Eduki publikatzailea

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordea

Gasteiz 2020-11-30

Eskerrak eman nahi dizkiot Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeari gure agerraldi eskaera onartzeagatik. Jakina denez, Euskal Herriko Unibertsitateak beti erantzun dizkio erakunde honek, euskal gizartearen ordezkaritza gorenak, egindako eskaerei. Era berean, agerraldi bat eskatu nahi izan dugu errektoretzaren agintaldia amaitzear den honetan, gure betebeharra baita egindako lanaren berri ematea euskal gizarteari eta haren ordezkariei. Gure baliabideen zatirik handiena aurrekontu publikotik dator eta, autonomia akademikoa eta kudeaketakoa eskatzen dugun modu berean, egindako jardueraren aurrean erantzuteko konpromisoa ere sentitzen dugu. Gaurko agerraldi hau, beraz, euskal gizartearekin eta haren erakundeekin dugun konpromisoaren ondorioa da.

Azalpen hau, ordea, jasaten ari garen osasun eta gizarte egoerak baldintzatzen du. COVID-19aren pandemiak eragin handia izan du gure bizitzaren alderdi guztietan eta bizitza akademikoa ez da izan, jakina, salbuespen bat. Edonola ere, gai hori nire mintzaldiaren azken atalean aipatuko dut; hori baino lehen, Euskal Herriko Unibertsitateak 2017-2020 agintaldian egindako lanaren berri emango dut, gaiez gai.

 

IRAKASKUNTZA

Irakaskuntza arloan, ahalegin handia egin dugu gizarte globalizatu, dinamiko eta aldakor batera egokitzeko. Unibertsitatearen betebeharra da, zalantzarik gabe, unean uneko behar akademikoei erantzutea, baina aurre hartu behar die ere, ahal duen neurrian, etorkizuneko premiei. Horrek esan nahi du eskaintza akademiko eta hezkuntza eredu malguak eta arinak diseinatu behar dituela, abiadura handian eboluzionatzen ari den gizarte baten erronkei erantzuteko gai izango diren profesionalak prestatu nahi dituelako.

Zentzu horretan, gure helburuetako bat gure eskaintza akademikoaren bikaintasuna areagotzea izan da. Areagotu esan dut, haren zati handi bat bikaina zelako lehendik ere; alabaina, ezingo genuke esan atzo hobetu zitezkeen arloak ez zeudenik, ezta gaur egun ez daudenik ere.

Gai askoren aipamen telegrafikoa egingo dut, epigrafe honen barruan, baina aipamen zehatz horien atzean ehunka pertsonaren lan eskerga dagoela jakitun izanda betiere: irakasle-ikertzaileak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta, haien ondoan, hezkuntza ahalegin honen azken jomuga diren milaka ikasle.

Talde honek zuzendaritza bereganatu zuenean, UPV/EHUk bi master zituen, Erasmus Mundus kalifikazioarekin. Dakizuenez, kalifikazio hori jasotzen duen master bat nazioarteko goi mailako ikasketa programatzat hartzen da Europar Batasunean; programa bat, hainbat herrialdetako unibertsitateen partzuergo batek ematen duena. Ikasturte honetan horrelako zortzi master eskaintzen ari gara; hori dela eta, zigilu hori duten graduondoko gehien dituzten estatuko unibertsitateen taldean gaude.

Bikaintasunaren aldeko bokazioa, nazioartekoari lotuta, euskal gizarteak arlo profesional guztietan orain eta etorkizunean izango dituen beharrei emandako erantzunarekin uztartzen da. Horregatik bultzatu ditugu ere titulu bikoitzak; izan ere, 2016-2017 ikasturtean bi eskaintzen genituen eta, aurtengo ikasturtean, berriz, hamabi. Horien artean, ingelesez osorik ematen den lehen titulu bikoitza dugula azpimarratu behar da.

Prestakuntza dualaren aldeko apustu garbia egin dugu. Prestakuntza aukera paregabea ematen duen irakaskuntza modu bat da, lan jarduna eta prestakuntza akademikoa uztartzen baititu. Prozesu eta Produktuen Berrikuntzaren Ingeniaritzako Gradua, gure unibertsitatearen ikastegi atxiki den Makina Erremintaren Institutuan ematen dena, aitzindaria izan zen estatuan modalitate horretan. Azken lau urteetan prestakuntza dualeko hamalau titulu gehiago jarri ditugu martxan. Badakigu eredu hori ezin dela diziplina guztietara zabaldu eta Automobilgintzaren Ingeniaritzako gradu dual batek, esate baterako, sekulako ahalmena duela, baina beste unibertsitate arlo batzuk ezin direla eredu horretara automatikoki egokitu; edonola ere, uste dugu oraindik beste jakintza arlo batzuetara zabaltzeko tartea dugula. Horixe da, gure aldetik, irakaskuntzaren arloan egin dugun apustu handienetako bat, nazioartean bikainak diren unibertsitateak egiten ari direnarekin bat etorrita.

