euskaraespañol

pil-pilean

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Hirietako euri-ura egoki kudeatuta garbitze-lanetarako edo ureztaketarako ere erabili liteke

Ingeniaritza, kimika eta geologiako EHUko ikertzaile talde batek Euskadiko hainbat tokitan hiri-drainatze jasangarrien sistemak aztertu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/10/16

Ainhoa Lekuonak kontrol-eremuan laginketa prestatzen
Ainhoa Lekuonak kontrol-eremuan laginketa prestatzen | Argazkia: EHU

EHUko ikertzaileek Legazpin eraikitako hiri-drainatze jasangarriaren sistema (SUDS) batek euri-uren hainbat parametroetan duen eragina aztertu dute eta ondorioztatu dute zoladura iragazkorrari esker isurketa-uren kalitatea hobetzen dela, eta uhertasuna, esekitako solidoak eta metal batzuen kantitatea gutxitzen direla. Halaber, ikusi dute euri-ur hori garbitze-lanetarako edota, iragazi eta kalitate biologikoa bermatu ondoren, ureztaketarako ere erabiltzeko modukoa izan daitekeela.

Hirietan, euri-urak, zorura iristean, itsasora edo ibaietara isurtzen dira zuzenean edo araztegietara doazen ur zikinekin nahasten dira estoldetan barrena. Horrek hainbat arazo eragin ditzake, hala nola itsaso-ibaiak kutsatzea eta, euriteetan, araztegietan tratatu beharreko ur-kantitatea asko handitzea. Hirietako zoladurek, oro har, ez dute ura infiltratzen uzten, eta naturan urak duen prozesua eragozten dute erabat, baina, oso pixkanaka bada ere, zoladura iragazkorren erabilera zabaltzen ari da.

Hiriko drainatze-sistema jasangarriak uraren ziklo naturala babesteko, uholde arriskuak kudeatzeko eta isurketa-uren kalitatea hobetzeko diseinatzen dira. Legazpin sistema konbinatu bat eraikia dago: “Hiriko aparkalekuetako batean zoladura iragazkorra dago, eta euri-uren tanga batean jasotzen dira han infiltratu eta iragazitako urak”, azaldu du Eneko Madrazo Uribeetxebarria EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasleak. Oro har, zoladura iragazkorrak uraren ziklo naturala imitatzen du: “Euri-ura zoladura barrura sartzen da eta, zoladurako poroei eta grabitateari esker, lur naturalean infiltratzen da. Infiltratzeko bide horretan, poroetan zehar, iragazi ere egingo da ura. Gainera, prozesu hori motela denez, ur horren parte bat lurrundu egin daiteke”, dio Ainhoa Lekuona Orkaizagirre Kimika Fakultateko doktoregaiak.

Legazpiko Udalaren eskariz, sistema horrek isurketa-uren kalitatean zer eragin duten aztertu dute Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek. Orain arte egin izan diren beste ikerketa batzuetan baino poluitzaile gehiago aztertu dituzte. Asfalto arrunteko zoladura batetik igarotako urak zoladura iragazkorretik igarotako urekin eta tangan bildutako urekin alderatu ondoren, “ikusi dugu parametro ugari hobeak direla zoladura iragazkorretik igarotako uretan. Isurketa-uraren kalitatea hobea da; uraren uhertasuna eta esekita dauden solidoen kantitatea nabarmen txikiagoa da, eta zenbait metalen kontzentrazioak (hala nola burdina, manganesoa, banadioa eta kobrea) ere txikiagoak dira”, azaldu du Lekuonak.

« tangan bildutako urek ez dute arrisku ekologikorik eragiten ur-ekosistemetan »

Ikertzaileak azaldu duenez, uhertasuna lotuta dago urak bere bidean bereganatzen dituen sedimentuekin, eta “sedimentuek askotariko kutsatzaileak izan ditzakete: metalak, hidrokarburoak eta abar”.

Bestalde, ikertzaileek egiaztatu dute tangan bildutako urek ez dutela arrisku ekologikorik eragiten ur-ekosistemetan. Beraz, “tangako ura garbiketa-lanetarako erabiltzeko aukera izan liteke edo hurbileko ibai batera isurtzeko edo, iragazi eta uraren kalitate biologikoa bermatu ondoren, ureztatzeko erabiltzeko ere”, azaldu du Madrazok.

Gehiago ikertu beharra

Ikertzaileek diotenez, “horrelako sistema batekin ezin duzu arazo handi bat konpondu. Hiri batean horrelako sistema asko ezarri beharko lirateke, uraren kudeaketa egokia egiteko. Ikerketan lortutako emaitzak gaur egun oso onak izan arren, gehiago ikertu beharra dago; izan ere, Legazpiko sistemak bost urte baino ez ditu, eta ez dakigu etorkizunean zoladura asetzen eta eraginkortasuna galtzen joan daitekeen. Gainera, halako zoladurek mantentze-lanak ere behar izaten dituzte”. Garrantzitsua da, beraz, haien inguruan ikertzen jarraitzea, tokian tokiko baldintzak asko aldatzen baitira.

Ikertzaileak agerian utzi du araudi eta legeetan indarra hartzen ari direla halako drainatze-sistemak. Hala ere, oraindik ere indarrean dagoen araudiak ez du drainatze-sistema horiek ezartzeko derrigortasunik zehazten, baina “joera da eraiki berri den lursail baten isurketa mugatzea; hau da, lursail batek, urbanizatu ondoren, egoera naturalean isurtzen zuena baino gehiago ez isurtzea. Horretarako, funtsezkoak dira hiriko drainatze-sistema jasangarriak”, adierazi dute.

Ikertzaile-talde honek baditu beste ikerketa batzuk martxan Donostiako Txominenea auzoan, adibidez. Halako sistemek aurrera egin behar badute, udaletako hainbat sailek inplikatu beharra daukate, eta “askotan hori izaten da zailtasun nagusietako bat”, adierazi dute ikertzaileek. Dena dela, ikertzaileek agerian utzi nahi izan dute bere lekua itzuli beharko litzaiokeela urak naturan betetzen duen zikloari.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Ainhoa Lekuona Orkaizagirreren tesiaren barnean kokatzen da. Tesia Kimika Aplikatua eta Material Polimerikoak doktorego-programan kokatzen da, eta Ainara Gredilla Altonaga eta Maite Meaurio Arrate dira tesi-zuzendariak.

EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Energia Ingeniaritza Saileko eta Kimika Fakultateko Kimika Aplikatuko ikertzaileez gainera, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoko eta Geologiako sailetako ikertzaileek ere hartu dute parte ikerketan.

Eneko Madrazo Uribeetxebarria eta Maddi Garmendia Antín irakasle dira Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Zibileko Graduan, Arkitektura Teknikoaren Graduan eta Azpiegitura eta Eraikuntza Jasangarrien Ingeniaritza Masterrean. Ainara Gredilla Altonagak Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Graduan eta Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterrean ematen ditu eskolak. Maite Meaurio Arrate, bestalde, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Graduan, Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterrean eta Ingurugiroaren Agrobiologia Masterrean ematen ditu eskolak.

Erreferentzia bibliografikoa