FOSTERLANG-Aurkezpena

FOSTERLANG hiru milioi euroko proiektu europar berria da, hizkuntza gutxituak sustatzeko eta Europako hizkuntza-kapitala sustatzeko helburua duena. Europako Batzordeak finantzatu du Horizon Europe programaren esparruan. FOSTERLANGek eragin eraldatzailea izan nahi du hizkuntza gutxituetako hiztunen eta migrazio testuinguruetako hiztunen hizkuntza-kapitala eta giza kapitala beren komunitateen eta Europa osoaren mesedetan aitortzeko, balioesteko eta indartzeko moduan.

Proiektu-partzuergoak 14 eragile instituzional eta 48 hizkuntza komunitate biltzen ditu. FOSTERLANGen jardungo duten ikertzaile eta irakasleak adituak dira hainbat alorretan, besteak beste: hizkuntza politika eta plangintza, hizkuntza biziberritzea eta aldarrikapena, gizarte antropologia, hezkuntza eleaniztuna eta berrikuntza teknologikoa. FOSTERLANG proiektuak azterketa konparatiboak, kasu gurutzatuen garapena eta praktika eta esperientzia arrakastatsuen pilotajeak egingo ditu. Emaitza nagusietako bat Hizkuntza Kapitalaren Ibilbide-orria izango da. Mapa horrek gomendio multzo bat ezarriko du epe labur, ertain eta luzerako, Europako hizkuntza-kapitala sustatzeko eta hizkuntza minorizatuak babesteko, estrategia eraginkor eta esanguratsuetatik abiatuta.

Justyna Olko irakaslearen (Varsoviako Unibertsitatea) hitzetan, proiektu honek indartu egingo ditu eragile akademiko eta sozialen arteko elkarlan eta sinergiak. Bere esanetan, elkarrekin jardungo dute eragileek eta aktibistek, hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntza-komunitateen auto-ahalduntzea sustatzeko, hizkuntza komunitate minorizatuek eta jatorri migranteko komunitateek Europaren ongizaterako eta oparotasun soziokulturalerako duten ahalmena indartuz.

Hizkuntza aniztasuna babesteaz eta sustatzeaz gain, proiektuak erakutsiko du nola indartu daitezkeen auzitan jartzen diren hizkuntza komunitateetako hiztunen giza kapitalaren osagai ekonomikoak, demografikoak, sozialak eta osasunekoak.

Hiru urteko proiektua Varsoviako Unibertsitateak zuzenduko du, Hizkuntzen Berdintasunerako Europako Sarearekin (ELEN), Linguapax International unibertsitatearekin eta hainbat unibertsitaterekin batera: Adam Mickiewicz unibertsitatea, Max Planck Institute for Psycholinguistics, Euskal Herriko Unibertsitatea, Osloko Unibertsitatea, University of the Highlands and Islands, Prifysgol Cymru Y Drindod Dewi Sant/University of Wales Trinity Saint David, Dublin City University, Pädagogische Hochschule Kärnten/University of Teacher Education in Carinthia. Unibertsitateekin batera, kashubiera, lemkoera eta wymysoriera hizkuntza komunitateetako hainbat GKE ere ariko dira proiektuan, eta baita ere ELENeko kide diren hainbat erakundeak eta hizkuntza komunitate minorizatuetako kolaboratzaileak.

EHUtik Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra izango da FOSTERLANGeko partaidea.