euskaraespañol

Koldo Mitxelena sariak jaso dituzte UPV/EHUko bost doktorek beren tesiengatik

Igor Ayestaren, Ostaizka Aizpuruaren, Oihane Jakaren, Urtzi Ruiz de Azuaren eta Ibon Egañaren ikerlanak aitortu dira

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/16

Irudia
Igor Ayesta, Ostaizka Aizpurua, Oihane Jaka, Urtzi Ruiz de Azua eta Ibon Egaña

Euskarazko Tesien IV. Koldo Mitxelena sariak gaur goizean jaso dituzte Ostaizka Aizpuruak, Igor Ayestak, Oihane Jakak, Urtzi Ruiz de Azuaeta Ibon Egañak. Bi urterik behin deitzen diren  aitortza hauek bost jakintza-arloetan banatzen dira UPV/EHUko ikerketa bultzatzeko: Zientzia Esperimentalak; Ingeniaritza eta Arkitektura Zientziak; Osasun Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; eta Artea eta Giza Zientziak.

Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin den IV. Koldo Mitxelena sarien banaketa ekitaldian aitortzok antolatzen dituzten bi erakundeen ordezkariak izan dira: Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Adolfo Arejita euskaltzain oso eta Iker sailburua; eta UPV/EHUrenean, Iñaki Goirizelaia errektorea eta Jon Zarate Euskararen arloko errektoreordea.
Iñaki Goirizelaiak azken 40 urteotan euskarak izandako bilakaera goraipatu du ekitaldian zehar, eta Euskal Herriko Unibertsitateak ekarpen bikaina egin diola eginkizun kolektibo horri gaineratu du. "Gure hizkuntzak terminologia zientifikoa, bibliografia, material didaktikoa eta, batez ere, euskara lanean erabiliko duten ikertzaileak behar ditu, eta UPV/EHUk gogotik egin du lan arlo horietan guztietan", esan du.

Bestalde, Andres Urrutiak zorionak eman dizkie irabazleei eta ildo horretan jarrai dezaten eskatu. "Euskaltzaindiaren lanak oso-osorik aintzat hartu dituzue, zuen eremuko gaiak euskaraz ikertu egin dituzuelako eta gero gai horiek gizartean isla izango dutelako, hau da, euskara jagon egin duzuelako, tresna zientifiko eta akademiko gisa hartuz eta zabalduz", adierazi du euskaltzainburuak.

Ekarpen bikoitza

2008an, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak "Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria" sortu zuten, euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Sariak bi urterik behin deitzen dira, eta bost jakintza-arlotan banatzen dira: Zientzia esperimentalak; Ingeniaritza eta Arkitektura zientziak; Osasun Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; eta Giza Zientziak.

Sari hauen bitartez, UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak euskarazko tesien ekarpen bikoitza goraipatu nahi dute, batetik jakintzaren arloa zabaltzen laguntzen dutelako, eta bestetik, euskararen normalizazioaren prozesuan ere guztiz lagungarriak direlako.

SARITUTAKO TESIAK:

1. ZIENTZIA ESPERIMENTALAK:
Irabazlea: Ostaizka Aizpurua Arrieta
Doktorego tesia: Myotis capaccinii saguzar hatz-luze arrantzalea: aldaketa trofikorako gako ekologikoak, sentsorialak eta jokabidezkoak

2. INGENIARITZA ETA ARKITEKTURA ZIENTZIAK:
Irabazlea: Igor Ayesta Ereño
Doktorego tesia: Polimerozko zuntz optiko aktiboen ikerkuntza, laser eta anplifikagailu gisako funtzionamendua hobetzeko

3. OSASUN ZIENTZIAK:
Irabazlea: Oihane Jaka Irizar
Doktorego tesia: LGMD2A gerrietako muskulu-distrofiaren adierazpen-analisiaren aplikazioa gaixotasunaren diagnostikoan, eta sagu-ereduan eta giza eredu zelularretan oinarritutako karakterizazio fisiopatologikoan

4. GIZARTE eta LEGE ZIENTZIAK:
Irabazlea: Urtzi Ruiz de Azua Ormaza
Doktorego tesia: DBHko ikasleen euskararekiko jarrera linguistikoak, motibazioa eta errendimendu akademikoa

5. ARTEA ETA GIZA ZIENTZIAK:
Irabazlea: Ibon Egaña Etxeberria
Doktorego tesia: Kritikarako hurbilketa literaturaren soziologiatik. Egunkari eta aldizkarietako euskal literatur kritikaren analisia (1975-2005)