euskaraespañol

‘La diadema del Rey’ liburuak eskuratu du Francisco Martínez Marina ikerketa sari nazionala

UNED Fundazioaren sariak Jon Arrieta, Xabier Gil eta Jesús Morales katedradunek koordinatutako ikerlanaren bikaintasuna eta kalitatea aitortu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/08/06

Irudia

III. Francisco Martínez Marina Ikerketa Sari Nazionaleko epaimahaiak La diadema del Rey: Vizcaya, Navarra, Aragón y Cerdeña en la Monarquía de España (siglos XVI-XVIII) azterlanari esleitu dio saria. Ikerlan hori Jon Arrieta Alberdi Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak, Xavier Gil Pujol Bartzelonako Unibertsitateko katedradunak eta Jesús Morales Arrizabalaga Zaragozako irakasle titularrak koordinatu dute. Sariak, UNEDen Fundazio Orokorrak sortuak, historia juridiko edo instituzionalean urtero egindako lanen bikaintasuna eta kalitatea aitortzen du.

La diadema del Rey: Vizcaya, Navarra, Aragón y Cerdeña en la Monarquía de España (siglos XVI-XVIII) ikerlanak XV.etik XVIII. mende bitarteko Espainiar Monarkiaren politika, instituzio eta lurralde eraketari begiratzen dio. Izenburua Rafael Vilosa jurista bartzelonarrak 1674an baliatutako iruditik dator; haren bidez, Karlos II.aren koroa apaintzen zuten harribitxiekin parekatu zituen erregearen erresumak: Bizkaia, Nafarroa, Aragoi eta Sardiniako erresumak zein jaurerriak. Liburu sarituan, gai jakin batzuk aztertzen dira, adibidez, foru zuzenbidea eta zuzenbide erkidea, inkorporazio prozedurak, foru epaiketak, jaurerri erregimena eta instituzioen umotzea.

Diademako harribitxi gisa, erresumok eta jaurerri hori Monarkiaren osotasunarekin harremanetan aztertzen dira; ondorioz, Gaztela, Flandes, Valentzia eta Mallorkari arreta berezia jarri zaie. Beraz, ikerketa hau ekarpen nabarmena da Habsburgotarren Espainiar Monarkiako erresumen inkorporazio eta kokapen juridikoa zein geografikoa eta auzi horietako batzuek Borbonekin nolabait izan zuten segida aztertzeko.

Liburuan egileen artean agertzen dira, adibidez, Martin Azpilikueta eta Andres Poza, baita Juan Perezek eta Joseph Zabalak ondutako txosten juridikoak ere. La diadema del Rey: Vizcaya, Navarra, Aragón y Cerdeña en la Monarquía de España (siglos XVI-XVIII) UPV/EHUren Argitalpen Zerbitzuak argitaratu du, eta ikerlanak kalitatea adierazteko EHUpress zigilua du.