Irakaskuntzaren arloarekin jarraituta, lau titulu berri ezarri ditugu (azkenekoa, Adimen Artifizialeko Gradua), eta bi zentro berri atxiki ditugu: Goi Mailako Online Institutua eta Elías Querejeta Zine Eskola. Horri dagokionez, aipatu nahiko nuke, eskaintza zabaltzearekin batera, arlo intelektual berrietara iritsi garela, jarduera berrietara. Gure unibertsitatearen eta gure proiektu akademikoaren jarrera ireki eta jakin-minez betearen adibide argia da zinema.

Eskaintza hori osatzeko, zeharkako gaitasunen gaineko prestakuntza ikastaroen katalogo zabal bat dugu. UPV/EHUren uste sendoa da prestakuntza ez dela bakarrik jakintza transmititzea; izan ere, beste era bateko gaitasunak ere transmititu behar dira, hala nola lan ohiturak, trebetasun emozionalak eta, jakina, balio etikoak. Agintaldi honetan arreta berezia eskaini nahi izan diogu alderdi horri. Ikastaro horien bidez, hiru campusetan lehenengoz antolatutako enplegu foruekin batera, gure ikasleen enplegagarritasuna hobetu nahi dugu, eta etengabe aldatzen ari den merkatu laboral eta profesional batera egokitu nahi ditugu. Azken bi edizioetara 255 inguru enpresa joan dira, eta ia 850 lanpostu eskaini dituzte.

Berezko tituluen arloan (titulu horiek, dakizuenez, bizitza osoko prestakuntzari lotutako graduondokoak dira), igoera esanguratsua izan da, emandako berezko tituluen kopurua % 74 hazi baita.

Enplegagarritasuna bultzatzeari dagokionez, Praktika eta Enplegagarritasun Unitatearen sorrera nabarmendu behar da. Unitateak laguntza logistikoa ematen die fakultateei eta eskolei, gure unibertsitateko ikasleek eginiko curriculumeko nahiz borondatezko praktiken kudeaketan. Azken 4 urteetan, enpresa kolaboratzaileen kopurua % 24 igo da, eta horrek gure ikasleek ikasturte bakoitzean egiten dituzten 11.000 praktiken dibertsifikazioa ahalbidetu du. Enplegu zifrei dagokienez, egiaztatu dezakegu orain dela gutxira arte UPV/EHUko ikasle egresatuek % 90eko okupazio tasa bat zutela eta zenbait diziplinatan enplegu osotik gertu zeudela. Pentsatzekoa denez, alarma egoerak ekarritako konfinamenduaren aurreko egoera bati buruz ari gara.

Prestakuntza eskaintzak hobera egin du bikaintasunean, nazioartekotzean, dinamismoan eta gizarte beharrei erantzuteko gaitasunean. Gure ikasleen ikaskuntzak hartu beharko lukeen orientazioari buruzko gogoeta sakon baten ondoren, gure hezkuntza eredua birdefinitu dugu, UPV/EHUren lidergoa sendotzeko eta euskal gizarteari kalitate goreneko unibertsitate hezkuntza bat eskaintzeko. Hori guztia IKD i3 hezkuntza ereduaren babespean, gure eskaintza akademikoa identifikatzen (eta indibidualizatzen) duen ezaugarrietako bat. Dakizuenez, IKD i3 ereduaren oinarria ikerketa eta garapen jasangarriaren helburuak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan integratzean datza.

Prestakuntzaren atal hau amaitzeko, pertsonalki esan nahi dut nire ustez matrikula kopuruaren igoerak ez duela izan behar unibertsitatearen lehentasunezko helburu bat. Are gutxiago gurea bezalako herrialde batean, non azken hamarkadetan jaiotza indizeek beherako joera izan duten; edonola ere, graduko lehen mailan matrikula kopuruan izandako igoera ere azpimarratu nahiko nuke. Hala, azken ikasturteetan, % 10 igo da (7.712tik 8.509ra). Eta izen emateetan izandako igoerei erreparatzen badiegu, hor ikusten baita unibertsitate baten erakartzeko gaitasuna, portzentaje hori % 14ra iristen da. Masterren kasuan, lehen mailako matrikulak % 22 igo dira.

 

IKERKETA

Ikerketa dugu UPV/EHUren jardueraren oinarrian –eta identitatearen muinean– dagoen zutabe nagusietako bat.

2019-2022 aldirako Ikerketa Planaren testuinguruan, proiektu handiak sustatzeko diziplina anitzeko deialdi berriak diseinatu ditugu, beste erakunde eta enpresa batzuen lankidetzaz. Belaunaldi aldaketarako erraztasunak eman ditugu, pertsona berriak ikertzaile nagusi gisa sartuz ikertalde finkatu askotan. Eta ikertzaile gazteei laguntzeko neurriak hartu ditugu.

