euskaraespañol

Una paz donde no hubo guerra

Euskal Herrian terrorismoaren amaiera aztertzen du UPV/EHUko katedradun Antonio Riverak duela gutxi argitaratutako artikulu batean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/20

Antonio Rivera. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.
Antonio Rivera. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

2011ko urriaren 20an ETAk iragarri zuenean “bere ekintza armatua behin betiko etetea”, lau hamarkada baino gehiago iraundako terrorismoari eman zitzaion azkena Euskal Herrian eta Espainian. Une jakin batzuetan hilgarritasunak sinestaraztera eraman gaitzake benetako gerra bat zela hura: "iparraldeko gerra". Ez zen hala izan, ordea, ez baitziren bi bando egon eta indarkeriak ez baitzuen borrokaldi baten hedadura hartu. Dena den, hori ez da eragozpena azken batean, sektoreen arabera, amaieraz eta bakeaz hitz egiteko.

Duela gutxi, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun Antonio Rivera Blancok artikulu bat argitaratu du ‘Vínculos de Historia’ aldizkarian, izenburu honekin: ‘Una paz donde no hubo guerra. El final del terrorismo en el País Vasco’. Testu horretan aztertzen du amaiera eta bakea zenbateraino dauden eta nola, eta nola tratatzen ari diren gatazka terrorista horren azken uneak eta orain bizi ditugun une horien hurrengo fasea.

Mende erdiz, Euskal Herriari lotutako terrorismoak 914 hildako ekarri zituen ondorioz; haietatik, hamarretik bederatzi baino gehiago ETAren (eta Komando Autonomo Antikapitalisten) marka desberdinen pean. Terrorismoa bilakatu zen Espainiako demokraziaren arazo nagusi: diktaduran sortu bazen ere, % 95 Francoren heriotzaren ondoren hil zituzten. ETAren indarkeria haien ekintzak justifikatzen jardun zuen sektore sozial batek babestu zuen, haien ekintzek ematen zizkien abantailak finkatzen eta "tentsioaren estrategia" iraunarazten jardun zuenak. Estatu independente, sozialista eta euskaldun bat sortzea zen ETAren helburua, euskal kultur eremuaren lurraldeetan. ETAren ekintza gizarte nazionalista batean garatzen zen, talde terroristarekin modu jakin batean erlazionatzen zen batean. ““Euskal gatazka” bat egoteaz edo ez egoteaz haraindi, ETAk eta bere ekintzak gauzatu egin zuten gatazka, bi aurkari zeudela nabarmentzeko haien ahaleginak inoiz ezin izan bazuen ere gainditu euskal gizartearen izaera plurala eta konpartimentutan banatu gabea”, azaldu du Riverak. “Nahikoa izan zen ETAk hiltzeari uztea gizarte normal batera itzultzeko: bidegabea, desberdina, hobetzeko zegoena, grisa, baina indarkeria terroristarik gabea, horrek ahuldu eta baldintzatzen baitzuen herritarren ekintza eta asmoetako bakoitza”, gaineratu du.

Terrorismoari eta bere amaierari begiratzeko modu desberdinak bat datoz historiografiaren eta gizarte-zientzien interpretazioekin. ETAri buruzko azterlanak haien ideologian eta estrategian oinarritu ziren lehenik, eta XXI. mendeak aurrera egin ahala, haien ekintzen ondorioetan jarri zuten arreta, biktimengan bati bat, eta baita haien krisialdi luzean ere. Duela oso gutxiko gertaera bat suposatzearen probisionaltasunak markatzen ditu oraindik interpretazioak. Hausnarketa autobiografiko edo balantze analitiko gutxi batzuk dira dugun guztia erreferentzia gisa, eta baita hedabideek bildutako dokumentu ugari ere. “Gako sekretuek edo ezezagunek halaxe jarraituko dute denbora batez, eta etorkizunean ezagutu ahal izateak balioko du gaur egun egiten diren adierazpen ugari neurtu edo zuzentzeko. Zentzu horretan, onartu egiten dugu historiaren arlotik orainaldi honi heltzeak ziurgabetasun handia sorrarazten duela, baina proiekzio handiagoko analisi bat txertatzea da kontua, eta beste arlo batzuen ekarpenekin lehiatzea, gure aldean berehalako irizpena emateko joera handiagoa dutela kontuan izanik”, dio UPV/EHUko Historia Garaikideko katedradunak.

 

Nola iristen da ETAren amaierara?

Ikuspegi desberdinak daude ETAren amaieraren iritsierari buruz; terrorismoaren amaieraren lehen eragile gisa “Zuzenbide Estatuaren eraginkortasuna eta irmotasuna” ezartzen duen horretatik, politika eta polizia konbinazioa (eta epaileak, nazioarteko lankidetza eta inteligentzia zerbitzuak) nabarmentzen duen horretaraino, 2000 eta 2006 urte bitartean izandako elkarrizketak azpimarratzen dituzten horietatik igaroz, “elkarrizketa bidezko terrorismoaren amaiera” gisa planteatutako horietatik, alegia.

