euskaraespañol

Leonard Cohen-en itzultzailea

Alberto Manzano: «Poeta ukitua behar da poeta bat itzultzeko»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/07

Alberto Manzano
Alberto Manzano. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

2016ko azaroaren 7an zendu zen Los Angeles hirian (Kalifornia) Leonard Cohen poeta, eleberrigile eta kantautore kanadarra. Duela aste batzuk, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeles eta Alemaniar Filologiako eta Itzulpengintza eta Interpretazioko Saileko TALIMA ITZULIK ikerketa taldeak antolatutako ekitaldi baten karietara Alberto Manzanoren bisita jaso genuen. Poeta, saiakeragilea, itzultzailea, musika ekoizlea... eta Cohenen adiskidea. Abagunea baliatu genuen artista kanadarraren obraren itzulpenez eta artistaz hitz egiteko.

 

Zer alde dago abesti edo poema bat itzultzearen eta bestelakoak itzultzearen artean?

Alde handia dago. Oso dimentsio desberdinak dira. Ez dute zerikusirik irakurtzeko diren itzulpenek eta abesteko diren jatorrizko testuen egokitzapenek. Asko dira baldintzak, eta oso garrantzitsuak; kontuan hartu behar da jatorrizko testuaren musikaltasuna, zaindu behar da metrika, zenbatu behar da bertso lerro bakoitzaren silaba kopurua, gogoan izan behar da bertso lerro bakoitzaren azken bokal azentuduna... eta horrek guztiak etorri naturala izan behar du. Jatorrizko testuaren bertsio berri bat sortu behar da, ezin da egin hitzez hitzezkoa. Irakurtzeko diren itzulpenetan, lizentzia poetiko asko erabiltzen ditut, eta Cohenez ikasi nuen hori. Esaterako, Lorcaren edota Kavafis-en poemen irakurtzeko bertsioak egin zituen, itzulpen aski askeak. Gauza bat ulertu nuen ‘Take This Waltz’ abestiaren testuaren itzulpenean (Federico García Lorcaren ‘Poeta en Nueva York’ liburuko “Pequeño vals vienés” poeman oinarrituta dago): ezin dira bi hizkuntzak aurrez aurre jarri, oso sotila izan beharra dago.

Poeta ukitua behar da poesia itzultzeko?

Bai, baiezkoan nago. Elementu oso garrantzitsua iruditzen zait; poeta ukitua behar da poeta bat itzultzeko, dohain hori behar da.

Zer-nola itzultzen da Cohen?

Esan bezala, irakurtzeko den itzulpen batean, hitzarekiko leialago izan zaitezke, esanahiarekiko beti, baina hitzarekiko, gehixeago. Ordea, nire kasuan, Cohenen obran espezializatu naizela eta obra oso ondo ezagutzen dudala, abesteko diren testu egokitzapenetan maiz jo behar izaten dut autore beraren beste poema edo abesti batzuetara, edo abestiaren arima bera duten beste metafora batzuetara. Ez dut nire burua traidoretzat, badagoelako antzekotasunik horretan guztian. Alabaina, batzuetan, estu ibiltzen zara egokitzapen lanetan, eta beste metafora batzuetara jo behar duzu, beste irudi batzuetara, diziplina zeharo muturrekoa da eta; silabak zenbatzea, metrika zaintzea, azentuak gordetzea... Egokitzapen lanari ekiten diodanean, abestiaren arima neureganatzen dut, baina baita egilearen obra osoa eta bizitza bera ere. Gainera, nire lanean, aitortu behar da, abantaila handia izan dut, lanean sortu zaidan edozein zalantza Coheni berari kontsultatu ahal izan diodalako. Horrek ez du bermatzen nire lana bikaina denik, baina, jakina, oso kontuan hartzekoa da egilearen babesa izatea, egokitzapen lanetan irudiekin-eta sor daitezkeen zalantzak argitzen lagun diezazukeenez.

Nola ezagutu zenuen Cohen?