Neurri horien guztien helburua unibertsitatean lanean ari den talentua zaintzea da, eta hori ez da eragozpen bat, era berean, kanpoko talentua erakarri ahal izateko. Uste dut bi zeregin horiek elkarren osagarriak direla eta elkar indartzen dutela: kanpoko talentua erakartzea estimulu bat da bertako talentuak garapen onena lor dezan, eta aldi berean gure talentua zaintzen badugu, UPV/EHU erakunde erakargarriago bat bilakatzen da kanpoko talentuarentzat. Horretarako, lankidetza estuan jardun dugu Ikerbasquerekin eta gure inguruko bikaintasun zentroekin (BERC guneak). Politika horren emaitza ikusgarriena, sendoena, baina inondik ere ez bakarra, Albert Fert fisikari frantziarraren kontratazioa izan da, Donostiako International Physics Center-en lankidetzaz, UPV/EHUk bere historian kontratatu duen lehen Nobel sariduna; haren atzetik, orain dela egun gutxi, hau ere DIPCrekin batera, George F. Smoot kontratatu dugu, Fisikako Nobel sariduna. Ziurtatzen dizuet albiste horrek sekulako garrantzi akademikoa duela, estatuko gainerako unibertsitateen artetik nabarmentzen gaituelako eta gure nazioarteko ospea parametro guztiz bestelakoetan jartzen duelako.

Bikaintasuna lortu nahi duen unibertsitate batek nazioarteko proiekzioa izango duen lehen mailako ikerketa garatzeko helburua eduki behar du ezinbestean. Hasieran esan dudan moduan, ikerketa gure jardueraren zutabe bat ez ezik, gure identitatearen muina ere bada. Gaur-gaurkoz, UPV/EHUk ikerketaren bidez urtean 55 milioi euro inguru erakartzen ditu. Azken urteetan, Horizon2020 Europako programan izan dugun parte hartzeak 24 milioi euro inguruko itzulera bolumena lortu du. Horien artetik, 17 milioi baino gehiago (emandako 84 proiektuetatik 63) Bikaintasun Zutabea izenekoari dagozkio, zeina plan beraren barruan jasota baitago. Zutabe horren barruan daude, halaber, azken lau urteetan lortu ditugun Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) bost proiektu prestigiotsuak: 5,53 milioi euroko itzulera ekarri dute. Azpimarratzekoa da H2020ren Gizarte Erronken Zutabea programan lortutako igoera handia: 2014-2016ko urtealdian, proiektu bakarra genuen; azken lau urteetan, hamaika garatu dira. Bestalde, lidergo femeninoa bultzatzeko gure ahalegina fruituak ematen hasita dago: Gizarte Erronken Zutabe horretan bertan, emakumeek proiektuen % 58 lideratu dituzte.

Argitalpen zientifikoen arloan (hori da, jakingo duzuenez, unibertsitate ikerketaren adierazle nagusietako bat, ikerketa ororen emaitza, azken batean, nazioarteko argitalpen zientifiko batean objetibatzen baita), bada, nioen moduan, argitalpenen arloan, azken lau urteetan Web of Science webgunean indexatutako artikuluen kopurua % 34 igo da. Hala, 2019. urtean 3.800 argitalpenen langa gainditu genuen, eta horien % 55 lehen kuartilean zeuden; hau da, dena delako jakintza arloan prestigio handieneko aldizkariei erreserbatutako espazioan.

Eman ta Zabal Zazu gure lemarekin leialtasunez jokatuta, sarbide irekiko politika bat bultzatu dugu argitalpenetan. Zehazki, 2017. urtearen hasieran 7.169 artikulu genituen eta gaur-gaurkoz 19.497 ditugu, eta horri esker, UPV/EHUren gordailua 280. postuan kokatu da mundu osoko unibertsitateen artean. Elementu hori, beste batzuekin batera, lagungarria izan zaigu 100 postu igotzeko eta munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatzeko, Shanghaiko sailkapen entzutetsuaren arabera. Sailkapen hori, nazioarteko aitortza izateaz gainera, ebaluazio irizpide errespetatu eta enblematikoenetako bat da unibertsitateen munduan.

Jakintza arloen araberako sailkapen espezifikoan, UPV/EHU 51-75eko tartean dago munduko unibertsitateen artean, Ingeniaritza Kimikoaren arloan, eta gainera, estatuko lehena da arlo horretan. Leku nabarmena du ere Nanozientzian eta Nanoteknologian, Kimikan, eta Ingeniaritza Metalurgikoan, diziplina horietan munduko unibertsitateen 101-150eko tartean kokatzen baita. Energiaren Zientzian eta Ingeniaritzan eta Materialen Zientzian eta Ingeniaritzan, berriz, munduko unibertsitateen 151-200eko tartean dago, UPV/EHU. Amaitzeko, UPV/EHU munduko sailkapenaren 201-300eko tartean dugu arlo hauetan: Matematika, Fisika, Farmazia eta Zientzia Farmazeutikoak, Nekazaritzaren Zientziak, eta Komunikazioa.

