Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Doktorego Eskolaren seigarren jakinarazpena COVID-19ak sortutako egoeraren aurrean

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/27

Errektorearen 2020ko apirilaren 8ko Erabakiak zehaztu du nola egokitu irakaskuntza eta ebaluazioa oraingo zirkunstantzia ezohikoetara.Graduondoko ikasketei dagokienez, eta zehatzago, doktoregoari dagokionez, aurreko beste erabaki bat aipatzen du, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearena, zeinetan, salbuespen gisa, aukera ematen den epe honetan aurreikusita dauden tesien defentsak bideokonferentziaz egiteko, edo doktoregaiaren eta epaimahaikideen arteko komunikazioa bideratzen duten bestelako bitarteko telematikoez.Hala ere, alerta egoerak eta itxialdiak dirauten artean epe administratiboak izoztuta daudenez, gomendatzen da, ezinbestekoa ez baldin bada, atzeratzea doktorego tesiak gordailuan utzi eta defendatzeko prozesua, harik eta aurrez aurreko jardun akademikora itzuli arte.

Gogoratu, bestalde, doktorego tesiak gordailuan uztearen eta defentsaren inguruko tramite guztiak Graduondoko Ikasketen Zerbitzuaren eskumena direla (Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetza).

Erabaki honek, bestalde, eragiten die beste ikastegi batzuetara transferitutako masterretako bigarren urtetik aurrerako ikasleei ere, erabakitik eratorritako jarraibide hauen bitartez:

  1. Irakaskuntzarekin jarraitzea, urruneko edo onlineko modalitateen bidez, 2019/20 ikasturtea amaitu arte.

  2. Bigarren lauhilekorako onartutako egutegi akademikoa eta ebaluazio egutegia mantentzea. Salbuespenak dira: titulazioko azken mailako irakasgai esperimentalak, kanpoko praktikak eta praktika klinikoak, edo goragoko maila batera atzeratu ezin direnak, edo jarduera ez-presentzialekin ordezkatu ezin direnak. Horietarako, ohiko deialdian ebaluazio epe gehigarri bat egongo da, ekainaren 25a arte. Kasu horietan ezohiko deialdiko ebaluazio epeak ere aldatu beharko dira, baina edozelan ere, deialdi horretako aktak uztailaren 31 baino lehen itxi beharko dira.

  3. Onartuta eta UPV/EHUren webgunean argitaratuta dauden irakaskuntza gidak egokitzea egoera berezi honek ekarritako irakaskuntza eta ebaluazio ez-presentzialeko planera. Onartutako egokitzapen oro ikasleei komunikatuko zaie eGelaren bidez (edo bestelako bitarteko elektronikoez), behar besteko aurrerapenaz eta, edonola ere, apirilaren 30a baino lehen.

  4. Mailari eustea kanpoko praktika akademikoen eta praktika klinikoen bidez eskuratu beharko ziren gaitasunetan. Azken mailan curriculumeko nahitaezko praktikak dituzten titulazioen kasuan, praktikak egintzat hartuko dira baldin eta irizten bada nahikoa maila eskuratu dela aurrez aurreko modalitatean aurreikusitako gaitasunetan. Beharrezkotzat jotzen bada, gaitasunok mintegien edo bestelako jarduera ez-presentzialen bidez osatu beharko dira. Baldin eta maila egokirik lortu ez bada eta prestakuntza hori hurrengo mailetara atzeratu ezin bada, ikastegietako zuzendariek eta dekanoek beste prestakuntza aukera batzuk landu beharko dituzte. Salbuespen gisa, beharrezkoa izan liteke curriculum-praktiken egutegia luzatzea, batez ere lanbide arautuetarako sarbidea ematen duten titulazioetan.

  5. Irakaskuntza gidetan ezarritako ebaluazio sistemak oraingo irakaskuntza ez-presentzialera egokitzea. Gomendatzen da ahal dela ebaluazio jarraitua erabiltzea, eskolaldi osoan zehar egindako eta ikasleen aurrerabidea baloratzeko modua ematen duten proba edo jardueren bidez. Behar izanez gero, hori osatu ahal izango da ohiko ebaluazio epean agindutako proba edo jarduerekin.

  6. MALen defentsari dagokionez, kontuan hartuta egoeraren ezohikoa, ikastegiek baimena eman ahal izango dute bideokonferentziaz egiteko. Lanen defentsetarako datak ezartzerakoan, kontuan hartu beharko da MALen kalifikazioak ikasleen espedienteetan sartuta egon behar direla 2020ko urriaren 31 baino lehen.