euskaraespañol

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Gitarra bat Gatiburentzat

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2025/12/11

Haimar Arejita eta Guitar Streameko arduraduna den Javier Mazon, gitarra entregatu zen ekitaldian | Argazkia: Jaitz Labairu. EHU

Gatibu taldearen azken kontzertuak ilusio berezia sortu du EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Guitar Stream proiektuan. Izan ere, erronka handinahi bat hartu dute esku artean: Haimar Arejita gitarra-jotzailearentzat gitarra elektriko berezi bat fabrikatzea.

Pasa den abenduaren 9an, Bilboko Ingeniaritza Eskolan eman zioten Watty  gitarra Haimar Arejitari ekitaldi berezi batean, Guitar Stream proiektuko taldea bi hilabetez lanean buru-belarri ibili ostean. “Oso albiste ona” izan zen: “Oso enkargu  pozgarria izan zen. gure ikategiko beste proiektuek -Formula Student eta Moto Student-  lehiaketak dituzte, baina guk ez dugu horrelakorik, eta honi esker helburu zehatz bat edukitzea lortu dugu: gitarra bat egitea Haimar Arejitarentzat”, azaldu du Guitar Stream proiektuko irakasle Iraide López Roperok.”

Gitarra berri horren soinuek oholtzan lehen aldiz entzungo dira abenduaren 13an BECen, Gatiburen azken kontzertuan. Gitarraren berezitasun nabarmenena da beste gitarra molde batzuetan inspiratuta egon arren, Haimarrentzat egindako diseinu propioa dela. Musikariak berak zehaztutako irizpideak jarraitu dituzte, betiere taldeari askatasuna utzita. “Lehen bertsioa egin, diseinua hobetu eta Haimarrekin hitz egin genuen ze estilotako pastillak nahi zituen jakiteko”, dio Lópezek.

Gainera, denboraz kontra lan egin dute, eta, hori ere izan da erronka bat: “Normalean urtebetean bukatzen dugun lana bi hilabetetan egin dugu. Baina epea zehaztuta zegoen, abenduaren 13rako prest egon behar zen. Erronka handia izan da”.

Eta aurkezpen kontzertuaz gain, dokumental batean ere agertuko da gitarra: Gatiburen 25. urteurrena dela eta, Jabi Elortegi zinemagileak, Pausoka Entertainmentekin batera, prestatzen ari den filman jasoko da Guitar Stream proiektuko ikasleek gitarra nola fabrikatu duten. Horretarako, Elortegik hiruzpalau aldiz bisitatu du Bilboko Ingeniaritza Eskola, prozesuko pasarteak grabatzeko. Gitarra Haimarri emateko ekitaldi ofiziala abenduaren 9an egin zen Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta une hori ere dokumentalean ikusi ahal izango da.

Guitar Stream: ikasteko modu divertigarri eta praktikoa

Guitar Stream proiektua 2018-2019 ikasturtean jaio zen, Javier Mazon irakaslea lankide baten gitarra konpontzen ari zela. Egurraren lanketak eta gitarra elektrikoaren funtzionamenduak Ingeniaritzako kontzeptu ugari modu bisual eta praktikoan azaltzen zituztela ohartu ziren, eta, horrela, pixkanaka, tailer txiki hura diziplina anitzeko hezkuntza-programa bihurtu zen.

Gaur egun, 21 lagunek osatzen dute taldea: bost irakasle, bi laborategi-teknikari eta hainbat gradutatik etorritako hamalau ikasle: Industria Teknologiaren Ingeniaritza, Industria elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Elektronikoa  eta Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritza. Graduaren arabera, lan edo proiektu ezberdin bat garatuko du ikasle bakoitzak. Klasez kanpoko proiektua izanik, parte hartzaileek euren denborarekin malgutasunez aritzen dira.

Horietariko bat da Arianna Alonso, Ingeniaritza Mekanikoko hirugarren mailako ikaslea. Zoriz  topatu zuen proiektua: “Lagun batek gitarra baten story bat igo zuen Instagramean, eta interesatu zitzaidan, nik gitarra jotzen dudalako”. Proiektuaren arduradunarekin, Javier Mazonekin, hitz egin eta berehala sartu zen taldera. Baina ez zuen espero sorpresa handiena: “Guitar Stream proiektua aurkeztu zidan egunean Javik esan zidan Gatibuarentzako gitarra bat egitera gindoazela. Ezer jakin gabe etorri nintzen, eta hori entzuteak ilusio handiagoa egin zidan.” Esperientzia praktikoa ere oso aberasgarria izan dela aitortu du: “Gitarraren forma mozteko makina erabiltzen erakutsi didate. Ikasgelan programa ikasten ari naiz, eta ilusioa egin zidan zuzenean aplikatuta ikusteak.”

Hodei Laez Jimenez Telekomunikazio Ingeniaritzako laugarren mailako ikasleak, berriz,  bigarren mailan ezagutu zuen proiektua, baina orain, GrALarekin ari dela, gogotsu batu da proiektura: “Animatu naiz eta espektakularra iruditzen zait; asko gozatzen ari naiz.” Musikaria denez -gitarra eta bateria jotzen ditu, eta Pate de Rata izeneko rock taldean aritzen da- esperientzia are aberasgarriagoa bihurtu da: “Proiektu honetan sartu aurretik ez nekien zelan funtzionatzen zuen gitarra elektrikoak; ez nuen inoiz horretan pentsatu.”

Gitarra elektrikoaren barruko mekanismoak ere harritu egin du Nuria Gomez, Industria Teknologiaren Ingeniaritzako hirugarren mailako ikaslea, “Ez neukan ideia handirik gitarra elektrikoaz, eta harritu egin ninduen nola funtzionatzen duen barrutik eta bobina batekin bakarrik soinu desberdinak sortzeko gai dela jakiteak.”. Iaz batu zen taldera beste bi lagunekin batera, eta proiektuak eskaintzen duen praktika-maila nabarmendu du: “Asko gustatzen zait ikasleok praktika handia egiten dugula; gutxi garenez, proiektuan lan egiteko aukera gehiago dugu.”:

Proiektuko taldekideek ere ez dakite zein abesti joko duen Haimarrek gitarra horrekin Gatiburen azken kontzertuan. Euritan Dantzan izango ote da? Musturrek sartunde? Gabak Zerueri Begire? Abenduaren 13an argituko da.