Batzuetan zaila da eskaintzen ditugun kopuru horien benetako esanahiaz guztiz jabetzea. Zer esan nahi du munduko 400 unibertsitate onenen artean egoteak? Joan den urtean 500 onenen artean ginen. Hortaz, tarte bat egin dugu gora, sailkapen horretan. Baina, zein da posizio horren dimentsio erreala? Agian, horretaz jabetzeko, aintzat hartu behar dugu munduan 20.000 unibertsitate eta goi mailako hezkuntza erakunde daudela; berriro diot: 20.000. Bada, 400 onenen artean egoteak (eta tarte batzuetan, esan dudanez, zerrenda pribilegiatu horren azken 100ak parean daude) munduko unibertsitateen % 2 onenen artean gaudela esan nahi du.

Horrek ez du esan nahi bakarrik kirol sailkapen moduko batean postu gutxi-asko on bat izatea: ondorio erabakigarriak dauzka nazioarteko unibertsitate eremuan. Mundu osoko unibertsitateekin harremanak, hala instituzionalak nola zientifikoak, ezartzeko aukera izan dut, eta zera ziurta dezaket, Shangaiko sailkapenean posizio on bat mantentzeak edo bertan ez egoteak modu erabakigarrian baldintzatzen duela beste unibertsitate batzuekin lankidetzak izateko aukerak, zirkunstantzia horrek dakarren ospeari lotuta. Badakit Euskal Herriko Unibertsitatean sailkapen horien garrantzia behin eta berriro aipatzen dugula, eta hala egiten dugu, hain zuzen, bertatik bertara ezagutzen ditugulako sailkapen horren posizio batean edo bestean egoteak nazioarteko unibertsitateen esparruan dituen ondorioak. Eta ez bakarrik, nioen moduan, harreman instituzionalak edo lankidetza zientifikoak ezartzeko aukera ematen duelako, baizik eta sailkapen horretan posizio on bat izateak unibertsitate baten nazioarteko ospea zehazten duelako eta, hortaz, aldi berean unibertsitate horretan ikasleek lortutako tituluen ospea bermatzen duelako. Azken batean, ikasleak dira hobekuntza horren onuradun nagusiak.

Bestalde, Center for World University Rankings-ek (CWUR), munduko sailkapen garrantzitsuenetako batek, munduko sailkapenaren 358. posizioan kokatu du UPV/EHU, 2020. urtean.

 

JAKINTZAREN TRANSFERENTZIA

Ikerketari estuki lotuta, baina harago doan jarduera bat garatuta eta gizartean zuzenean proiektatuta, jakintzaren transferentzia dugu.

Arlo horretan gure unibertsitatea etengabeko ahaleginean ari da. Azken urteetan, % 50 igo dira bai sinatutako transferentzia kontratuak, bai kontzeptu horretan lortutako sarrerak. Nabarmendu behar da 2019an (eta urte horri dagokion kopurua ematen dut, oraindik amaitu ez den 2020ko ekitaldia anomaloa izan delako guztiok ezagutzen ditugun arrazoiengatik) 1.250 kontratu sinatu genituela 681 enpresa, administrazio eta irabazi asmorik gabeko erakundeekin, eta 11,55 milioi euroko itzulera jaso genuela I+Gn eta zerbitzu teknologikoetan. Lehentasunezko patenteen urteko ekoizpena bikoiztu egin da, eta agintaldiaren amaieran urtean 22 patente baino gehiago sinatu dira; unibertsitatean sortutako teknologiak ustiatzeko lizentzia bidezko transferentzia, berriz, laukoiztu da; eta, azkenik, urtean oinarri teknologikoko bost enpresa sortu ditugu batez beste.

Era berean, lehendik zeuden 6 unibertsitate-enpresa ikasgelak finkatzen lagundu dugu, eta 15 ikasgela gehiago bultzatu ditugu, tartean lehen ikasgela teknologikoa: UPV/EHU-Tecnalia. Bestalde, agintaldi honetan, ikertaldeetatik kontratu eta lizentzien bitartez egindako ekintzailetza ohiko jarduera bihurtu da, eta orain ikerketa emaitzak merkatura transferitzeko aukera sendo bat da.

Dibulgazio zientifikoa jakintza transferitzeko beste modu bat da. Jarduera hori orain dela gutxi sortu da unibertsitatean (tradizionalenekin alderatuta behintzat), eta UPV/EHU bere inguruko gizartearekin harremanetan jartzeko tresna eraginkorretako bat da gaur-gaurkoz.

Zientzia Astea tamaina bikoiztu arte handitu da azken urteetan, eta Euskadiko gazteen artean STEAM diziplinak bultzatzeko ekimen nagusia dugu egun. Ekimen horrek, eta horrekin batera Kultura Zientifikoko Katedran egindako lan handiak, Udako Ikastaroek eta hedabideetan gure akademikoek etengabe eginiko agerraldiek zientziaren dibulgazioa UPV/EHUren nortasunaren ikur bilakatu dute.