1980ean ezagutu nuen Cohen. Eskuz, trakets antzean, abesti eta poema zenbait bildu nituen liburuxka batean, Bartzelonako Ramblatan saltzeko, edo kontzertuen irteeran, eta liburu denda batzuetan gordailuan uzteko. Liburuxka sorta hura eskutan joan nintzen bera ostatu hartuta zegoen hotelera, ‘Recent Songs’ diskoa aurkeztera Bartzelonara etorri zen hartan. Liburuxkak Cohenen logelara igotzerik bazuen galdetu nion harreragileari, eta, orduantxe bertan, eskaileretatik behera, nor eta Cohen bera. Hortaz, liburuak hartu, eta haren eskuetan jarri nituen. Esan zidan: “Zatoz bazkaltzera, Alberto”. Hala hasi zen gure adiskidetasuna. Bazkaltzera joan ginen, eta soinu probara, kontzertura gero, backstage-ra ere. Hurrengo egunerako jarri genuen zita, gosaltzeko. Galdetu zidan: “Egitekorik baduzu, Alberto?” Bat ere ez nuela erantzun nion. “Zergatik ez zatoz gurekin Tolosara (Okzitania), han dugu hurrengo kontzertua”, berak. Beraz, birako autobusera igo, eta hantxe joan nintzen beraiekin. Hilabete geroago Cohenen Greziako etxean nengoen, Hydra uhartean, Gabonak bere umeekin ospatzen. Adiskidetasun handi baten hasiera izan zen.

«Cohen, poeta denez abeslari baino lehenago, poetikotasunaren berme da»

Handia, baiki, bere biografoa bihurtu baitzinen. Nolakoa zen bera?

Leonard, musikan, artean eta poesian, maisua da. Cohen, poeta da abeslari baino lehenago; abesten hasterako, argitaratuta zuen bere obraren gehiena. Askotan aritzen gara abestien letretan elementu poetikoak aurkitu nahian, eta hauteman ditugula uste izaten dugu, egon badaude eta. Cohen, poeta denez abeslari baino lehenago, poetikotasunaren berme da. Ez zuen sekula bereizketarik egin poemagintzaren eta kantagintzaren artean; guztia da poesia, noski. Gertutik, pertsona oso umila izan zen, xumea, maitagarria, abegitsua; lagun eta kide guztiak asko zaindu gintuen. Berdin gisa hartzen zintuen, maila berean; bihotz handikoa zen.

Estatuko eta atzerriko artistek parte hartu zuten omenaldi diskoa ere ekoitzi zenuen.

Cohenen eta beste artista batzuen letrak egokitzea da dudan lanik eta gogokoena. Izan ere, Cohenen abestiez gain, beste batzuenak ere egokitu ditut. Musikaltasun bat hizkuntza batetik beste batera aldatzea, abeslari batek jatorrizkoaz bestelako hizkuntza batean interpretatu dezan, hori da nire pasioa, nire zaletasunik handiena. Aipatu omenaldia Enrique Morenterekin ‘Omega’ diskoan elkarlanean aritzetik sortu zen. Disko horretan, Enriquek Leonarden zenbait abesti kantatu zituen flamenkora ekarrita. Esparru zabalago batera eraman nahi izan nuen ekimena –Cohen bera oso flamenko zalea zen, baita Lorca zalea ere– eta beste elementu gure-gure batzuk sartu, sustraietakoak, musika mediterraneoa batik bat. Horregatik, flamenko kantaore ezagun batzuez gain, tartean, Enrique Morente, Maite Martín, Duquende, Son de la frontera, estatuko artista rockeroago batzuk sartu nahi izan nituen; esaterako, Santiago Auserón, Christina Rosenvinge, Jabier Muguruza eta Luis Eduardo Aute. Helburu horrekin ekoitzi nuen Leonarden omenaldia; ‘Acordes con Leonard Cohen’ zen izenburua.

Hiru urte dira zendu zela. Zer ekarri dio Cohenek kantagintzari?

Cohenek eta, nolabait ere, Dylanek genero bat sortu zuten: rock poetikoa; alegia, poesia abestua. Niretzat, Bob Dylanen eta Leonard Cohenen lehen lanak mugarri erabatekoak izan ziren. Artista asko eta asko, gehienbat espainiarrak, Leonard Cohenen ondorengo dira. Basektomia egin zuen arren, Cohenek haurrak izan ditu leku askotan, eta horietako batzuk hemen daude, gaur, goiz honetan, estatuan zehar. Itzal handia izan du; abeslari izan aurretik poeta izan zela jakinda, askok bera bezala izan nahi zuten. Hor dago Aute, hor dago Sabina, bere esanetan, Cohen zale porrokatua; bata zein bestea poesia liburuen egile dira. Belaunaldi batera baino gehiagotara hedatu den eragin handi horren isla da hori. Bere legatua betierekoa da, halaxe frogatu zuen urtetan monasterio budista batean erretiratuta egon ostean itzuli zenean. Oholtzara itzuli den bakoitzean, entzule gazteak guztia emanda egon izan dira, baita bere obraren zale aspalditik garenak eta jada urtetan sartzen hasita gaudenak ere. Etengabe ari dira sortzen Leonarden arima duten lili berriak.

