euskaraespañol

Jardunaldia: Hezkuntza-frogak

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2022/05/20, 09:00

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Bilbon antolatuko da berriz ere, maiatzaren 20an, hezkuntza arloko hainbat gai egungo ebidentzia zientifikoaren arabera jorratuko dituen “Hezkuntza-frogak” jardunaldia. Aurreko urteetan Gasteiz eta Donostia bisitatu ondoren, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Promaestro Fundazioak Euskadiko Eskola Kontseiluaren laguntzaz antolatutako ekitaldi honen bosgarren edizioa Bilbon egingo da maiatzaren 20an, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan.

Jardunaldia 9:00etan hasi eta 13:30ean amaituko da, eta bitarte horretan 30 minutuko bost hitzaldi emango dituzte hainbat gairen inguruan eztabaidatzeko, hala nola, ausazko jokoekin lotutako arazoak eskola-eremuan, immigrazioak ikasleen errendimenduan duen eragina, edota eskola-jardunaldi jarraitu ala zatituari buruzko eztabaida, besteak beste. Oraingoan ere, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Irakasleen Prestakuntza eta Hezkuntza Fakultatean irakasle dabilen Marta Ferrero Psikologiako doktorea arduratuko da mintegia zuzentzeaz.

Mintegiko sarrera doakoa, aretoaren edukiera bete arte, baina bertaratu nahi izanez gero izen-ematea gauzatu behar da maiatzaren 9tik aurrera, kzk.ehu@gmail.com helbidera mezua bidaliz honako datuekin: izen-abizenak eta lantokia adieraziz.

Hezkuntzaren gaineko begirada zientifikoa

Saioaren hasieran, Juan Francisco Navas Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasleak eskola-eremuan adikzio-ahalmen handia duen ausazko jokoen arazoari helduko dio, eta horrekin batera argi utziko du, ikasleei jarduera horrek dakartzan tranpa eta arriskuei buruzko informazioa ematea oinarria ona izan daitekeela apusturik ez egiten lagunduko dieten beharrezko tresnak garatzeko gauza izan daitezen.

Bestetik, Lucas Gortazar Esade-ko Politika Ekonomikoen Zentroko Hezkuntza zuzendariak “errepikatzearen puzzlea” osatzen saiatuko da, izan ere, matematikaren ikuspegitik, neurri hori “eraginkortasun txikikoa, garestia eta bereizgarria” da, Lehen Hezkuntzako eta DBHko milaka euskal ikasleren datu administratiboren arabera.

Ondorengo hitzaldian, Deustuko Unibertsitatean lanean diharduen Rocío García Carrión Ikerbasque eta Ramón y Cajal programei atxikiko ikertzaileak immigrazioak eskola-errendimenduan duen eraginari buruz hitz egingo du, eta baliagarri dagoen ebidentzia zientifiko handienetik abiatuta, hezkuntza arloko emaitzak gela bakoitzean dauden ikasle etorkinen proportzioaren araberakoak diren ala ez eztabaidatuko da.

Lehen Hezkuntzako irakasleen ehuneko handi batek matematiken inguruan agertzen duen errefusazko jarrerak baldintzatu egiten du matematikari heltzeko erabiltzen duten modua. Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (UAM) Matematikaren Didaktikako irakasle dabilen Rocío Garrido-Martos-en hitzaldian, matematikarekiko gaitzespen horren balizko arrazoi batzuk aztertuko dira, eta bertaratutakoek lehen eskutik ezagutu ahal izango dute alderdi afektiboak zientzia horien ikaskuntzan eta irakaskuntzan duen eragina.

Azkenik, Marta Ferrero mintegiaren zuzendariak mahai gainean jarriko du eskola-jardunaldi jarraituaren alde egiten duen joera berria, pandemiaren ondoren jardunaldi zatituaren ordez hedatuz joan dena, eta zenbait datu eta ikerketa emango ditu ezagutzera alderdi akademiko eta sozialei buruz zein ikasleen osasunaren inguruan.

Programa osatzeko antolatu den amaierako solasaldian, bertaratutakoek eta hizlariek ikuspuntuak partekatu eta zalantzak eta iritziak trukatzeko aukera izango dute.

Izen-emateak

Mintegirako sarrera librea eta doakoa da lekuak bete arte. Alabaina, bertaratzeko, nahitaezkoa da emailez izena ematea kzk.ehu@gmail.com helbidean, datu hauek adieraziz: izen-deiturak eta lantokia.

Hitzaldira joaterik ez dutenek zuzenean eta streaming bidez ikusi ahal izango dute EiTBko Kosmos kanalaren bitartez.

Egitaraua

09:15: Aurkezpena

9:30: Juan Francisco Navas, psikologoa: “Los problemas con el juego de azar en el ámbito escolar: piezas clave para su prevención”

10:05: Lucas Gortazar, matematikaria: “El puzle de la repetición. Evidencia a partir del País Vasco”

10:40: Rocío García Carrión, hezkuntza psikologoa: “Impacto de la inmigración en el rendimiento escolar ”

11:15: Atsedena

11:50: Rocío Garrido-Martos, matematikaria: “Dimensión afectiva de las matemáticas: ¿excusa para bajar el ‘nivel’ u oportunidad para subirlo?”

12:25: Marta Ferrero, psikopedagogoa: “Jornada escolar continua o jornada partida? Algunos apuntes desde la investigación”

13:00: Mahai-ingurua