euskaraespañol

Prestakuntza duala UPV/EHUren Bizkaiko Campusera iritsi da

Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduak eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzakoak unibertsitateko prestakuntza eta enpresakoa konbinatuko dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/21

Irudia
Guztira, UPV/EHUko hiru campusetan zortzi titulazio emango dira prestakuntza dualean datorren urtea

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) datorren ikasturterako eskaintza akademikoa aurkezten ari da unibertsitate orientaziorako azoketan eta bere ikastegietako ateak zabaltzeko jardunaldietan. Bada, nobedade gisa, 2018-2019 ikasturtean Bizkaiko Campusean martxan jarriko ditu prestakuntza dualaren lehen ibilbideak Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduan eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduan.

Guztira, UPV/EHUko hiru campusetan zortzi titulazio emango dira prestakuntza dualean datorren urtean: Elgoibarko IMH Makina Erremintaren Institutuak jada eskaintzen duen Prozesu Berrikuntzaren Ingeniaritzako gradua eta masterra; Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ) Donostian eta Bilbon; Informatikako master bat Donostian; Automobilgintzaren Ingeniaritzako gradua Gasteizen; eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradua Leioan.

“Prestakuntza eta praktika txandakatzearen helburua da enpresan hainbat gaitasun eskuratzea unibertsitatean aurrez lortutako gaitasunen bidez. Horrela, enpresek aktiboki parte hartzen dute trebatuko diren ikasleen profil konpetentziala diseinatzen”, azaldu du Isabel Vázquezek, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Borondatezko Praktiken eta Azpiegituraren arloko dekanordeak.

Eredu dualak unibertsitateko prestakuntza eta enpresakoa konbinatzen ditu kontratu baten bidez. “Enpresak irailetik ekainera bitartean kontratatu beharko ditu ikasleak, egunean 6 ordurako, eta lanbide arteko gutxieneko soldataren (736 €) zati proportzionala ordainduko die gutxienez; horrez gain, Gizarte Segurantza ordaindu behar die”, gehitu du Vázquezek.

Bestalde, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako prestakuntza duala egiten duten ikasleek titulazio horri dagozkion ezagutzak, konpetentziak eta gaitasunak lortuko dituzte, eta, horrez gain, esperientzia berezi bat izan ahalko dute enpresan. “Ikasketa hauek elementu diferentzial bat emango diete ikasleei curriculumerako, eta lan aukerak handituko dizkie. Gainera, enpresarekin elkarlanean jardun ahal izango da, inguruneko ekoizpen sarearen beharren araberako talentua sortzeko”, azaldu du Jon Barrutiak, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoak.

Enpresaren laguntza

“Ikasleen irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua hobetu nahi dugu; horretarako, enpresan banan-banako laguntza emango zaie, eta irakasle batek tutore lanak egin eta jarraipena egingo die. Alde horretatik oso pozik gaude, jada 17 enpresak bat egin dutelako proiektu honekin”, esan du Vázquezek.

Ekonomia eta Enpresa Fakultateak eta Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak urteko deialdi bat egingo dute lehen hiru ikasturteetako irakasgai guztiak gaindituak dituzten eta prestakuntza ibilbide honetan borondatez parte hartu nahi duten ikasleen artean. “Lehen urte honetan, bost eta zortzi plaza artean eskainiko ditugu; dena dela, kopuru hori handituz joango da hurrengo edizioetan. Hala unibertsitate ikastegiak nola proiektuan parte hartuko duten enpresek esku hartuko dute ikasleak hautatzeko prozesuan”, argitu du Vázquezek.

“Ekonomia eta Enpresa Fakultateak ‘esperientzia duala’ izateko aukera emango du, hasieran 15 plazako deialdia iragarriz; gerora, hurrengo urteetan plazak ugaritu ahal izango dira baldin eta ibilbidea arrakastatsua bada”, aurreratu du Barrutiak.