«Etengabe ari dira sortzen Leonarden arima duten lili berriak»

Osasun pattala gorabehera, azkenera arte egon zen lanean.

Leonard urte luzez egon zen diskorik grabatu gabe. 1992an ‘The Future’ atera zuenetik 2001 arte monasterio budista batean erretiratuta egon zen, eta, ondoren, maisu hindu baten irakaspenak jasotzera joan zen. Jokoz kanpo egon zen. Oholtzara itzuli behar izan zuen, alabaina, managerrak iruzur egin, eta bost milioi dolar lapurtu zizkiolako. Baina ez zen horregatik bakarrik itzuli oholtzara; izan ere, sekulako beldur eszenikoa izaten zuen. Kontzertuak bukatu, eta lasterka ateratzen zen, deabrua segika balu bezala; abestera ateratzeko, ardo botila batzuk edan behar izaten zituen. Ez zion lanari utzi, ordea, ez monasterioan, ez maisu hinduistarekin ikasi bitartean, eta poesia idazten jarraitu zuen, eta abestiak konposatzen. Etengabeko bilakaeran murgilduta zegoen pertsona eta artista zen. Azken lanetan, maisu hinduistarekin egindako zen meditazioko ikasketa horien guztien ondoren, izaki iluminatu bat ageri da. Norbera izateari utzi dion izaki bat, guztiarekin, kosmosarekin, jainkotasunarekin bat egin duena. Azken lanak, erabateko maisu lanak dira alde horretatik, jakintza eta sakontasun harrigarrikoak dira eta. Ia inor iritsi ez den lurretara heltzen da. Cohenek beti izan zuen horretarako deiera, baina esperientzia horien ondoren, guztia sutan zegoen lekura joan zen. Beti izan zen apokalipsia iragartzera zetorren profeta biblikoa. Horren erakusle ere badira azken lan horiek. Lan eskerga egindakoa da gizon hori, ez du berdinik; maisu bikaina, jakintsua, mistikoa.

Gainera, belaunaldi batera baino gehiagotara hedatu zen bere itzala. Horren adibide da ‘You Want It Darker’ azken diskoak izan zuen arrakasta.

Zalantza asko zituen berak, oso gaixorik zegoen. Gaixotasunaren erruz, ohean mugitu ezinik egon behar zuen, immobilizatuta, eta hau esan zidan: “Alberto, ezin izango dut amaitu disko honen grabaketa, oso gaizki sentitzen naiz”. Cohenen hurbileko guztiek bagenekien azken egunak zirela haiek, laster zela azken hatsa ematekoa. Adam semeak, ordea, diskoa ekoizten lagundu zion, asko lagundu ere, eta, azkenean, diskoa grabatu ahal izan zuen. Egunen batean rockari eta heriotzari buruzko liburu bat egingo dut, zehazki, bereak egin zuela jakin, eta testamentu disko bat grabatu zuten artista handi horiei buruzkoa. Cohenen disko guztiek emaitza onak izan dituzte Espainian eta Europan, oro har, Estatu Batuetan baino hobeak. Esango nuke hemen Estatu Batuetan baino zertxobait gehiago zaintzen dela kultura; han, guztia doa bizkor, guztia da iheskor, ia guztia da erabili eta botatzeko. Europan, Coheni buruzko iritzia beti izan da aldekoa, kultura ekarpen bikainarengatik.

Zer esango zenieke arlo horretan lan egin dezaketen etorkizuneko unibertsitate ikasleei?

Egin dezatela lan, gogotik egin ere, poesiaren arloan; itzulpengintzak oso diziplinatua izatea behar duela, bokazio handia izatea. Lan oso nekeza da, baina saria, zoragarria. Egile bat ezagutzeko, haren obran murgiltzea da biderik onena, terminoz termino aztertzea, hitzez hitz, bertso lerroz bertso lerro eta ahapaldiz ahapaldi. Egilearen eta obraren ezagutzan sakontzea da erarik onena egile hori egiaz eta bere osoan ezagutzeko. Ez dago egile bat ezagutzeko modu hoberik, nire iritzian, hura itzultzea baino.