Errealitate bera eta oso interpretazio desberdinak. “Euskal herritarrek, interpretazio demoskopikoaren arabera, nahiago dute pentsatu gizartearen erreakzioak eman ziola azkena ETAri, ezker abertzalearen barruko eboluzioak, mugimendu bakezaleen eta ondoren biktimen elkarteen presioak, eta azken-azkenik, poliziaren eta epaileen ekintzak, Frantziaren lankidetzak eta Askatasunen aldeko Itunak jarraituta. Inkesta berean, % 60ek adierazi zuten inoiz ez zirela terrorismoaren aurkako manifestazio batera joan. Kopuruak ez datoz bat jasotako inpresioekin”, adierazi du Riverak.

Amaiera horretara heltzeko, ordea, beharrezkoa zen aurkatutako bi aldeetako bat ahultzea. ETA izan zen egoera hori agerian utzi zuena. Euren jarduna handitzen joan zen 2007az geroztik, atxiloketen kopuruarekin eta garrantziarekin batera, ordea. Horregatik, “ekintza armatua betiko uztearen” iragarpena unilaterala izan zen, etorkizuneko betebeharrak elkarri onartuta aldeen arteko negoziazio baten emaitza izan beharrean. “ETAk iragarri zuenean bere amaiera terrorista, Euskadira ez zen inolako bakerik iritsi: eten, indar distortsionatzailea eten zen bakarrik, eta unilateralki, mende erdiz bakea oztopatzen zuena”, nabarmendu du bere artikuluan.

 

Biktimak eta memoria

ETA desagertu ondoren, biktimen erreparazioaren prozesua hasi zen eta, horrekin batera, haien biktimizazioaren kontakizuna eta memoriaren politika publikoak, kultura demokratikoa berreskuratzeko aplikatu beharrekoak. Aitzitik, bakean bizi den gizarte baten pragmatismoa lehenesten da, oso zibikoak ez diren balioetan oinarritua, ordea. Prozesu horri 2012ko uztailaren 12ko akordio batek eman zion hasiera. Bakerako eta Bizikidetzarako Ponentzian Legebiltzarrak hartutako akordio horrek oinarriak finkatu zituen “memoriadun bake baterako”, eta baita hainbat printzipio ere, besteak beste, erantzukizuna, memoria partekatua, euskal gizartearen pluraltasuna, konpromiso etikoa eta ez errepikatzearen bermea. “Irizpide horiek nolabaiteko kezkaz eraman ziren 2013-2016 aldiko Bake eta Bizikidetza Planera eta ondoren 2017-2020 aldiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planera. Lehenago ere, 2013ko martxoan, Legebiltzarrak “zoru etikoa” deitutakoa ezarri zuen, abertzaleen abstentzioarekin. Bertan adierazten zenez, kausa bakar bat ere ezin da jarri etikaren eta giza eskubideen gainetik, ez eta justifikatu ere indarkeria baliatzea", gaineratu du Antonio Riverak.

“Zoru etiko” hori, ezker abertzaleentzat, “bederatziaren proba” bilakatu da: bere onarpenak aukera emango lioke lehia politikoan legitimatzeko eta bere hauteskunde-espazioa sektore gehiagotara zabaltzeko. Baina ETAren amaiera, kultura politiko horren aldetik, adierazpen hauetara geratu da mugatuta: “hiltzea gaizki egon zen”, “oker bat izan zen indarkeria”, kontuan izanik halako adierazpenak urrun geratzen direla biktimek eta gainerako alderdiek, PNV barne, egindako eskaeretatik. 2011ko abenduan lehen aldiz aitortu zirenetik “Euskal Herrian indarkeria ugariek sorrarazitako oinazea eta sufrimendua”, ezker abertzalea hortxe dago geldirik, bere historiaren berrikuspen autokritikorik egin gabe eta, are eta gutxiago, ETAri leporatu gabe heriotza-ibilbide horren nagusigoa.

 

Informazio gehigarria

UPV/EHUko katedradun Antonio Riveraren artikulua Euskal Herri Garaikideko Historia Sozialaren eta Politikoaren Ikerketa Taldearen jardueran sartzen da (Eusko Jaurlaritzaren IT-708-13) eta baita MINECO HAR2014-51956-P eta HAR2017-83955-P proiektuen jardueran ere.

Vínculos de Historia urteko argitalpen elektroniko bat da, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Historia Sailak editatua, eta bere helburua da denboran zeharkakotasunetik planteatutako azterlanen foro bat eskaintzea. Vínculos de Historia argitalpena 6. postuan da Espainiako Historiako aldizkarien artean eta 8. postuan “herrialde guztietako” historiakoen artean, aldizkari zientifiko iberoamerikarren REDIB rankingean.

Erreferentzia bibliografikoa