Breadcrumb

Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Unibertsitate Masterra - Informatika Fakultatea

Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Unibertsitate Masterra

Aurkezpena

Masterra Donostiako Informatika Fakultateak eskaintzen du, modalitate semipresentzialean, ikasgai gehienak aurrez aurrekoak izanik.

Masterra problema erreal konplexuak ebazteko erabiltzen diren tresna konputazionalen garapenera eta erabilerara bideratuta dago. Problema horiek Adimen Artifiziala, zenbakizko simulazioa edo ordenagailu bidezko grafikoak bezalako eremuetan agertzen dira.

Masterrak aukera ematen du metodo konputazionalak erabiliz problemak ebazteko gai diren profilak eskatzen diren enpresetan ibilbide profesional bat hasteko, baita ibilbide akademikoarekin jarraitzeko ere, Ingeniaritza Informatikoa Doktorego Programarako sarbidea emanez.

Lan-bideari dagokionez, masterrak aktiboki kolaboratzen du inguruko enpresa ugarirekin, eta horiek praktikak eta Master Amaierako Lanak (MAL) eskaintzen dituzte. Bide akademikoa, berriz, Informatika Fakultateko ikerketa-taldeen jarduerak babesten du, talde horiek Masterrean landutako hainbat alderdi estaltzen baitituzte.

Masterrak 60 ECTS ditu, 9 derrigorrezko irakasgaietan, 33 hautazko irakasgaietan eta 18 MALean. Matrikularen kostua kreditu bakoitzeko urtero eguneratzen den prezio ofizialean oinarritzen da, eta 2000€ ingurukoa izaten da.

Master honetarako 25 plaza eskaintzen dira, eta aurreinskripzio epea apirilean izaten da, eta hautaketaren jakinarazpena ekainean. Ikastaro bakoitzeko informazio zehatza UPV/EHUren webgunean argitaratzen da.

Masterra arrakastaz egiteko oinarri matematiko eta teknologiko ona behar da (batez ere programazioan). Horregatik, masterrera sartzeko profila nagusiak Informatika Ingeniaritza eta Matematika dira. Hala ere, beste titulazio batzuk ere kontuan hartzen dira (ingeniaritzak eta zientziak, batez ere), eta kasu bakoitzean curriculumaren egokitasuna ebaluatzen da.

Antolaketa

 

  • Masterraren arduraduna: Borja Calvo (dif.kisa@ehu.eus)
  • Batzorde akademikoko kideak: Basilio Sierra eta Ignacio Arganda
  • Idazkaria: Oihana Imaz (oihana.imaz@ehu.eus; 943 018564)

2023/24 ikasturteko informazioa

2023/24ko egutegia

Irakasgaien xehetasunak esteka honetan kontsultatu daitezke.

Masterraren ordutegia astelehenetik ostegunera da, 15:00etatik 19:15era. Ostiralak beste motako jardueretarako eta ebaluazio-lanak egiteko erreserbatuta daude. Irakasgai guztien eskolak, robotikako irakasgaienak izan ezik, Informatika Fakultateko 0.6 laborategian izango dira. Robotikako irakasgaien eskolak 1.3 laborategian izango dira.


Irakasgaiak formatu trinkoan antolatzen dira, ECTS bakoitzeko astebeteko bi orduko eskolekin.

Master Amaierako Lanak

Master Amaierako Lanaren (MAL) helburua da masterrean eskuratutako ezagutzak aplikatzeko gaitasuna erakustea. Horregatik, masterrean landutako metodologiak erabili beharko dira nahitaez MALean. Lanak ikuspegi teorikoa edo praktikoa izan dezake, baina beti teknika horien inguruan. Lan-kargari dagokionez, 18 ECTSkoa da, hau da, 450 lanordu ingurukoa.

Zuzendaritza

MAL guztiek UPV/EHUko zuzendari bat izango dute gutxienez. Zentro teknologiko edo enpresa batean lan eginez gero, enpresan zuzendari edo tutore bat ere egongo da.

Memoria

Memoria da MALaren emaitza nagusia. Dokumentuak argi eta garbi jaso behar du egindako lana. PDF fitxategi bat izan behar du, baina ez dago nahitaez erabili beharreko formatu zehatzik. Orri honen amaieran, dokumentuaren azala sortzeko txantiloi bat aurki daiteke. Era berean, eta erabiltzea derrigorrezkoa ez bada ere, dokumentua idazteko erabil daitekeen txantiloi bat dago Overleafen.