Testuinguru ekonomiko eta sanitario benetan zailean gauden arren, hiru zientzia azpiegitura handi jarri ditugu martxan: Micaela Portilla, Martina Casiano eta María Goyri zentroak. Era berean, PharmaLabs 4.0 laborategiak sortu ditugu, eta 2017an inauguratutako Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa finkatu dugu. Bertan, 85 enpresa bazkide ditugu, eta I+G+Bko 95 proiektu garatu ditugu, aurtengo lehen seihilekoa bakarrik aintzat hartuta. Horrez gain, Hizketaren Teknologien Zentroa (HITZ) jarri dugu martxan, eta zeregin oso garrantzitsua beteko du Euskadiko adimen artifizialaren garapenean.

                 

NAZIOARTEKOTZEA ETA EUSKAL KULTURA

Beste arlo bat, irakaskuntzaz eta ikerketaz mintzatzean dagoeneko aipatu dudana baina orain astiro aztertuko dudana, nazioartekotzearena da. Gaiari ikuspegi dialektiko batetik heldu nahi diot, gainera, eta erlazioan jarri nahi dut Euskal Herriko Unibertsitate gisa bereizten gaituen identitate kultural eta akademikoarekin. Izan ere, XXI. mendeko unibertsitateak identitate eta mestizaje konbinazio emankor bat izan behar du, adarren eta erroen konbinazio bat: mundura irekita eta kultura batean errotuta. Nire ustez, UPV/EHU, proiektu akademiko gisa, leiala zaio gure logotipoan adierazita dagoen ikuspegi ireki horri.

Gure unibertsitatea, gaur egun, Prestakuntza Nazioartekotzeko Plana garatzen ari da, 2018-2022 urtealdirako.

Nazioarteko titulu bikoitzen eskaintza areagotu dugu, eta orain graduko 5 titulu bikoitz eta masterreko 10 titulu bikoitz berri gehiago ditugu. Nazioarteko titulu bikoitza bi unibertsitateren artean –bat bertakoa eta bestea atzerrikoa– adostutako prestakuntza programa batean datza, eta hura gainditu eta dagokion kredituen aitortza jaso ondoren, ikasleek graduko edo graduondoko bi unibertsitate titulu eskuratzen ditu, unibertsitate bakoitzetik bat.

Gaur egun, graduko 841 irakasgai ematen ditugu hizkuntza ez-ofizialetan; horien artetik, 633 ingelesez. Azken lau urteetan, % 25 baino gehiago handitu da hizkuntza horretan emandako graduko nahiz masterreko irakasgaien kopurua.

Bestalde, pandemia gorabehera, kanpora joandako ikasleen mugikortasuna % 13 igo da, eta etorritakoen mugikortasunak, berriz, % 6 egin du gora. Hala, gure ikasleen % 22k baino gehiagok nazioarteko esperientziaren batean parte hartu dute, eta modu horretan Europako Batasunak 2020. urterako ezarrita zuen % 20ko helburua aurreikusi baino askoz lehenago gainditu dugu. Era berean, gogotik egin dugu lan Graduondokoen Latinoamerikako Sarean, eta Bordeleko Unibertsitatearekin batera ezarritako mugaz gaindiko Euroeskualdeko Campusa ere sendotu dugu, joan den ikasturtean UPV/EHUko kideen inplikazioa sekula baino handiagoa izan baitzen.

Aipatu nahi dut deialdi gogor eta lehiakor batean 5 milioi euroko babesa lortu dugula ENLIGHTerako, Europako unibertsitateen partzuergo bat, unibertsitate hezkuntzan diharduten maila handiko beste zortzi erakunderekin batera sortu duguna. Hain zuzen ere, erakunde horien artetik, sei unibertsitate munduko 400 unibertsitate onenen artean daude, gurea bezala, eta hiru, lehenengo 66ren artean, Shanghaiko sailkapenaren arabera.

ENLIGHTeko bederatzi unibertsitateek hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza agenda bat partekatzen dugu, etorkizuneko gizarte ongizate eta jasangarritasunerako giltzarriak diren bost erronketan oinarritzen dena. Erronka horiek Nazio Batuen garapen jasangarrirako 17 helburuetatik (GJH) 10i lotuta daude gutxienez, eta arlo hauetan gauzatuko dira: osasuna eta ongizatea; iraultza digitala eta digitalizazioaren inpaktua; klima aldaketa; energiaren erabilera eta ekonomia zirkularra; eta, amaitzeko, ekitatea.

Nazioartekotzean ahalegintzearekin batera, UPV/EHUk euskara eta euskal kulturarekin duen konpromisoari eusten dio. Graduko nahitaezko irakasgaien % 98 euskaraz ematen dira, 2017an baino lau puntu gehiago. Euskaraz emandako berezko tituluen lehengo kopurua halako hiru ematen dira orain, eta % 6 egin dute gora gure hizkuntzan egindako doktorego tesiek. Euskaraz egindako doktorego tesien artean, erdiak baino gehiago nazioartekoak dira. Horrek erakusten du, beste ezerk baino hobeto, global-lokal binomioa gure identitatearen muina dela; alegia, konprometitua euskal kulturarekin eta aldi berean irekia gainerako kulturetara.

