euskaraespañol

«Antartika laborategi natural bikaina da»

UPV/EHUko ikertalde bat itzuli berria da ‘kontinente zuri'tik, planetako ingurunerik gogorrenean bizirauten duten landareetako batzuk ikertzen aritu eta gero

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/22

Irudia
Ikerlariak eta material zientifikoa BAE JCItik Hespéridesera zodiacean garraiatzen, itzulera hasteko. Argazkia: Nacho García

Otsailean eta martxoan zehar, José Ignacio García-Plazaola, Beatriz Fernández Marín eta Marina López Pozo ikerlariek Espainiako Batzorde Polarraren Antartikako 2017/2018 kanpainan parte hartu dute "Bases mecanísticas para la compensación entre fotosíntesis y tolerancia al estrés" (ingelesezko laburduran “TOPSTEP”) proiektuaren barruan.

Joan den igande honetan, martxoak 18, UPV/EHUko taldeak Loiun lur hartu zuen, bidaian duela hilabete luze abiatu eta gero. Zazpi egun eman dute itzulera bidaian, Livingston irlatik Ushuaiara (Argentina) Hespérides ontzian joanda, gero autobusez Punta Arenas (Chile) herrira iritsi eta, handik, Bilbora heldu arte. 

UPV/EHUko EkoFisko ikerketa taldeko hiru kideak Juan Carlos I (BAE JCI) Espainiar Base Antartikoan izan dira, hegoaldeko Shetland artxipelagoko Livingston uhartean (zirkulu polarraren mugatan). Han egonda, UPV/EHUko taldeak  aztergai izan ditu zenbait mekanismo, tenperatura baxuko eta arras ur gutxiko baldintzetan flora antartikoak bere fotosintesiari jardunean eusteko baliatzen dituenak. Azken batean, taldeak ikertu du espezie batzuek nola biziraun dezaketen horren ingurune gogorrean eta beren ehunetan urik gabe denboraldi intermitentetan.

Antartikan lan egitea

“Antartika hainbat prozesu ikertzeko aukera ematen duen laborategi natural bikaina dugu; ondorioz, herrialde eta jakintza arlo askotako zientzialariak erakartzen ditu. Baina, aldi berean, Antartika bada basa eremu urruna ere, eta, beraz, aurreikusi ezina; eta hango meteorologiak guztiz baldintzatzen ditu ikerlanaren eguneroko jarduna eta lan logistikoak, nola hala, ekipamendua, bizigaiak eta pertsonak mugitzeko eragiketak”, adierazi du José Ignacio García-Plazaola UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikerlariak. “Hala eta guztiz, Kanpaina funtzionarazteko ardura duen giza taldearen aurrera egiteko gaitasunari esker, helburu zientifikoak emaitza onak lortuta bete dira”, azpimarratu du.

«Informazio izugarri baliotsua lortu dugu lehortzea zein izoztea jasateko gauza diren organismo bakanetako batzuetaz»

"Ikerketa lanak nahi bezala egin ahal izan ditugu eta informazio izugarri baliotsua lortu dugu lehortzea zein izoztea jasateko gauza diren organismo bakanetako batzuei buruz (alga gorri, berde, liken eta goroldio batzuk). Zehazki aztertu dira: goroldio antartikoen zenbait espeziek tenperatura ezberdinetan izan ohi dituzten erantzun fotosintetikoak; Antartikako bi landare baskular bakarretako baten, Deschampsia antarcticaren eguneroko erritmoak, baita espezie batzuek lehorketarekiko eta izoztearekiko duten tolerantzia bikoitza ere. Horien artean, aipatzekoak dira Pyropia itsas alga eta Prasiola lehorreko alga”, azaldu du Beatriz Fernández Marín UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikerlariak.  

“Lehorreko alga honek, Artikoan zein Antartikoan hazten den Prasiola izenekoak, badu berezitasun bat: bakarrik edo onddoekin sinbiosian bizi daiteke. Horri esker, izaki bizien arteko harreman sinbiotikoen funtsezko alderdi batzuk azter ditzakegu, eta nola elkarrekintza horiek aldatu egiten duten mutur-muturreko ingurugirotan bizirauteko organismo bien (algaren eta onddoaren) gaitasuna", nabarmendu du Fernández Marínek.

Ikerlan hauek guztiak UPV/EHUk eta (UIB) Balear Uharteetako Unibertsitateak koordinaturiko TOPSTEP proiektuaren barruan egiten dira, eta Espainiako Antartikako 2017/2018 Kanpaina osatu duten 16 ikerketa proiektuetako bat da. “TOPSTEP proiektuaren helburua da hazkundearen eta ingurumen faktore kontrakoen arteko konpromisoak aztertzea, eta landareen emankortasuna arrazionalki hobetzeko oinarriak ezartzea. Ikerlan hauek amaitzeko, “Hespérides” ontzia maiatzean iritsi arte itxaron beharko da, garraiatzen ari den laginak orduan analizatuko baitira behar bezala, bigarren fase batean. Fase hori ez da hain kitzikagarria izango, baina bai proiekturako bestea bezain beharrezkoa”, esan du azkenik Fernández Marínek.