euskaraespañol

Eva Ferreira, UPV/EHUko errektore izendatua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/25

Irudia
UPV/EHUko errektoretza talde berria lehendakariarekin batera. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Ekonomia Aplikatuko katedradunak, Eva Ferreirak, UPV/EHUko errektore kargua hartu du Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen ekitaldian.

Errektoreak, hitzaldian, adierazi du garai berria hasten dela, "helburu berriekin, baina eraikita dagoenaren gainean eraikia beti". Era berean, karguari ilusioz eta harrotasunez ekingo diola adierazi du, baina, umiltasunez era bai, karguak dakartzan zereginez jabetuta: "Unibertsitate gisa bikaintasun akademikoa eta intelektuala bilatu behar dugu, baina, unibertsitate publikoa garenez gero, ikuspegi ireki, integratzaile eta solidarioa ere izan behar dugu: gaitasun intelektualek ez dute aukera ekonomikoez ulertzen. Gizartearen erronkak gure jardueraren erdigunean jarri behar ditugu".

Euskal unibertsitatearen nazioartekotze prozesuari helduz, errektore berriak azpimarratu du unibertsitateak bere ospean izan duen aurrerapen nabarmena, unibertsitate hain gaztea izanik; "Hori talde lanaren fruitu da" adierazi du, eta, puntu honetan, eskerrak eman dizkie erakundeei unibertsitateari emandako babesagatik, unibertsitateko kide guztiei —ikasleei, administrazio eta zerbitzuetako langileei eta irakasle-ikertzaileei— beren konpromisoagatik, eta "Nekane Balluerkaren taldeari, egin duen lan apartagatik".

Ferreira errektoreak lehendakariaren aurrean, eta bertaratutakoen aurrean, adierazi duenez, UPV/EHUk autonomiaz lan egiten jarraituko du, baina baita erantzukizunez ere, eta bere laguntza eskaini die erakundeei. Helburua unibertsitatea "bidaide izatea da, egin dezakeguna eta egiten dakiguna eginez: pertsonak prestatzea, eta ezagutza sortu eta transferitzea, gizarte ireki baten balioekin, eta euskal gizartearekiko eta erakundeekiko ditugun konpromisoekin bat etorrita".

Bere aldetik, lehendakariak esan du: “Etorkizuneko erronkei egokitu eta eskari berriei erantzuna eskaini behar diegu. Hau da, goi-mailako hezkuntzaren ardatz nagusiak nabarituko ditut: ekitatea eta bikaintasuna; formakuntza eta ikerketa; euskal gizartea eta nazioartekotzea; gizartean eragina eta enpresa. Horiek dira Euskal Unibertsitatearen proiektua indartzeko ardatzak. Ardatz hauek garatuz lortuko dugu hezkuntza ereduaren, euskal unibertsitatearen eta politika zientifikoaren benetako garapena, ekarpena eta iraunkortasuna”.

Ekitaldian izan dira Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea, Jose María Guibert eta Vicente Atxa Deustuko eta Mondragon unibertsitateetako errektoreak, Adolfo Morais Unibertsitateetako sailburuordea eta lehengo eta oraingo errektore taldeetako kideak.

Barakaldon jaioa, Eva Ferreira, matematikaria da, doktorea eta Ekonomian katedraduna UPV/EHUn, eta Probabilitate eta Estatistikako masterra dauka New York Unibertsitateko Courant Institutuan lortua. Ibilbide luzea du irakaskuntzan eta ikerketan, nazioartean ezaguna, eta zabalkunde zientifikokoaren arloan ere jardun zabalduna da. Gestioari dagokionez, UPV/EHUn Ekonomia Gaietako eta Akademia Antolaketako errektoreordea eta idazkari nagusia izan zen, eta 2015etik 2019ra, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendaria.

Ferreira irakaslea UPV/EHUn azaroaren 26an egindako hauteskundeetan aukeratu zuten, emandako botoen % 66,24 eskuratuta. Unibertsitateko kide guztiek aukeratzen dute UPV/EHUko errektorea, sufragio unibertsal haztatuaren bidez. Oraingoan, hautagaitza bakarra aurkeztu zenez, botoa aldekoa edo zuria baino ezin zan izan, eta emandako boto haztatuen herena lortu behar zuen.

Honako hauek dira bere taldeko kideak: Aitor Zurimendi, idazkari nagusia; Manoli Igartua, Arabako Campuseko errektoreordea; Gorka Moreno, Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Agustin Erkizia, Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Guillermo Quindós, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea; Junkal Gutiérrez, Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordea; Federico Recart, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordea; Inmaculada Arostegui, Ikerketaren arloko errektoreordea; Laura Vozmediano, Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordea; Montserrat Maritxalar, Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea; Fernando Tapia, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea; Juan José Unzilla, Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko errektoreordea; Lore Bilbao, gerentea.

 

Eva Ferreira errektorearen hitzaldia.