euskaraespañol

Sendoa Ballesteros Peña

Lehen sorospenetako prestakuntzarik ez duten herritarrak bihotz biriketako bizkortzea hasteko gai dira?

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle elkartua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/19

Irudia
Sendoa Ballesteros Peña. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Supermerkatuetan, aireportuetan eta bai metro, bai tren geltokietan “bizkortze zutabeak” ikustea gero eta ohikoagoa da. Zutabe horien barruan kanpo desfibriladore automatiko bat dago (edo KDA, laburtuta). Medikuntzako gailu bat da eta arritmia hilgarri bat automatikoki antzemateko eta deskarga elektriko bat emateko ahalmena du, bat-batean konortea galduta arnasarik gabe geratu den pertsona bati jarriz gero. Hau da, bihotz geldialdia izan duen pertsona bati jarriz gero.

Gainera, osasun langileak ez diren herritarrek larrialdi egoeretan KDAk erabili ahal izateko legeak egiten ari dira Espainiako gero eta autonomia erkidego gehiago.

Ospitaletik kanpoko bihotz geldialdiek duten hilkortasun handi-handia murrizteko estrategien parte dira neurri horiek. Espainian, urtero, 8.000 pertsona baino gehiago hiltzen dira kausa horren ondorioz. Baina bihotz-biriketako geldialdiaren prozesu patologikoa potentzialki itzulgarria da, berehala bihotz-birikak bizkortzeko neurriak ezarriz gero. Dena den, bide publikoan bihotz geldialdi bat dutenen biziraupena ez dago, bere horretan, kalean KDA kopurua handitzearen mende, gertaera baten lekuko zirkunstantzialek garaiz antzematearen mende baizik. Lehenbailehen larrialdi zerbitzuei ohartarazi eta kalitatezko bihotz-biriketako berpiztea hastearen mende dago arrakasta.

BBB eta KDA: horrela funtzionatzen dute

Oinarrizko bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) bularraren erdian etengabe konpresioak egitean datza. Bihotz masajea ondo egiten bada, bihotzaren funtzioa aldi batez ordezkatu eta horrela odol fluxua berrabiarazi daiteke. Konpresioak kalitate handikotzat jotzen dira, minutuko 100 eta 120 artean egiten badira, erritmo konstantean, toraxa 5 zentimetro hondoratuta eta konpresio bakoitzaren ondoren erabat zabaltzen uzten bazaio.

Lehen sorospenetako prestakuntzarik ez duten herritarrek bizkortzeko teknika erabiltzea errazteko, KDA gailuek ahozko eta ikusizko jarraibideak ematen dituzte, nola erabili erakusteko. Gainera, 112ko Emergentzien Zentroko operadoreek bizkortzailea telefonoz gidatu dezakete, anbulantzia iristen den arte. Baina, zenbateraino lortzen da jarraibide horiekin osasun langileak ez diren lekukoek kalitatezko BBB bat abiatzea?

Bihotz-biriketako bizkortzea egiteko gida

Zalantza hori argitzeko, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek egoera simulatuetan oinarritutako esperimentu bat zuzendu dugu. Lehen sorospenetako ezagutzarik ez zuten 42 boluntariori eskatu genien esperimentu horretan parte hartzeko. Indibidualki, partaide bakoitzak rol bat hartu zuen, bihotz geldialdi bat simulatu zen bi agertokietako baten barruan.

Lehenengo kasuan, partaideak KDA baten laguntza besterik ez zuen. Bigarrenean, horrez gain, Emergentzien Zentroaren telefono bidezko laguntza ere bazeukan. Errealismo handiko maniki batekin egin ziren bizkortzeak; teknikaren kalitatearen parametro guztiak erregistratzen zituen ordenagailu batera konektatuta zegoen maniki batekin.

Azterlan horretako emaitzak European Journal of Emergency Medicine aldizkarian argitaratu dira berriki. Lortutako informazioak adierazten duenez, emandako jarraibideek, bai telefono bidezkoek, bai KDA gailuetakoek, entrenamendurik ez duten pertsonei BBB bat abiatzea ahalbidetzen diete. Baina horren kalitatea ez da errekuperatzeko aukerak ahalik eta gehien izateko behar bestekoa.

Emaitzak ikusita, azterlaneko egileek osasun agintariek kontuan hartu beharko lituzketen gomendio batzuk eman ditugu.

Lehenik eta behin, herritarrak BBBaren arloan prestatzeko eta sentsibilizatzeko planak egin behar dira. Ekintza horiei esker, anbulantzia bat iristeko zain egon gabe pertsonek bizkortzeak egiteko konfiantza eta prestasuna izateko eta bizkortzea kalitatezkoa izateko aukera handituko litzateke.

Bigarrenik, legediek osasun-langileak ez diren pertsonek desfibriladoreak erabiltzeko arau malguagoak ezarri beharko lituzkete. KDA bat edukitzeak BBBa hastea bermatuko duela ematen du, baina, gaur egun, Espainiako autonomia erkidego askotan gailu horiek erabili ahal izateko akreditazio bat behar da. KDAk gailu seguruak eta intuitiboak dira eta, larrialdi egoera baten aurrean, edozein pertsonak horiek erabiltzeko beharrezko legezko babesa eduki beharko luke.

Eta, azkenik, Emergentzien Zentroetako operadoreen komunikazio gaitasuna garatzeari garrantzia eman behar zaio. Haien jarraibideen bidez, osasun baliabide bat iritsi arte edozein pertsona kalitatezko bizkortze bat egiteko gai izatea lortu behar da.

Komunikatzeko gaitasuna, dela makinena dela profesionalena, ezagutza zabaltzeko gaitasun huts bat baino gehiago da kasu honetan. Bihotz geldialdi bat duen pertsona bat bizirik ateratzea edo hiltzea baldintzatu dezake.

The Conversation