Breadcrumb

Albisteak

UPV/EHUn lehenengo mailarako eskainitako plazen % 98a bete dira

Orain arte 8.443 ikasle berrik egin du matrikula

Lehenengo argitaratze data: 2013/10/10

UPV/EHUk, 2013/14 ikasturterako, 8.629 plaza eskaini ditu lehenengo mailara datozen ikasle berrientzat. Gaur egun, 8.443 matrikula daude eginda, eta, beraz, eskainitako plazen %97,8 bete da eta 277 plaza daude oraindik betetzeke.

Lehenengo mailarako eskainitako plaza kopurua (8.629) iazko ikasturterako eskainitakoa baino apur bat txikiagoa izan da, iaz 8.792 plaza eskaini baitziren. Murrizketa txiki horren bidez lortu nahi zen eskainitako plaza kopurua hobeto egokitzea bai ikasketen eskaintzara, bai unibertsitateak zerbitzuak egoki emateko daukan gaitasunera. Horrela, bada, helburu hori lortu nahian, plazak murriztu ziren Osasun Zientzietako zenbait espezialitatetan: Medikuntzan 80 plaza gutxiago; Erizaintzan, 13; Odontologian, 10. Horiez gain, 60 plaza murriztu dira Zuzenbidean eta Enpresen Administrazioan, 60 plaza eskaini baitira UPV/EHUn ikasturte honetan sortu berri den Zuzenbideko eta Enpresa Administrazioko Gradu Bikoitzean. Lehen mailan betetako plaza kopuruaren ehunekoa, edozelan ere, iazko ikasturtekoaren antzekoa da.

Amaya Zarraga andreak, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak, adierazi du aurtengo matrikula datuak oso onak direla, eta eskainitako plaza kopurua bat etorri dela unibertsitatearen irakats gaitasunarekin, eta aurten lehenengoz eskaintzen den gradu bikoitzarekin. Errektoreordearen esanetan, nahiz eta jaiotze tasan izandako beherapenak oraindik eragina daukan promozio berrietan, kopuruak positiboak dira. Edozelan ere, dio, unibertsitatearen erronkak kualitatiboak direla, ez kuantitatiboak, eta arlo horretan aurrerapauso handia eman dela. Gizartearen erantzuna positiboa izan dela adierazi du, eta matrikulako datuak unibertsitatearen izaera gero eta dinamikoagoaren eta gero eta interes handiagoa pizten duenaren erakusle direla.

Datuak campuska banatuta: Araban, lehenengo mailan, 1.664 ikasle berri matrikulatu dira, iazko ikasturtean baino %2,8 gutxiago (1.711); Gipuzkoako Campusean, matrikula kopuruak behera egin du, baina gutxi, iaz 2.190 matrikula egin baitziren eta aurten 2.161 (% -1,4). Bizkaian, bestalde, iaz 4.715 ikasle berrik egin zuten matrikula eta, aurton, 4.618 izan dira, hau da, % 2,1 jaitsi da.

Nabarmentzekoa da, bestalde, ikasleen ia % 80k lehen aukeran adierazitako graduan egin duela matrikula, eta % 12k, bigarren aukeran adierazitakoan. Ikasleen %90,5 Euskal Autonomia Erkidegokoa da. Hizkuntzei dagokienez, % 52,5k gaztelania aukeratu du eta % 47,5ek, euskara. Sexuen arabera: % 48,7 gizonezkoak dira eta, % 51,3 emakumezkoak.

Datuak behin-behinekoak dira oraindik, baina gaur egun 40.472 ikasle daude matrikulatuta graduetako ikasketetan.