euskaraespañol

Erik Terres Escuderok irabazi du Olinpiada Matematikoa

Jon Pineda Lezamizek eta Roberto Villarejo Fernándezek erdietsi dute bigarren eta hirugarren postua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/06

Irudia

Erik Terres Escuderok, Bilboko Eskolapioak ikastetxeko ikasleak, lehenengo saria lortu du urtarrilaren 19an UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean burutu den 54. Olinpiada Matematikoko fase autonomikoan.

Probetan Euskal Autonomia Erkidegoko 21 ikastetxetako 45 ikaslek hartu dute parte, 33 mutilek eta 12 neskak. Olinpiadan Batxilergoan matrikulatutako ikasleak aurkez daitezke eta, salbuespen legez, beren irakasleek bermatzen badituzte, baita DBHko  3. eta 4. mailako ikasleak ere.

Beste irabazleak

Askartza Claret ikastetxeko Jon Pineda Lezamiz sailkatu da bigarren eta Nuestra Señora del Carmen ikastetxeko Roberto Villarejo Fernández, hirugarren.  Nabarmentzekoa da aurtengo edizioko lehenengoak eta hirugarrenak (Terres eta Villarejo) aurreko edizio batzuetan ere gailendu direla, eta bigarren gelditu denak (Pineda) etorkizun aparta daukala, oraindik Bigarren Hezkuntzako laugarren kurtsoko ikaslea baita.

Hiru irabazleak bigarren fasera (Estatu mailakora) igaroko dira, zeina Jaénen izango den, martxoaren 15etik 18ra bitartean. Bigarren fase horretan urrezko domina lortzen dutenek talde olinpikoa osatuko dute Nazioarteko 59. Matematikako Olinpiadan lehiatzeko; uztailean Cluj-Napoca (Rumania) egingo dena. Era berean, Matematikako 33. Olinpiada Iberoamerikarrean parte hartzeko hautagaiak ere izango dira estatuko fasean lehiatzen direnak. Azken hori irailean egingo da La Rábidan (Huelva).

Euskal Autonomia Erkidegoan, Matematikako Olinpiada Espainiako Matematika Elkarteak (RSME) antolatzen du, UPV/EHUko Matematika ataleko irakasle talde baten laguntzarekin. Espainiako Matematika Elkarteak hiru irakasle sarituko ditu, diploma batekin eta bazkide-ikaslearen urteko kuotaren ordainketarekin. Kuota honi esker, besteak beste, RSMEren "La Gaceta" aldizkaria urte betez jasoko dute.

Espainiako Matematika Olinpiadako informazio gehiago: www.olimpiadamatematica.es