Eduki publikatzailea

Biztanleriaren osasun-beharrak aurreikusteko eredu estatistiko bat

UPV/EHUko ikertzaile batzuek populazioa geruzatan banatzen duen sistema bat sortu dute, osasun-arreta hobetzeko

Lehenengo argitaratze data: 2017/08/09

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Saileko ikerketa batek populazioa geruzatan banatzen duen programa bat proposatu du, populazio-geruza edo pertsona-multzo bakoitzak hurrengo 12 hilabeteetan beharko duen osasun-arreta diseinatzeko, eta, hala, osasun-zerbitzuen funtzionamendua optimizatzeko.

Azken urteetan, gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen kopuruak gora egin du, besteak beste gizartearen zahartzea dela eta. Gainera, gaixo kroniko askok osasun-arazo bat baino gehiago dituzte. Paziente horietako batzuek urtean hainbat aldiz joan behar izaten dute osasun-zentrora eta espezialisten kontsultetara, sarri jotzen dute larrialdi-zerbitzuetara, eta askotan ospitaleratzen dituzte. "Halakoetan, koordinazio falta ikusten da maiz: proba batzuk bi aldiz egiten dira, eta, beste batzuk, behin ere ez. Interakzioak sortzen dira errezetatutako botiken artean, eta zaintza-plan konplexuak, pazienteek ulertzeko zailak, jartzen zaizkie. Guztiok dugu senitartekoren bat urtean zehar espezialista askorengana joaten dena. Askotan, ezinezkoa da guztien gomendioei jarraitzea", azaldu du Jon Oruetak, UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Sailean garatu den ikerketaren egileak. "Uste zabaldua da osasun-sistemen antolakuntza zaharkituta gelditu dela, eta aldaketa sakonak egin behar direla. Gaur egungo populazio-piramidearen egitura ikusirik, uste dugu datozen urteetan populazio zahartua izango dugula. Beraz, zaintza sanitario konplexua eman beharko da, eta baliteke hori osasun-sistema kolapsatzera iristea. Edonola ere, gaur egungo sistemak ondo funtzionatzen du pazienteetako askorentzat. Horregatik, erabaki egin behar da zein paziente artatuko diren eredu tradizionalari jarraikiz, eta zeinentzat aurkitu behar ditugun osasun-arreta emateko modu berriak", gehitu du.

Jon Oruetak geruzatze-sistema bat proposatu du, zeinak geruzatan banatzen baitu populazioa, hau da, antzeko beharrak dituzten pertsona-multzotan. Hala, geruzetako bakoitzak hurrengo 12 hilabeteetan beharko duen osasun-arreta diseinatzen da. Modu horretan, osasun-sistema ez da geratzen paziente kronikoak okerrera egiteko eta kontsulta edo ospitaleetara joateko zain; haren zaintza aldez aurretik planifika daiteke, eta desorekak gertatu aurretik esku hartu.

Geruzatze-sistemarik ezagunenak Estatu Batuetan sortu ziren, eta haien osasun-sistemaren eta gure osasun-zerbitzuen arteko aldeak handiak izan arren, hainbat ikerketak baieztatu dute honako ere balio dutela sistema horiek. Oruetak Osakidetzaren Uribe ESIn egiten du lan gaur egun, baina EAEko Populazioaren Geruzatze Programaren zuzendari izan zen lau urtez, eta ondo ezagutzen ditu halako sistemak erabiltzeko zailtasunak. "Mundu errealean aplikatzen saiatu garenean, ikusi dugu eredu estatistiko oso konplexuak direla, aldagai asko dituztela, eta, askotan, ulertzeko zailak direla medikuentzat edo kudeatzaileentzat. Gainera, programa informatikoak erabiltzeko, urteko erabilera-lizentzia erosi behar izaten da. Horregatik, ulertzeko errazagoa den tresna bat garatu dugu, intuitiboa, eta, sinplea izan arren, amerikar ereduekin alderatuta azalpen-gaitasun handirik galtzen ez duena. Gainera, hemen garatua denez, ez luke izango lizentzia-kosturik".

FINGER, ‘made in Euskadi' eredua

Pazientea osasun-zerbitzuekin harremanetan jarrarazi duten osasun-arazo guztien diagnostikoetan oinarritzen da FINGER sistema (arriskua geruzatzeko talde berriak osatzea eta identifikatzea, gaztelaniazko siglen arabera). Argia eta erabilerraza da, baina "ondo identifikatzen du hurrengo urtebetean baliabide asko beharko dituzten pazienteen, programatu gabeko ospitaleratzeak beharko dituztenen edo heriotza-arrisku handiena izango dutenen ehuneko handi bat. Hala, paziente bakoitzari geruza bat esleitzen zaio, haren etorkizuneko egoerari ondoena egokitzen zaiona, eta arreta hobea jasotzen du".

Iragarpen-ereduek ez dute "beren kabuz jendearen osasuna hobetzen, ez eta ospitaleratzeak saihesten edo kostuak txikitzen ere, haiekin batera ekintza-plan batzuk martxan jarri ezean", adierazi du Oruetak. FINGER sistema eta hari lotutako ekintza-planak abian jarriz gero, "arreta hobea eman ahal izango litzateke, zaintza hobea, ospitaleratze gutxiago, eta desoreka gutxiago. Eta, logikoa denez, ospitaleak eta zaintza konplexuen unitateak gutxiago erabiltzen badira, kostuak ere gutxitu egingo dira". Baina sistemaren helburua arreta hobea ematea da; "osasun-gastua murriztea neurri horiek aplikatzearen ondorioa da", azpimarratu du Oruetak.

Informazio osagarria

Jon Orueta Mendiak (Bilbo, 1956) bere doktoretza-tesiaren barruan egin du ikerketa hau. ‘Desarrollo de un sistema de identificación de pacientes de alto riesgo en el País Vasco' izenburua du tesiak, eta Juan Jose Aurrekoetxea Agirre UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Saileko irakasleak eta Manuel García Goñi Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Ekonomia Aplikatuko irakasle titular eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Harreman Instituzionalen dekanordea izan ditu zuzendari. Ikertzaileak Osakidetzaren Uribe ESIn egiten du lan.