euskaraespañol

‘Mina edo pikantea? Pikante edo mina?’, Ane Ibargoyen ikaslearen filmak irabazi du On Zientzia lehiaketa

Ilustrazio Zientifikoa Etengabeko Prestakuntzako Masterreko ikasleak euskarazko bideo onenaren saria irabazi du film laburren sariketa batean, ETB1en eta ETB2n ikusiko dena

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/23

Irudia

Ane Ibargoyenek, UPV/EHUn emandako Ilustrazio Zientifikoa Etengabeko Prestakuntzako Masterreko ikasleak, 2.000 € irabazi ditu euskarazko bideo onenaren 13. On Zientzia lehiaketan. Guztira 80 lan aurkeztu ziren. Mina edo pikantea? Pikante edo mina? film laburrak ilustrazioa eta dibulgazioa nahasten ditu, modu labur baina deigarrian azaltzeko pikantea ez dela zapore bat, min-sentsazio bat baizik. Izan ere, bere euskarazko izenak hala adierazten du "mina zaporea".

Mina edo pikantea Pikante edo mina from ON ZIENTZIA on Vimeo.

Bere anaia txikiak lagundu zion gai originala aukeratzen Ane Ibargoyeni: “20 urte ditu eta Matematika eta Informatika ikasten ari da. Berak proposatu zidan kapsaizinaz hitz egitea, elikagai batzuen pikantea eragiten duen molekulaz, hain zuzen”.

Diruaz gain, saritutako bideoak Teknopolis saioan ikusi ahal izango dira, ekainaren 24an 13:30ean ETB1en eta ekainaren 25ean, 13:30ean, ETB2n. “Bertigo pixka bat ematen du nire bideoa zenbat jendek ikusiko duen pentsatzeak, baina pozgarria ere bada. Gustatzea espero dut”, dio.

“Ez nuen espero”

Sarituetako bat izateak harritu egin du Ibargoyen: “Ez nuen espero, jende asko aurkeztu zelako eta maila handiko lanak zeudelako. Hala ere, badirudi nire bideoa gogokoa izan zutela eta ezarritako xedeak lortu nituela”, azaldu du. Zientzia gai bati buruzko mezu bat jendeari modu erraz eta eraginkorrean helaraztea eta kontzeptu zientifikoak edozein audientzia motak ulertzeko moduan azal daitezkeela frogatzea ziren helburuak, besteak beste. Hori lortu du, kontuan hartzen badugu epaimahaiak, bere pieza ikusi ondoren, “lan estetiko erraza, baina ikusleengana iristen dena eguneroko gai bat modu argian azaltzea lortzen duena” dela azpimarratzen duela.

Ilustrazio Zientifikoa Etengabeko Prestakuntzako Masterra egitea oso garrantzitsua izan da berarentzat, arkitektoa baita, eta, bere garaian, diziplina hori ikastea edo arteari ekitea erabaki behar izan zuen. Lehenengoa aukeratu zuen, baina orain bi gauzak egin ahal izatea espero du, arkitekto lanari masterrean ikasitakoa gehitu diezaiokeelako. “Uste dut ez diodala nire bi grinei uko egin behar, bat egin eta biekin bizimodua atera baizik”. Bai, masterrak erakutsi dion gauzetako bat izan da Ane Ibargoyenek pasio gisa sentitzen zuena lanerako aukera bat izan daitekeela. Eta horrek egiten du zoriontsu.