euskaraespañol

Erakusketa: Pantanala. Biosfera-erreserba. Brasil

Noiz eta non

Noiztik: 2021/12/16 Noiz arte: 2022/01/24

Kokapena

Txillardegi aretoa - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Irudia

Deskribapena

Antón Arangurenek ‘Pantanala. Biosfera-erreserba. Brasil’ izeneko erakusketa aurkeztu du Euskal Herriko Unibertsitatean. Argazkilari oñatiar horrek hainbat bidaia egin ditu Brasilgo Pantanalera, zeinaren fauna eta flora erakusketa honen protagonista diren. “Uste dut ez dela oso leku ezaguna, eta argazkien bidez erakutsi nahi dut. Gogorarazi nahi dut guakamaioak, papagaiak, perikitoak eta sugeak ez direla maskotak izateko jaio. Animalien trafikoarekin amaitu behar da: legez kanpo harrapatutako hamar animalietatik bakarra iristen da helmugara”.

Brasilgo Pantanala “Planetako urpean gera daitekeen ur gezako lautadarik handiena da. Hego Amerikako bihotzean dago eta ia 210.000 km2-ko eremua hartzen du. Ondo definitutako bi urtaro ditu: lehorra apirila eta iraila bitartean; eta euriteena urritik martxora. Garai horretan jasotzen ditu gainezka egin duten Paraguai ibaiko eta ibaiadarretako urak. Faunaren eta floraren aniztasun eta kontzentrazioari dagokionez, munduko lekurik aberatsenetako bat da. Bertan, 650 hegazti espezie, 90 ugaztun, 177 narrasti, 263 arrain inguru eta 3.500 landare baino gehiago bizi dira elkarrekin”, azaldu du Antón Arangurenek. Horietako batzuk erakusketan ikusgai egongo dira.

‘Pantanala. Biosfera-erreserba. Brasil’ erakusketa, EHUkultura Gipuzkoa programaren esparruan antolatua, abenduaren 16tik urtarrilaren 24ra bitarte egongo da zabalik, UPV/EHUko Carlos Santamaría ikastegiko Txillardegi aretoan, Donostian. 8:00etatik 20:30era, astelehenetik ostiralera, eta 9:00etatik 14:00etara larunbatetan.

Sarrera librea da.