Ez dago nahitaezko egiturarik memoriarako. Laguntza gisa, komenigarria da atal hauek sartzea (lanaren arabera alda daiteke):

  • Azala
  • Laburpena (orri bat gehienez)
  • Gako-hitzak
  • Aurkibidea
  • Sarrera
  • Helburuak
  • Metodologia
  • Garapena
  • Aplikazioa
  • Ondorioak
  • Bibliografia
  • Eranskinak

Ebaluazioa

MALen ebaluazioa aurrez aurreko defentsa-ekitaldi batean egingo da, jendaurreko saioan, eta gaia epaimahai bati aurkeztu beharko zaio. Ondoren, epaimahaikideek egokitzat jotzen dituzten galderak egingo dituzte aurkeztutako lanaren kalitate teknikoa eta zientifikoa ebaluatu ahal izateko, memoriaren kalitatea, aurkezpena eta emaitzak baloratuz. Gutxi gorabeherako iraupena 30 minutuko azalpenekoa eta 30 minutuko galderakoa da.

Master Amaierako Lanen Kudeaketa

MALak GAUR aplikazioaren bidez kudeatzen dira, bai eskaintzari eta aukeraketari begira, bai defentsa eskatzeko prozedurari begira.


Proiektua aukeratzea

MALaren matrikula egin ondoren, GAUR webgunean kontsulta daitezke eskaintzen diren proiektuak. Aplikazio horretan proiektu bakoitzari buruzko informazioa aurki daiteke, baita lana eskaintzen duenaren harremanetarako informazioa ere.

Proiektu bat aukeratzeko, komeni da matrikulazioan esleitutako tutorearekin hitz egitea, orientazioa jasotzeko eta formalizatzeko prozedura ezagutzeko.

Eskaintzen ez den proiektu bat gara daiteke, baldin eta Masterreko irakasleren batekin, edo enpresa edo zentro teknologikoren batekin, adosten bada. Kasu horretan, Masterraren arduradunari jakinarazi behar zaio, proiektua GAUR aplikazioan sar dezan.


MALaren defentsa

Proiektua GAUR programan esleitu ondoren, defentsa-prozedura honako hau da:

  • Ikasleak proiektuaren defentsa eskatu behar du GAUR bidez. Komenigarria da eskaera egin aurretik tutoreekin komentatzea, lana defendatzeko moduan dagoen jakiteko. Defentsa eskatzerakoan, deialdia eta hizkuntza aukeratu behar dira. Hizkuntza defentsarena izango da. Defentsa euskaraz edo gaztelaniaz bada, memoria ingelesez egon daiteke. Hala ere, defentsa ingelesez egiteko, memoriak ingelesez ere idatzita egon behar du.
  • Zuzendariek (UPV/EHUkoak) oniritzia eman behar diote defentsari, GAUR bidez. Horretarako, epaimahaiaren osaera zehazten duen dokumentu bat igo behar da (txantiloia atalaren amaieran dago). Gogoratu behar da epaimahaiko kide guztiek doktoreak izan behar dutela, eta gutxienez bik Informatika Fakultatekoak izan behar dutela. Ebaluazio-txostenik ez dagoenez, zuzendari batek (eta bakar batek) epaimahaiko kide izan behar du
  • Defentsaren eguna, ordua eta lekua jakinaraziko dizkiote zuzendariek masterreko arduradunari, gutxienez bi aste lehenago.
  • Ikasleak memoria ADDI biltegira igo behar du. Horretarako, esteka bat jasoko du posta elektronikoaren bidez. Memoria igotzerakoan, argitaratzeko baimena eta baldintzak ere igo behar dira. Dokumentuaren txantiloia atal honen amaieran dago.
  • Epaimahaiko idazkariak defentsaren akta prestatu behar du. Txantiloia atal honen amaieran dago
  • Epaimahaiko idazkariak akta kalifikatua eta sinatua bidaliko dio masterraren idazkariari (oihana.imaz@ehu.eus).

 

 

Enpresentzako informazioa

Praktikak eta master amaierako lanak GAUR aplikazioaren bidez kudeatzen dira.


Master amaierako lanak

Ikasle guztiek Master Amaierako Lan bat (MAL) egin behar dute titulua lortzeko (ikus aurreko atala). Lan horri lotutako karga 18 ECTS da, hau da, 450 lanordu. MAL horretan ikasleek ikasgaietan ikasitakoa praktikan jarri behar dute. Lan-karga horren barne memoriaren garapena eta lanaren defentsa daude.