Lau ikasturte hauetan, UPV/EHUko ikertzaileek 500 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu dituzte euskarazko aldizkari zientifikoetan. “Doktore Euskaldunak” datu basea martxan jarri da, eta jakintza arlo askotako 700 doktorek eman dute izena bertan. Era berean, azken lau urteetan, ia 300 unibertsitate testuliburu eta 60 material didaktiko inguru argitaratu ditugu euskaraz; horien artean, Hiztegi Juridikoa nabarmentzen da, hala irakaskuntzan nola jarduera profesionalean izango duen eraginagatik.

Euskaraz emandako irakaskuntza sendotzeari begira, gaur egun irakasle-ikertzaileen % 61ek gaztelania-euskara profil elebiduna duen plazaren bat betetzen dute, agintaldiaren hasieran baino 5 puntu gehiago.

 

GIZARTE POLITIKAK

Gizarte politikek beste zutabe bat osatzen dute, talde honek partaidetza metodologia batez agintaldi honetarako diseinatu zuen Plan Estrategikoan; dena den, partaidetza ez da berria, UPV/EHUren politika unibertsitarioan. Gure ustez, unibertsitate publikoaren izaera ez da estatus juridiko edo administratibo huts bat: balio jakin batzuk barneratzea eskatzen duen izaera bat ere bada. Hortaz, UPV/EHU ez da definitzen soilik erakusten eta ikertzen duelako, baizik eta ikuspegi integratzaile batetik lan egiten duelako, gizarte beharrei eta kolektibo kaltetuenei adi erreparatuta.

Arlo honetan egindako ekintza espezifikoak zerrendatzeak luze joko luke. III. Berdintasun Planarekin batera, ekimen zehatz ugari jarri dira martxan, eta horien artean genero indarkerien aurkako protokolo espezifiko baten elaborazioa nabarmenduko nuke. EHU Agenda 2030 planak Garapen Jasangarriaren Helburuak sartu ditu gure irakaskuntza, kudeaketa eta ikerketa ereduan. Uste dut UPV/EHUk oso politika aktiboa izan duela zentzu horretan, eta, gure testuinguru instituzionalean, inklusio eta feminismo politiken erreferente bilakatu da Euskadin.

Are gehiago, esango nuke arlo horretan gure ekintzaren erreferentzialtasunak baduela nolabaiteko aintzatespena nazioartean. Nazioarteko sailkapenetara itzuliko naiz orain, aipamen bakar bat egiteko: UPV/EHUk The Times Higher Education Unibertsitate Inpaktuko Sailkapenean parte hartu du lehenengoz. Sailkapen horretan unibertsitateek Garapen Jasangarriko Helburuei lotuta egiten duten lana ebaluatzen da. Times Higher Education sailkapena oso irizpide eztabaidagarrien gainean eratzen da (adibidez, haren finantzaketaren zati bat unibertsitate batzuek emandako funtsen bidez egiten da), baino horrek are balio handiagoa ematen dio; izan ere, akordio horien parte izan gabe eta ebaluazioan parte hartzen duen lehen aldian, UPV/EHU 101-200ko tartean kokatu da, sailkapen globalean. Horrez gain, munduko 49 erakunde onenen artean dago genero berdintasunari dagokionez, eta 59 onenen artean, produkzio eta kontsumo arduratsuen arloan. Gorago aipatu dudan moduan, sailkapen hori oso eztabaidagarria da, eta ez dut uste aurrera egin dezakegunik aipatu ditudan akordio horietan sartu gabe, eta, jakina, UPV/EHUk –ezta, nire ustez, inongo unibertsitateak ere– ez luke sekula parte hartu beharko horrelako akordioetan.

Gizarte politikek, atal honen hasieran nioen moduan, norabide askotara bideratzen dute beren lana. Hala, III. Inklusio Plana unibertsitateak arlo horretan egindako lana zabaltzea ekarri du: aurreko bi planen fokua ezgaitasunak dituzten pertsonen kolektiboarengan jarri bazen ere, oraingoan arrazoi sozioekonomikoak eta generokoak direla eta kalteberak diren beste kolektibo batzuetara hedatu dugu ekintza inklusiboa.

Bestalde, unibertsitatean arrakasta akademikoa lortzeko Arrakasta programa, zeina foru diputazioen laguntzari esker garatzen baita, ekimen aitzindari bat da, eta horren bidez baldintza egokiak sortu nahi dira, haurtzaroa eta nerabezaroa babesteko eta gizarte inklusioko harrera sistemetan dauden gazteak unibertsitatera sartu, eta goi mailako ikasketak arrakastaz egiteko aukera izan dezaten. Programaren garapena ona izaten ari da, eta oso testuinguru konplexuetan diren pertsonei arreta eraginkorra eman die, unibertsitatera joateko eta beren balioa erakusteko aukera ematen baitie. Gaur-gaurkoz 19 ikasle daude.

