Manuel Castellsek, munduko soziologorik ospetsuenetakoak, Europar Batasunaren krisiari buruzko hitzaldia emango du

  • Ekitaldia

Quand et où

12/06/2019, 18:30

Emplacement

Mitxelena entzunaretoa - Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3 - 48009 Bilbao (Bizkaia)

Descripción

Manuel Castells soziologoa Gizarte Zientzien arloko akademikorik garrantzitsuenetako bat da mundu osoan. Ekainaren 12an hitzaldi bat emango du Bilbon, Europak maiatzaren 26ko hauteskundeen ostean aurrean izango duen panoramari buruzkoa. Hitzaldiaren izenburua hauxe izango da: ‘La crisis de la Unión Europea (UE)’. Ekitaldiaren antolatzaileak EHUgune eta UPV/EHUko Partaidetza eta Komunitate Garapen Unibertsitate Masterra izan dira.

“Globalizatzaileak nazionalizatu egin dira. Demokrazia liberalak behea jo du, mundu osoan galdu egin duelako herritarrentzat zeukan legitimitatea. Eta gaur egun alternatibarik ez dagoen arren –azaleratzen joan behar baitute–, demokraziaren egungo moldeek inertziagatik edo errepresioagatik jarraitzen dute hor. Jende gutxik du federik molde horietan. Eta, azken batean, gizakiek erabakitzen dute nola bizi nahi duten, denbora, izerdia eta malkoak kostatu arren”, dio Castellsek.

Castellsek hiri soziologiaren arloan hasi zuen bere ibilbidea, eta hiriaren eraldaketen eta auzotarren mugimenduen inguruan ardaztu zituen bere ikasketak. 90eko hamarkadaren bukaeran, ‘La era de la información’ argitaratu zuen, egungo gizartea ulertzeko erreferentzia garrantzitsuenetakoa bihurtu den liburua. Hain zuzen ere, liburu horretan, hiru mugimendu deskribatzen zituen, bere ustez, XXI. mendearen hasierarekin batera etorriko ziren garai berriak irudikatuko zituztenak: Michiganeko miliziak, integrismo islamikoa eta zapatismoa. Errealitateak bere hurbilketaren doitasuna azaltzen du, Donald Trumpen garaipenak, terrorismo integristaren inpaktoak eta mugimendu suminduek erakusten duten bezala. Duela gutxi, ‘Ruptura: crisis de las democracias liberales’ argitaratu du, Europar Batasunerantz hurbilduta.

Ibilbide oparoko gizona da Castells; munduko 25 unibertsitatetan honoris causa doktore izendatu dute. Soziologiako katedraduna da Kataluniako Oberta Unibertsitatean, Cambridgeko Unibertsitateko Soziologia Saileko Ikerketako zuzendaria, eta Kaliforniako Unibertsitateko (Berkeley) Hiri eta Eskualde Plangintzako eta Soziologiako katedradun emeritua.

Hitzaldiaren ostean mahai-ingurua egongo da eta, Manuel Castellsen gain, honako hauek parte hartuko dute:

  • Izaskun Artegui, UPV/EHUko soziologoa
  • Igor Ahedo, UPV/EHUko politika zientzietako eta Partaidetza eta Komunitate-Garapena Masterreko irakaslea
  • Joserra Bengoetxea, EHUguneko zuzendaria eta Zuzenbidearen teoriako irakaslea

Sarrera librea leku guztiak bete arte.