Breadcrumb

Agenda

Lehenengo Master Asteak 1.500 lagun baino gehiago bildu zituen

Lehenengo argitaratze data: 2014/04/01

Irudia

Iragan martxoaren 17an, 18an eta 20an 1.500 lagun baino gehiago hurbildu ziren Master Astera, 2014/2015eko UPV/EHUren graduondoko eskaintza aurkeztu zen bertan. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian egin ziren jardunaldietara hurbildu ziren ikasleek 104 master ofiziali, 37 berezko tituluri eta 66 doktorego programari buruzko informazioa jaso zuten. Halaber, masterretako arduradun, irakasle eta ikasle ohien eskutik informazio gehiago jaso ahal izan zuten. Aurreko urteetan egindako Master Egunaren arrakastak bultzatu zuen Master Aste berri hau. Jendartearen eskariari erantzunez hiru campusetara hedatu eta aste beteko ekimena bihurtu da graduondoko ikasketen erakusleiho hau.

Master eta Doktorego Eskolako zuzendariaren, Gabriela Chotroren, esanetan arrakastaren zergatia ikasleeak graduondoko ikasketen garrantziaz jabetu direla da, "lan merkatura sartzeko inportantea da erabateko unibertsitate prestakuntza izatea, hots, kalitatezko graduondoko bat egitea".

Martxoaren 17an Vitoria-Gasteizko Elurreta eraikinean egin zen jardunaldian 42 master aurkeztu zuren; 43, Gipuzkoako Carlos Santamarian egindakoan; eta 72, Bilboko Bizkaia Aretoan egindakoan.

Bestetik, bukatzeko, campus bakoitzean 2012/2013ko ikasturtean masterretako ikasle onenei diplomak banatu zitzaizkien.