EHUk Erizaintzako praktiketako irakasleen lana aitortzeko Bizkaia Aretoan egindako ekitaldia
First publication date: 08/05/2026
Euskal Herriko Unibertsitateak ekitaldi bat egin zuen atzo Bizkaia Aretoan, EHUko Erizaintza graduko ikasleen prestakuntza praktikoan parte hartzen duten Erizaintzako praktiketako irakasleak eta zentro laguntzaileen lana aitortzeko.
Ekitaldia Kanpo Praktiketako dekanordeak, Saloa Unanuek, zuzendu zuen, eta arlo akademiko eta sanitarioko ordezkariak bildu zituen, ikasleei ikasketa klinikoan laguntzen dioten profesionalen lana balioesteko.
Ekitaldian, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekano Almudena Ramosek hartu zuen parte. Praktikek ikasleen prestakuntzan duten garrantzia nabarmendu zuen, eta irakasleek ezagutza eta balio profesionalen transmisioan duten inplikazioa eskertu zuen.
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak ere parte hartu zuen, eta unibertsitatearen eta osasun-zentroen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu zuen, izan ere, kalitatezko eta osasun-sistemaren egungo beharretara egokitutako prestakuntza praktikoa bermatzeko ezin bestekoa baita.
Jardunaldian, gainera, Adelaida Zabalegui dk. erizain eta ikertzaileak hitzaldi bat eman zuen, erizainen lanbidearen etorkizuneko erronkei buruz. Bere azalpena lau ardatz nagusitan banatu zen: egungo ereduak kritikoki aztertu eta eguneratzea, lanbidearen etorkizuneko norabidea zehaztea, etorkizuneko lehentasunak identifikatzea eta erakunde eta profesionalen arteko laguntza eta elkarlana sustatzea.
Ondoren, EHUko Erizaintzako ikasleen praktiketan kolaboratzen duten zentroei oparia eman zitzaizkien, etorkizuneko osasun-profesionalen belaunaldien prestakuntzan egindako ekarpena eskertzeko.
Ekitaldia amaitzeko, EHUko orkestra aritu zen, eta amaiera musikatu honekin, aintzatespen instituzionalak eta unibertsitatearen eta osasun-sistemaren arteko lankidetzak markatutako jardunaldiari bukaera eman zitzaion.
