Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Jose María Pitarke, Jakiundeko kide oso izendatua

Irudia

NanoGUNEko zuzendaria, Jose Maria Pitarke, Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren kide hautetsi osoa izateko izendatu zuten pasa den azaroaren 18an Argomanizen egin zuten udazkeneko Osoko Bilkuran.

Jakiunde 2007ko urriaren 25ean eratu zen Donostian, Eusko Ikaskuntzaren ekimenaren eraginez eta Euskal Herriko Unibertsitate guztien laguntzaz. Jakiunde, maila goreneko erakunde aholkulari gisa, gizartearentzat erreferentziazko foroa izateko helburuz sortu zen. Asmoa da ereduzko erakundea izatea, osaeran nahiz jardueran; gidaria izatea, zorroztasun zientifikoarengatik eta ezagutzarengatik; eta ekintzekin eta aholkuekin gaur egungo arazoetarako egokiak diren irtenbideak aurkitzen laguntzea.

Jakiundeko gaur egungo Juan Ignacio Perez Iglesias biologoaren lehendakaritzapean, eta Pedro Miguel Etxenike fisikaria ohorezko lehendakaria dela, zientzia hutsen eta aplikatuen zenbait arlotan, arte-sorkuntzan eta pentsamendu kritikoan ospetsuak diren hainbat pertsona biltzen ditu Akademiak. Haien xedea da elkarrekin lan egitea, etorkizuneko erronka berrien aurrean duten pertzepzio kualifikatua gizarteari eskaintzeko. 

NanoGUNEko zuzendaria, Jose Maria Pitarke, Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna da UPV/EHU-n, baita Elhuyarreko lehendakaria ere. Beste hiru pertsonekin batera izan da izendatua Akademiako kide oso izateko: Juan Jose Alvarez UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna, Nekane Balluerka UPV/EHUko Psikologia Klinikoa eta Osasun eta Ikerketa Metodologia Saileko katedraduna, eta Tomas Marco konpositore entzutetsua.