Eta atal hau amaitzeko, bi ekimen aipatuko ditut, kopurutan ziur asko kolektibo txikiengan eragiten dutenak, alabaina bultzatzen dituzten balioetan nabarmentzen direnak. Lehena, IkasLagun programa Gipuzkoako Campusean garatzen ari dena, horren bidez, UPV/EHUko ikasle boluntarioek errefortzu akademikoa eskaintzen diete lurraldeko babes sistemaren barruan arreta eta zaintza jasotzen duten haurrei. Bigarrenik aipatzekoa da UPV/EHUn matrikula ordaintzetik salbuetsita daudela 2018-2019 ikasturteaz geroztik asiloa eskatzen duten, nazioarteko babesa duten edo aberrigabe diren pertsonak. Euskal Herriko Unibertsitatea da gaur egun estatuan aukera hori eskaintzen duen unibertsitate bakarra.

 

LEPa ETA AZPIEGITURAK

Gizarte politiken ondoren, eta amaitu aurretik, beste gai batzuk aipatuko ditut, labur bada ere.

Errektoretza talde honek, agintaldi honetan, gure langileak zaindu, eta haien lan baldintzak hobetu nahi izan ditu. Gure erakundea bultzatzen duten balioen artean, guretzat, giza kapitala da, inolako zalantzarik gabe, unibertsitateko kapitalik garrantzitsuena. Pertsonen alde egitea unibertsitatearen alde egitea da. 2017. urteaz geroztik egindako lan eskaintza publikoetan, 477 plaza finkatu dira ikertzaile-irakasleentzat, eta beste 77, administrazio eta zerbitzuetako langileentzat. Nabarmentzekoa da, 2018an, 38 plazako lan eskaintza publiko bat onartu zela, eta 2019an, 635 plazako beste bat, administrazio eta zerbitzuetako langileentzat, AZPko langileen kolektiboarentzat UPV/EHUn inoiz egin den eskaintzarik handiena.

Lan eskaintza publiko horien guztien emaitzak, abian den lekualdatze lehiaketaren emaitzarekin batera, aldi baterakoak edo bitartekoak diren langileen oraingo portzentajea zentzuzko mailetara jaistea ahalbidetuko digu, eta horrela aurrera egin ahal izango dugu plantillen eta langileen egituren plangintzan eta erregularizazioan, eta era berean, kudeaketa prozesu arruntak normalizatzen joango dira.

Balantze honetan, azpiegituren arloan garrantzi handiko bi ekimen aipatu nahi ditut bereziki. Osasun Zientzien arloari lotuta daude biak: Galdakao-Usansoloko ospitalearen atxikipena, elkartu gisa, Medikuntza gradua osorik euskaraz egitea ahalbidetu duena (onarpen bereiziaren sistema ezarrita); eta, Medikuntza eta Erizaintza Fakultaterako eraikin berriaren proiektua, Basurtuko ingurunean.

Gure unibertsitateko kideez haratago, Euskadin osasunaren sektorean diharduten pertsona guztiak jabetzen ziren ikasketa horiek azpiegituretan zuten atzerapenaz. Osasun sektorea eta euskal gizarte osoa benetan eskatzen ari ziren egitasmo bat jarri dugu martxan. Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriak 59 milioi euroko inbertsioa izango du. Medikuntzako, Fisioterapiako eta Erizaintzako graduak hartuko ditu, eta bertan emango dira ere Osasun Zientzien arloko 7 master ofizial. 2024-2025 ikasturtean martxan egotea aurreikusten dugu. Lehentasunezko eta ezinbesteko ekimen bati buruz ari gara. Badakigu eraikin berriak ez dituela konponduko Osasun Zientzien arloan dauden azpiegitura arazo guztiak, baina urrats erraldoi bat egingo dugu, lehendik zeuden beharrak aintzat hartzen baditugu.

Hori guztia egin ahal izan da, gure aurrekontua % 5,6 handitzeaz gainera, 2019-2022 aldirako Unibertsitate Plana sinatu dugulako Eusko Jaurlaritzarekin eta planaren 4 urteko indarraldian 1.350 milioi euroko finantzaketa bat jasoko dugulako. Publikoki eskertu nahi dut gure unibertsitateak azpiegituretan zuen behar handienetako bati emandako laguntza eta, horrekin batera, administrazio eta zerbitzuetako langileen 100 lanposturen finkapena, hori ere unibertsitate plan hori sinatzearen ondorioz lortu baita.

(…)

Agerraldi honetan, Euskal Herriko Unibertsitateak azken lau urteetan izandako mugarri nagusietako batzuk aipatu nahi izan ditut.

Alabaina, ezinezkoa zait mintzaldi hau amaitzea agintaldiaren azken aldia berariaz aipatu gabe, koronabirusaren pandemiak erabat (eta hasieran, era oso dramatikoan) baldintzatu baitu.

