euskaraespañol

Alfredo Martínez Hernández eta Iñaki Milton Laskibar, eta Maria Puy Portillo eta Laura Isabel Arellano García

Dieta mediterraneoa gomendagarria al da COVID-19rako?

IMDEAko eta UPV/EHUko ikertzaileak, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/06

(Beste leiho bat zabalduko du)
Irudia
janariari buruzko irudia, egilea: jcomp
Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Urtebete da gure bizitzak aldatu zirela eta oraindik ere ez diogu amaiera ikusten COVID-19ari. Denbora honetan asko ikertu da koronabirusari eta horren prebentzioan eta tratamenduan eragina izan dezaketen faktoreei buruz. Horien artean, nutriente jakin batzuek COVID-19an izan ditzaketen efektu onuragarriei buruz argitaratu diren artikulu asko nabarmentzen dira.

Nolanahi ere, azterlan gutxik aztertu dituzte eredu dietetiko espezifikoek gaixotasun horretan izan ditzaketen onurak. “Dieta mediterraneo” deitutakoaren kasuan, aski ezagunak dira gaixotasun metabolikoetan eta kardiobaskularretan dituen propietate onuragarriak. Hala ere, gomendagarria al litzateke COVID-19rako ere?

SARS-CoV-2ak pertsona bat kutsatzen duenean, sistema immunitarioak, bere burua defendatzeko, kontrolik gabeko “ekaitz inflamatorio” bat eragiten du. Gehiegizko erantzun inflamatorio horrek kalteak eragiten ditu biriken ehunean eta, ondorioz, gutxitu egiten da arnasa hartzeko gaitasuna. Beste organo eta ehun batzuetan ere gertatzen da prozesu inflamatorioa; gaixotasuna are gehiago larriagotzen da, beraz.

Dieta mediterraneoa eredu dietetiko osasungarrienetako bat da. Honako bereizgarri hauek ditu: landare jatorriko elikagai ugari kontsumitzen da (barazkiak, frutak, lekaleak eta fruitu lehorrak), oliba olioa da gantz iturri nagusia eta esnea, esnekiak, arraina eta haragi zuria neurrian hartzen dira. Elikagai horiek jateak gantz-azido monoasegabeak eta poliasegabeak ematen ditu, bai eta beste konposatu bioaktibo batzuk ere; tartean, polifenolak, zeinak landare jatorriko elikagaietan egoten diren.

Azterlan ugaritan frogatu dira konposatu horien efektu antiinflamatorioak eta antioxidatzaileak; bada, polifenol askoko elikagaiak kontsumitzeak patologiaren larritasuna apaltzen lagundu diezaieke COVID-19a duten pazienteei.

Dieta mediterraneoaren beste ezaugarrietako bat da efektu proinflamatorio frogatua duten nutrienteak eta elikagaiak gutxi direla (tartean, azukre findua, trans gantz-azidoak eta elikagai energetikoki trinkoak). Horrek guztiak efektu antiinflamatorioa indartzen lagunduko luke.

Hobeto jan, pronostiko hobea izateko

Bestalde, diotenez, bereziki dieta mediterraneoko elikagaietan dauden nutrienteek (esaterako, ω-3 gantz-azidoak, polifenolak eta D bitamina) erantzun immunea hobetzen dute biriketako infekzioetan. Efektu hori interesgarria litzateke COVID-19aren kasuan ere, lagunduko lukeelako, batetik, kutsatzea eragozten edo zailtzen eta, bestetik, erantzun immunitarioa hobetzen, jada kutsatu baldin bagara.

Horri gehitu beharko genioke COVID-19a harrapatzen dutenen klinikak pronostiko okerragoa duela (patologiaren larritasuna) azpiko patologiak baldin badaude. Obesitatea edo diabetesa dutenen kasua da hori: bi gaitz horiek bereizgarri dute intentsitate txikiko egoera inflamatorio kronikoa, zeina COVID-19agatiko heriotza tasa handiagoarekin erlazionatu den.

Halaber, azaldu dute gaixotasun kardiobaskularrak dituztenen artean heriotza tasa handiagoa dela gaixotasuna harrapatzen badute. Hain zuzen ere, COVID-19aren konplikazioetako bat plaketa agregazioaren areagotzea da, eta horrek konplikazio tronbotikoak eragin ditzake.

Hori horrela izanik, dieta mediterraneoa erreferentziako eredu dietetikoa izan da aspalditik gaixotasun kronikoak eta metabolikoak prebenitzeko eta tratatzeko. Dieta mediterraneoak oraindik ere prebalentzia handia duten patologia horietarako dituen onurak kontuan hartuta, gomendatzeko moduko dieta izango litzakete COVID-19aren kasuan ere.

Gaur egun bada ebidentzia nahikoa dieta mediterraneoa COVID-19aren aurka lagundu dezakeen eredu dietetiko gomendagarritzat jotzeko; hain zuzen ere, nagusiki efektu antiinflamatorioak eta immunomodulatzaileak dituelako.

Horretaz guztiaz gain, beste gaixotasun kroniko inflamatorio batzuetatik ere babesten gaitu, zeinek nabarmen eragin baitezakete gaixotasunaren garapenean. Nolanahi ere, higieneko eta urruntze sozialeko neurriak betetzea da, oraindik ere, gaixotasuna harrapatzeko arriskua gutxitzeko neurri eraginkorrena, eta horren ebidentzia aski frogatua ere badugu.

The Conversation