko, praktiketako instruktorearen kalifikazioak % 70eko balioa izango du eta barneko tutorearen kalifikazioak % 30ekoa.

13. Zer jarraibide bete behar ditu amaierako memoriak eta noiz entregatu behar dut?

Dokumentu honetan, Fakultateko barneko tutoreari entregatu behar zaion praktiken amaierako memoriak nolakoa izan behar duen adierazten da. Memoria hori, gehienez ere, praktikak amaitu eta hilabetera entregatu behar zaio.

14. Noiz argitaratuko da nire praktiketako nota?

Curriculumeko praktiken akta ekainaren hasieran irekitzen da, praktiken ebaluazioak egin ahala horien notak sartzeko. Beraz, data horretatik aurrera ikusi ahal izango duzu zure nota.

15. Memoria entregatu ondoren beste zerbait egin behar dut?

Bai, praktikak amaitzean, ikasleen praktikak ebaluatzeko formulario hau bete behar duzu, praktiketan izan duzun esperientziari buruzkoa. Oso garrantzitsua da, guk zuen esperientzia nolakoa izan den jakin dezagun.

16. Non lor dezaket informazio gehiago edo beste zalantza batzuk argitu?

Fakultateko praktiken webgunearen bidez lor dezakezu informazio gehiago. Kontuan izan oso garrantzitsua dela posta korporatiboaren bidez (.......................@ikasle.ehu.eus) bidaltzen ditugun mezuei erantzutea.

Hala ere, oraindik zalantzarik bazenu, gurekin harremanetan jar zaitezke, honela:

Informazio osagarria