Pandemiak eta haren ondorioek, hala nola alarma egoeraren deklarazioak eta konfinamenduak, errotik eraldatu zuten irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa Euskal Herriko Unibertsitatean. Halako aldaketa bat, hain bat-batekoa eta sakona, ez da inoiz gertatu gure unibertsitatearen historian. Dena den, baieztatu dezakegu, inolako zalantzarik gabe, unibertsitateko kideen erantzuna, oro har, bikaina izan dela.

Beste gizarte eta ekonomia sektore batzuetan gertatu zen modu berean, gurean ere pandemiak hankaz gora jarri zuen 2019-2020 ikasturteko plangintza. Berriro konfiguratu behar izan genituen milaka irakasgai, irakaskuntza emateko moduak eta horietarako euskarri teknikoak.

EHU edonondik plataformak irakaskuntza ez-presentziala emateko oinarriak finkatu zituen. Denbora tarte oso laburrean, tresnak egokitu eta prestakuntza ikastaroak eman ziren, irakaskuntza modalitate birtualera egokitzeko. Irakasleen eta ikasleen erantzuna azkarra eta eraginkorra izan zen. Gure baliabide telematikoen ahalmena garatu dugu, eta, aldi berean, hezkuntza presentziala baloratzen ikasi dugu, falta zitzaigun honetan.

Ikerketak ere eragin negatiboa pairatu du, alabaina UPV/EHUk jakintza sortzeko ahalmena duela erakutsi du, pandemiaren fenomenoa hainbat ikuspegitatik lantzeko gai izan baita. Ikasturtearen irekiera ekitaldian, ikertalde ugari COVID-19ari lotuta lantzen ari diren ezin konta ahala arlo aipatu nituen, hala nola epidemiologia, ingeniaritza, fisioterapia, erizaintza, psikologia, baita filosofia ere; guztiak ere gertatzen ari zena interpretatzeko eta aurrez aurre genuen etsai biologikoa (eta soziala) hobeto ezagutzeko.

Eta ikerketarekin batera, UPV/EHUren dibulgazio zientifikoaren beharra izan genuen, eta oraindik ere, pandemia egun hauetan, behar-beharrezkoa da. Akademiko askok, hedabideek hala eskatuta, informazio xehea eman zuten, beren espezializazioaren ikuspegitik, eta, historikoa izango den pandemia batek eragindako asaldura eta nahasmen egoera hartan, gakoak eman zituzten oraina hobeto bizitzeko, iragana hobeto ulertzeko eta etorkizuna hobeto prestatzeko.

Laster urte bat beteko da Txinatik birus ezezagun bati buruzko lehen albisteak iritsi zirenetik. Lehen tentaldiari jarraituz gero, adieraziko nuke jasan dugun eta jasaten ari garen pandemiak unibertsitate kudeaketaren emaitzak lausotu dituela errektoretza honen azken aldian. Baina ez da horrela izan, zintzotasunez uste dut ez dela horrela izan.

Zailtasunak topatu ditugu, zailtasun berriak, oso larriak zirenak pertsonen osasunari eragiten ziotelako; sekulako tamaina hartzen zuten, jarduera akademiko osoa baldintzatzen zutelako eta erabat ezustekoak zirelako, ez baikenituen aurrekari hurbilak konponbideak lortzeko argibideren bat bilatzeko.

Uste dut Euskal Herriko Unibertsitatea egoera horri erabakimenez eta ausardiaz aurre egiteko gai izan dela. Eta hala esan dezaket erantzukizun hori, jakina, kolektiboa zelako eta emandako erantzunaren meritua ere kolektiboa izan delako. Salbuespen gutxi batzuekin, unibertsitateko kide guztiek (irakasle-ikertzaileak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta ikasleak) eraginkortasun izugarri handi batez egin diote aurre gure erakundeak bere historian jasan duen krisi handienetako bati.

Eta une honetan nagusitzen den sentimendua, oraindik ere lan asko geratzen zaigula jakinda, harrotasunarena da; harro, zuen guztien aurrean gure unibertsitateko kide guztiek hain egoera zailean egindako esfortzu itzela baieztatzeko aukera izateaz. Eta harrotasun horri beste bat gehitzen diot orain, nire kontzientziara datorrena, errektoretza agintaldi hau amaitzear denean: gure unibertsitatean hain erantzukizun handia bete izanaren harrotasuna, horrek eskatu didan esfortzu eta sakrifizio guztiekin, baina baita ikasi dudan guztiarekin eta jarri dudan ilusioarekin ere.

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko kideei eskertu nahi dizuet gure unibertsitateari, euskal gizartea eratzen dugun pertsona guztiena den unibertsitateari, eman diozuen tratua. Eta baita gaurko agerraldian eskaini didazuen  arreta, eta orain, prest nauzue, zuen iruzkinak entzuteko eta beharrezkotzat jotzen duzuen informazioa emateko.