euskaraespañol

Kimikako Biurteko 37. Bilera

Noiz eta non

Noiztik: 2019/05/26 Noiz arte: 2019/05/30, 00:00 - 00:00

Kokapena

Kursaal Kongresu Jauregia
Zurriola 1. -20002- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Maiatzaren 26tik 30era bitartean, igandetik ostegunera, Kimikako Biurteko 37. Bilera egingo da Donostian, Kursaal kongresu jauregian. Bi urtean behin egiten den nazioarteko topaketa hau RSEQ-Kimikako Espainiako Errege Elkarteak antolatzen du, eta aurten Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean (UPV/EHU) antolatu du. Ekitaldia Kimika Puru eta Aplikatuko Nazioarteko Elkartearen (IUPAC-International Union of Pure and Applied Chemistry) lehenengo mendeurrenean egingo da, aurten beteko baita.

Batzarrean, mundu osoko milatik gora partaidek berriki egin dituzten ikerketak partekatuko dituzte, arlo hauetakoak, besteak beste: material molekular eta polimeriko berriak, prozesu biologikoen modulazio kimikoa, molekula berrien sintesia eta modelizazio konputazionala.

Edizio honetan, osoko bilkuran sei hizlari arituko dira –horien artean, Frances H. Arnold 2018ko Kimikako Nobel sariduna nabarmentzen da—, eta batzarrak iraungo duen 5 egunetan egingo diren saio paraleloetan lehen mailako 80tik gora hizlari gonbidatu; azken horiek askotariko gaiak landuko dituzte 22 sinposioetan. Gainera, ikertzaile gazteenek protagonismo handia izango dute. Beren lan adierazgarrienak aurkeztuko dituzte, 350 bat hitzaldi labur eta 450 posterren bidez, eta itzal handiko ikertzaileekin elkarrekintzan aritzeko aukera izango dute.

Antolaketa batzordeko presidente eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakasle Claudio Palomok nabarmendu duenez, “topaketa honetan, etorkizuneko garapen aplikatuak bultzatzeko oinarrizko ikerketa eta askotariko lan arloen arteko elkarrekintza garrantzitsuak direla nabarmenduko da eta, era berean, UPV/EHUko bertako eta gure inguruko beste ikergune batzuetako lantaldeen ikerketa lana aitortuko da. Azken horiek batzar honetan parte hartze handia izango dute”.