Breadcrumb

Asset Publisher

EHU Irrati maratoia 2025

 

  • 100 ikaslek hartuko dute parte zazpi orduko irratsaioan EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean Euskararen Eguna ospatzeko ekimen honetan.
  • Irrati Maratoia Bitartez Ikerketa Taldeak antolatzen du eta Euskara Errektoreordetzaren, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen, Kazetaritza Sailaren eta Ikusentzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Sailaren eta Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Sailaren babesa du.
  • Saioa Abenduak 3an izango da eta zuzenean emitituko da Mikel Laboa Plazan jarritako bozgorailu batzuetatik eta Youtubeko kanalean.
     

EHUko Kazetaritza Graduko bigarren eta laugarren mailako 100 ikasleek ‘EHU Irrati Maratoia’ren zortzigarren edizioa egingo dute, Abenduaren 3an, goizeko 9.00-16.00 bitartean, Euskararen Eguna ospatzeko. Ekimena Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irrati estudioetan izango da (Audiolab), eta zuzenean jarraitu ahal izango da maratoiaren Youtubeko kanalean . Horrez gain, Mikel Laboa plazan ere bozgorailuak jarriko dira.

Ekimena goizeko 9.00an hasiko da EHU Gizarte eta Komunikazio Zientzien Dekana den Ana Irene Del Valleren hitzekin, eta zazpi ordutan zehar ikasleek Garapen Iraunkorrerako Helburu desberdinekin loturiko gaiak jorratuko dituzte.

Aurten ere euskara izango da ardatza programazioaren hainbat tartetan, hala nola, bikoizketa euskaraz, euskararen biziberritzea, euskararen egungo egoera, erabilera eta gaitasunari buruzko eztabaida, edota euskararen presentzia TikToken. Osasun mentalak ere tarte berezia izango du, gazteen osasun mentaletik hasita, elikadura nahasmenduei arreta jarriz, gazteen osasun mentalean sare sozialen eragina zein den aztertuko da edo osasun mentalaren garrantzia eta erronkak kirol arloan. Genero berdintasunak ere zentratuko ditu maratoiaren azpitarte batzuk. Ikasleek genero (des)berdintasuna aztertuko dute kirol arloan, arreta berezia jarriz futbolean; emakumeek jasaten dituzten indarkeria moten inguruko eztabaida eta analisia ere planteatuko da. Azkenik, hizpide izango diren beste gai batzuk dira etxebizitza, prezioen igoerak eta etxebizitza duina lortzeko zailtasunak gazteen artean; janari bilketarako ekimenak; edo osasuna eta bizitza kalitatea.

Euskara eta elkarlana

‘EHU Irrati Maratoia’ren helburuak unibertsitatean eta ikasleen artean euskararen erabilera sustatzea, euskal kazetaritza lantzea edo kazetaritzako ikasleak beraien testuinguruarekin harremanetan jartzea dira, besteak beste, UPV/EHUk garatutako Irakaskuntza Kooperatibo eta Dinamikoa (IKD) ereduarekin sintonian.


Sare sozialetan:

Maratoiak Euskararen Arloko Errektoreordetzaren, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen eta Kazetaritza  eta Ikus-Entzunezko Komunikazioa eta Publizitate, eta Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saila Sailen babesa dauka.