MAL bat proposatzeko, honako puntu hauek hartu behar dira kontuan:

  • Orduak, gutxi gorabehera, 450 izan behar dira
  • Ordu horiek memoria idazteko eta defentsa prestatzeko behar direnak dira. Orientabide gisa, zeregin horiek 50 eta 100 ordu bitartekoak izan daitezke.
  • MALaren gaiak masterreko irakasgaiekin zerikusia izan behar du. Hau da, fokuak metodo konputazionaletan egon behar du. Hauek dira masterrean lantzen diren gaiak:
    • Datuen analisia
    • Adimen Artifiziala
    • Optimizazioa
    • Konputaziorako metodo matematikoak
    • Konputagailu bidezko grafikoak
    • Robotika adimenduna
  • MALean metodo konputazionalen lau alderdi ezberdin landu daitezke:
    • Problema bat ebazteko metodologia berriak garatzea
    • Probelma baterako metodologiak aztertzea (bai literaturaren errebisioa, bai konparazio praktikoak)
    • Problema jakin bat ebaztea tresna konputazionalak erabiliz
    • Garapen teknologikoak (metodologia azpimarratuz, ez software garapen hutsak)


MALen kudeaketa

MAL eskaintza bat egiteko, hauek dira jarraitu beharreko urratsak:

  • Enpresa GAUR aplikazioan erregistratuta ez badago, esteka honetan erregistratu. Eskaerak baliozkotu behar direnez, Masterraren arduradunari erregistro berrien berri ematea gomendatzen da.
  • Aplikazioan sartuta, hautatu Gradu Amaierako Lanak eta Masterra ezkerreko menuan
  • Enpresa zentro batean baino gehiagotan eskaintzak egiteko gaituta badago, aukeratu Informatika Fakultatea
  • Eskaintza berri bat txertatu. Proiektuak adostutakoak edo eskaintza publikokoak izan daitezke
    • Adostutakoak - Kasu honetan, ikaslea proiektuan sartu behar da. Horretarako, zure NANa eskura izan behar duzu.
    • Eskainiak - Proiektuak hainbat titulaziotan eskain daitezke. Orri honetan jasotako informazioa Ingeniaritza Konputazionala eta Sistema Adimentsuak Masterrari buruzkoa da, eta, beraz, eskaintza titulazio horretan argitaratu beharko da.
  • MALaren eskaintzak ere baliozkotu egin behar dira; beraz, gomendatzen da Masterraren arduradunari jakinaraztea eskaintzak sartu direla.

Hitzarmenak

MALri ikasle bat esleitu ondoren, hitzarmen bat sinatu behar da MALa enpresan egiteko. Bi hitzarmen mota daude:

  • Hitzarmen markoa. Enpresak hitzarmen markoa aktibo bat izan behar du Informatika Fakultatearekin, Gipuzkoako Campusarekin edo EHUrekin. Hala ez bada, enpresak harremanetan jarri beharko du masterraren arduradunarekin edo Kanpo Harremanetarako eta Ikerketarako dekanoordearekin (dif.kanpo-harremanak@ehu.eus).
  • Hitzarmen espezifikoa. Hitzarmen hau GAUR aplikazioaren bidez sortzen da, eta enpresako ordezkariak, ikasleak eta masterraren arduradunak sinatu behar dute.

Datak

TFMen kudeaketan hainbat data hartu behar dira kontuan:

  • Iraila-urrian eskaintza berriak sartu behar dira, eta daudenak berrikusi/berritu behar dira (eskaintzak ikasturteka egiten dira dira; beraz, hurrengo ikasturtean erabaki behar da zer egin bete ez ziren aurreko ikasturteko eskaintzekin)
  • Urritik aurrera ikasleek eskaintzak ikus ditzakete.
  • Azaroan enpresek eskaintzak ikasleei zuzenean aurkezteko aukera dute. Horretarako, urrian harremanetan jarriko gara eskaintza aktiboak dituzten enpresekin. Eskaintzarik ez badu eta aurkezpenetan parte hartzeko interesa badu, enpresa masterraren arduradunarekin harremanetan jarri beharko da urria amaitu baino lehen.
  • Normalean, ikasleek urte amaiera aldera aukeratzen dute MALa
  • Aste santu inguruan amaitzen dira aurrez aurreko eskolak, eta, beraz, ikasle gehienek denbora gehiago eskaintzen diote masterrari data horietatik aurrera.

Borondatezko praktikak

Masterreko praktikak borondatezkoak dira eta ez dira kredituekin baliozkotzen. Nolanahi ere, praktikak ofizialki jasota badaude, ikaslearen espedientean agertuko dira.

Masterreko praktikak eskaintzeko, bi puntu hauek hartu behar dira kontuan:

  • Praktikek 750 orduko iraupena izango dute gehienez
  • Praktikek zerikusia izan behar dute masterreko gaiekin (ikus aurreko atala)

Praktiken eskaintza ikasturte bakarrerako da, eta, MALa bezala, GAUR aplikazioaren bidez kudeatzen da.


Praktikak sisteman sartu ondoren, baliozkotu egin behar dira. Horregatik, masterraren arduradunari baliozkotzeko eskaintzak daudela jakinaraztea gomendatzen da.

 

Informazio gehiago

Enlaces

 

 

Documentos